mujer trabajando en el puerto
Itzuli

BERDINTASUNA LANEAN 

Berdintasun Legeak berdintasun-planak funtsezko tresnatzat hartzen ditu emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna enpresetan txertatzeko, eta zenbait enpresa plan horiek egitera eta ezartzera behartu ere egiten ditu. Zehazki, 250 langile baino gehiago dituzten enpresak, hitzarmen kolektibo propiorik ez dutenak, baina hitzarmen sektorialak horretara behartzen dituenak. Halaber, Lan Ikuskaritzak zehatutako enpresak behartuta daude plan horiek ezartzera, Berdintasun Legearen arabera. 

Berdintasun-planetan laneko arriskuen prebentzioa txertatzea: justizia- eta efikazia-kontua. Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Institutu Nazionalaren txosten teknikoa – 2025 

Laneko arriskuen prebentzioa berdintasun-planetan integratzea 

Laneko arriskuen prebentzioa (LAP) eta genero-berdintasuna historikoki paraleloan joan dira erakundeen barruan. Nolanahi ere, duela gutxiko legediak nahitaez bateratzeko bide eman du. 901/2020 Errege Dekretuak, berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituenak, berariaz ezartzen du genero-ikuspegia duen prebentzioa txertatzeko betebeharra plan horien diagnostikoan eta neurrietan. Integrazio hori ez da betekizun formal hutsa: funtsezko aurrerapena da lan-ingurune bidezkoagoak, seguruagoak eta osasungarriagoak lortzeko. 

Laneko arriskuen prebentzioa berdintasun-planetan integratzea 2025 azterlanak enpresak arau-eskakizun hori nola aplikatzen ari diren aztertzen du. Horretarako, REGCONen erregistratutako 60 berdintasun-plan berrikusi ziren, eta lan-osasuna genero-ikuspegitik zenbateraino txertatu den ebaluatu zen. Emaitzek argi-itzalak dituzte: planen % 67k lan-osasuna diagnostikoan sartzen badituzte ere, eta % 77k negoziatutako gaietan lantzen badituzte ere, soilik % 26k garatzen dituzte haurdunalditik, edoskitzetik edo jazarpenetik harago doazen neurri zehatzak. 

Horrek nabarmentzen du, legezko aitorpena gorabehera, laneko arriskuen prebentzioa partzialki tratatzen dela oraindik ere plan gehienetan. Emakume haurduna babestea soilik ardatz duten ikuspegiek irauten dute, egiturazko beste desberdinkeria batzuei heldu gabe, hala nola segregazio okupazionalari, presentzia bikoitzari, kontziliazio erantzukideari edo genero-roletatik eratorritako arrisku psikosozialei. 

LAPean genero-ikuspegia txertatzeak berarekin dakar lan-baldintzak, antolaketa eta arriskuen ebaluazioa birpentsatzea, emakumeen eta gizonen arteko benetako desberdintasunak kontuan hartuta. Hau da, faktore biologikoak, sozialak eta kulturalak kontuan hartzen dituzten prebentzio-neurriak diseinatzea dakar, eta laneko osasunari eta segurtasunari bereizita nola eragiten dioten aztertzea. 

Horrela bakarrik bete ahal izango da Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorrerako 3/2007 Lege Organikoaren mamia: ekitatea eta laneko segurtasuna ez izatea bi arlo bereizi, enpresa-politika arduratsu bakarraren bi alde baizik. 

Lotutako berriak