Itzuli

LEKUALDATUTAKO LANGILEAK / MISIO BATEAN DAUDENAK: GERTAKARI GUZTIAK EZ DIRA LANEKO ISTRIPUAK

Auzitegi Gorena: Irizpide baten arabera langilea misioan dagoen bitartean beti dago lan egiten eta lantokian, zerbitzu-prestaziotik kanpoko denbora, atseden hartzekoa edo jarduera pribatu edo pertsonaletarako denbora kontuan hartu gabe. Bada, irizpide hori ezin da egokitzat jo.

Auzitegi Gorenak EAEANren iritzia zuzendu du 2017ko otsailaren 7ko Epaiaren bidez, eta epaitegi horren erabakia atzera bota du. Bertan, laneko istripu bezala aitortu zen lekualdatutako langile baten heriotza, hotelean atseden hartzen ari zenean, zera ulertu zuelako: «gertakaria misioko laneko istripu bat izan zen, kontuan hartuta bere ohiko ingurunetik kanpo egoteagatik eta laneko presioagatik ez zuela osasun-laguntzarik eskatu eta hotelean geratu zela, lanegunaren hasieran zituen sintomei eta horien bilakaerari jaramonik egin gabe».

Gertakariak langilea beste lankide batzuekin bere ohiko lan-zentrotik kanpoko herri batean zegoenean jazo ziren. Egun hartan ez zen gosaltzera joan eta logelara joan zitzaion lankideari esan zion ez zela ondo sentitzen eta gelan geratuko zela. Geroago logelan aurkitu zuten hilda, eta heriotzaren kausa biriketako edema akutua eta fibrilazio aurikularra izan zela ebatzi zen, arrisku-faktoreak zituen pertsona baten kasuan (kolesterol altua, obesitatea, tabakismoa, etab…).

Auzitegi Gorenak 2007ko martxoaren 6an emandako Epaiko irizpideari eutsi dio (gero 2009ko urriaren 8an eta 2013ko irailaren 16an berretsia):

«Misioko istripuaren ideia laneko istripuaren modalitate jakin bezala onartu da Sala honen doktrinan. Bertan, langilea lekualdatu egiten da enpresak agindutako jarduera bat egiteko. Misioak, beraz, langileak emandako zerbitzu-prestazioarekin lotutako bi elementu hartzen ditu barnean: 1- Misioa betetzeko lekualdaketa eta 2- Misioaren xede den lana egitea. Lekualdaketak in itinere istripuen antzerako babesa dauka, lekualdaketa lesiorako ezinbestekoa izan daitekeen neurrian babesten delarik. 1988ko abenduaren 26ko Epaian landu zen kasuan, esate baterako, langile batek ezin izan zuen behar bezalako osasun-arreta jaso hegaldi batean asma-atake bat izan ondoren, eta horrek bihotz-gutxiegitasuna eragin zuen. Hortaz, lekualdaketarik izan ez balitz, ez zatekeen kaltea ekarri zuen emaitza gertatuko. Misioko lana egitean jazotako istripuei dagokienez, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 115.1 artikuluko araubide normala aplikatzen zaie. Alabaina, misioan gertatzen den orok ez du ezinbesteko loturarik lanarekin, lekualdaketa ez bada edo lan-jarduera gauzatzea ez bada. Horrela, 1983ko otsailaren 10eko Epaian ez zen lan-istriputzat jo misioan Nigerian zen langile baten heriotza; igandez hil zen, atseden-egunean, Badagryko hondartzan bainatu eta gero itota. Era berean, 1986ko martxoaren 17ko eta 1986ko uztailaren 19ko Epaiek ez zituzten lan-istriputzat jo miokardio-infartuaren ondorioz hildako langile batzuen heriotza, hotelean atseden hartzen ari zirenean hil zirelako eta ez zelako harremanik aurkitu egiten ari ziren lanaren eta izandako bihotzeko lesioaren artean.

 

Bestelako irakurketa bat egiten da beste epai batzuetan (esaterako, 1988ko apirilaren 14koa edo 1998ko maiatzaren 4koa), baina ebatzitako kasuetako inguruabar bereziak direla eta: lehen kasuan –bilera batean parte hartzen ari zen zuzendari batek izandako infartua–, bihotzekoa bera, misioarekin ez baina “estres handiko” lan-egoerarekin lotu zelako; eta bigarrenean lesioa langileak gidatu beharreko ibilgailuan gertatu zelako, atseden hartzen ari zenean eta lankide bat gidatzen ari zenean. Irizpide baten arabera langilea misioan dagoen bitartean beti dago lan egiten eta lantokian, zerbitzu-prestaziotik kanpoko denbora, atseden hartzekoa edo jarduera pribatu edo pertsonaletarako denbora kontuan hartu gabe. Azaldutako doktrinaren arabera, irizpide hori ezin da egokitzat jo».

Eta aztertu egiten du zer den lan-denbora, zer lanerako prest egoteko denbora eta zer atsedenerako denbora:

«2002/15/EE Zuzentarauak lan-denbora, lanerako prest egoteko denbora eta atsedenerako denbora bereizten ditu. Lehenengoan, langilea lantokian dago, enpresariaren aginduetara, ohiko lanak egiten, funtzio osagarriak betetzen edo zamalanetako itxaronaldietan. Lanerako prest egoteko denboran, langilea ez dago lantokian, baina prest dago lana hasi edo berrabiarazteko jaso litezkeen aginduei erantzuteko.

Lanerako prest egoteko denbora hori “etenaldi edo atseden-denborari” kontrajartzen zaio, definizioz. Aztertutako kasuan lesioa atseden-denboran gertatu da; atseden hori, lan-motaren baldintzen ondorioz, langilearen ohiko eremu pribatutik kanpo egiten da, baina ez da lan-denborarekin nahasten, horrek dituen askotariko definizioei dagokienez eta, ondorioz, ez dago jasota Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 115.3 artikuluko presuntzioan; presuntzio horren oinarria lantokian eta lan-garaian gertatutako lesioa lan-jarduerarekin lotuta egoteko probabilitatearen estimazioa da, eta hori, jakina, ezin da gertatu langilea, lan-orduetatik kanpo, hotelean atseden hartzen ari denean».

Amaitzeko, zera dio Auzitegiak: krisi kardiakoa hoteleko gelan dagoenean izan du, atseden-orduetan, ondoezik esnatu zen egun batean, eta lanera joan ez zela. Hortaz, Auzitegiak ebazten du «ezin esan daitekeela in itinere istripu bat izan denik, presuntzioaren arabera ez delako laneko istripurik izan, ez delako frogatu egindako lanaren eta heriotza eragin duen gaixotasunaren artean loturarik dagoela edo gaixotasunaren kausa egindako lana izan zela».

 

 

Susana Castaños del Molino. Mutualiako Aholkularitza Juridikoko eta Betetze Korporatiboko zuzendaria

Lotutako berriak