Babes gehiago bideko erabiltzaile zaurgarrientzat
2026ko urriaren 1etik aurrera indarrean egongo da 518/2026 Errege Dekretua, zeinaren bidez aldatuko den Zirkulazio Erregelamendu Orokorra (1428/2003 Errege Dekretua), helburu argi batekin: bideko erabiltzaile zaurgarrienak babestea —oinezkoak, txirrindulariak eta patineteak zein motorrak erabiltzen dituztenak— eta arauak egokitzea mugikortasuna seguruagoa eta jasangarriagoa izan dadin.
1. Motoziklistak eta ziklomotorrak (gidaria eta bidaiaria)
- Bide mota edozein dela ere, nahitaez erabili behar dira oinetako itxiak.
- Hiriarteko bideetan nahitaez erabili behar dira babes-eskularruak (Ministro Agindu Teknikoa argitaratu bitartean, egungo eskularruak erabil daitezke).
- Nahitaezkoa da kaskoa homologatuta izatea (ez da nahikoa ziurtatuta egotea).
- Txaleko islatzailea (riders) beti profesionalki erabili behar da.
- Berrikuntza: auto-ilarak badaude, eskuineko bazterbidetik gida daiteke, 30 km/h-ko abiaduran eta soilik seinaleztatuta badago.
Puntu horietako edozein ez betetzea arau-hauste larria da: 200 €.
2. Txirrindulariak:
- Hiriarteko bideetan kaskoa erabiltzea nahitaezkoa izango da: egungo salbuespenak kenduko dira.
- Erabilera profesionala: beti erabili behar dira kaskoa eta txaleko islatzailea.
- Hiriarteko bide batean txirrindulari bat aurreratzean, autoek abiadura murriztu beharko dute, zehazki, abiadura-muga baino 20 km/h mantsoago igaro beharko da; ,1,5 m-ko tartea utzi beharko dute, eta, errei bat baino gehiago baleude, beste erraira igaro beharko dute.
- Hirian: txirrindularia, ahal dela, erraiaren erditik ibili behar da; ibilgailuek 5 m-ko tartea utzi behar dute aurretik duen txirrindularitik.
3. Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak (patineteak eta MPI)
- Horiek gidatzeko gutxieneko adina: 15 urte.
- Kaskoa eramatea beti da nahitaezkoa, baita argiak piztea ere.
- Gaua bada edo ez bada ondo ikusten, elementu islatzaileak nahitaez erabili behar dira.
- Debekatuta dago espaloietatik ibiltzea; herritik at, bideetatik edo bidegorrietatik soilik ibil daiteke.
- Erabilera profesionala: beti erabili behar dira kaskoa eta txaleko islatzailea.
Hori ez betetzea arau-hauste larria da: 200 €.
4. Segurtasun-uhala
- Nahitaezkoa da bidaiari guztientzat, salbuespenik gabe. Arau horrek barne hartzen ditu: taxiak, merkantzia-ibilgailuak eta autoeskolak.
- Salbuespen bakarra: larrialdi-zerbitzu batean pazientearen bidaiari-lekuan doazen anbulantzi asistentzialetako bidaiariak.
5. Larrialdietarako erreia eta elurrarekin gidatzea
- Auto-ilaretan, ibilgailuak bi aldeetara joan behar dira, eta erdian korridore bat utzi behar dute libre larrialdietako ibilgailuak pasatzeko.
- Autobide eta autobiak, elurra ari badu: debekatuta dago aurreratzea, eta libre utzi behar da ezkerreko erreia, elurra kentzeko makina pasatzeko edo larrialdietarako.

6. Semaforoak oinezkoen pasabideetan
- Semaforoetako ibilgailuen aldizkako argi horiak ezingo du kointziditu oinezkoen argi berdearekin, bidegurutzean oinezkoak harrapatzea saihesteko.
7. Eskolarako bide seguruak
- Lehenengoz, bide egokituak arautu dira haurrak ikastetxera joan daitezen oinez, garraio publikoan edo ibilgailu ez-motordunetan.
8. Autokarabanak
- Autokarabana uztean, ezin dira elementuak jarri ibilgailuaren perimetrotik at.
- Autokarabanek euskarri izan ditzakete pneumatikoak, altxagarriak edo falkak; ezin dira fluidoak isuri.
9. 30 km/h-ra mugatutako errei bateko kaleak
- Seinaleztatuta badaude, bizikletak eta MPIak bi zentzuetan ibili ahalko dira.

Berrikuntza horiek guztiei eragiten digute: auto bat, motor bat edo patinete bat gidatzen dugunoi, bizikletan ibiltzen garenoi, edo, besterik gabe, oinezkoentzako pasagune batetik igarotzen garenoi. Horiek aurretiaz jakitea da —urriaren 1a baino lehen— horietara egokitzeko modurik hoberena, izurik sortu gabe eta zehapenik jaso gabe, baina, batez ere, bideetan elkar zaintzeko modurik hoberena da.
Errespetatu, partekatu eta babesa eman: denok gara bideen erabiltzaileak.
Iturriak:
– Barne Ministerioa/Trafiko Zuzendaritza Nagusia (DGT): «Interior actualiza el Reglamento General de Circulación para mejorar la protección de los usuarios vulnerables de la vía» prentsa-oharra, 2026ko ekainaren 23a (www.dgt.es).
– Zirkulazio Erregelamendu Orokorra aldatzeko Errege Dekretua, ministro-kontseiluak 2026ko ekainaren 23an onetsia (Estatuko Aldizkari Ofiziala).
– «Actualización del Reglamento General de Circulación» infografia, Cnae Editorial.
