epaia
Itzuli

Mutualex Epaia 2018ko Uztaila

Auzitegi Goreneko Lan-arloko Salaren 2018ko otsailaren 13ko epaia (266/2016ren kasazio-errekurtsoa) – ordaindutako baimenak zenbatzeko hasiera-eguna

epaia
Hitzarmen kolektibo guztietan, ordaindutako baimenei buruzko kapitulu bat jasotzen da, hainbat arrazoiren harira (jaiotza, ezkontza, familiartekoen heriotza, etab.). Helburu jakin baterako baimenak dira, langile onuradunari denbora librea emateko eginkizuna baitute, baimenok sortzen dituen gertakaria gertatu orduko, libratzeak soldataren diru-sarrerak murriztu gabe. Aldi berean, denbora mugatukoak dira, berariaz xedatzen baita zenbat egun iraungo duten.
Hemen azaldutako epaiak argitu egiten du halako baimenak zenbatzen noiz hasi beharko diren zalantza, horrela noiz bukatzen diren ezartzeko, baimenok sortzen dituen gertakaria lan-arloan baliogabea den egun batean gertatzen denean.
Epai honek ezeztatu egiten du 2016ko uztailaren 13an Auzitegi Nazionalaren Lan-arloko Salak Lanaren Konfederakunde Nagusiak aurkezturiko gatazka kolektiboko auzi batean emandakoa, honako aurrekari hauek abiapuntu harturik:

  • Contact Centerren sektorerako estatuko hitzarmen kolektiboko 28.1 artikuluan ezkontzagatik, seme-alaben jaiotzagatik edo lehen edo bigarren graduko ahaideen heriotzagatik ematen diren ordaindutako baimenak arautzen dira. Kasu bakoitzeko baimen-egunak zehazten dira, baimen horiek egun naturalen araberakoak direla ezarririk (egun baliodunak izan zein egun baliogabeak izan).
  • Kasazio-errekurtsoan aurkezturiko arazoak helburutzat du baimen-egun horien hasiera-eguna zeinek izan behar duen ebaztea; izan ere, errekurtsogilearen uzia da ezkontzagatik, seme-alaben jaiotzagatik edo familiartekoen heriotzagatik hartzen diren baimenak has daitezen baimenaren arrazoi den gertakariaren ondoko lehen lanegunean, gertakari hori lanik gabeko egun batean gertatzen denean.
  • Auzitegi Nazionalaren epaiak uzi hori ukatu zuen.

Auzitegi Gorenaren Lan-arloko Salak planteatutako uzi hori onartzen du, halako baimen horiek “ordaindutako baimen” gisa ezaugarritzen direlako. Kalifikazio horretatik ondorioztatzen du baimen horiek ematen direla lanegunetan erabiltzeko, jaiegunetan ez baita halakorik eskatu behar, ez baita lanik egiten; hori, era berean, azterturiko artikuluan lehen paragrafoak berretsiko luke, honako hau baitio: “Langileek… lanera ez joateko aukera izango dute, lansaria jasotzeko eskubidearekin…“, ez joate horrek, hitzez hitzezko testuaren arabera, eraginik ez duela jaiegunean gertatzen denean.
Horretaz gainera, Langileen Estatutuko 37.3 artikulua aipatzen du salak bere iritzia berresteko; hain zuzen ere, artikulu horretan, asteko atsedenaldia, jaiegunak eta baimenak arautzean, honako hau xedatzen da: “lanera ez joateko baimena har dezake langileak, lansaria jasotzeko eskubidea duela“… banan-banan ematen dituen kasuetan, aztertutako hitzarmeneko artikuluan jasotakoekin bat etorrita eta baimena lanegunetan lanera ez joateko ematen dela nabarmentzen den modu batean, jaiegunetan ez baita beharrezkoa.

Dena dela, epaiak nabarmentzen du kasu bakoitzean aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboak arautzen dituela ordaindutako baimenak hartzeko baldintzak, Langileen Estatutuko 37.3 artikuluan hobetzekotan, eta kasu bakoitzean hasiera-eguna eta iraupena ezarri ahalko dituela. Baina hitzarmeneko xedapenean mota horretako baimena definitzen baldin badu –lansaria kobratzeko eskubidearekin– lanera ez joateko eskubidetzat, baimen horien hasiera-eguna ezin da izan jaiegun bat edo egun baliogabe bat, baimena hartzeko eskubidea ematen duen gertakaria gertatu den egunaren ondoko lehen laneguna baizik.

Beste arazo bat da baimen-egunen zenbaketa, behin baimen hori hasita, hor egun baliogabeak kontuan hartu egiten baitira, baimena egun naturalen arabera hartzen direla berariaz ezarrita dago eta.

Epaiaren irizpidea ez da, orain arte, geroagoko beste epai batzuetan erabili; hala, bada, ez da oraindik jurisprudentziaren zati, baina badu aukera etorkizunean halakotzat ezartzeko, ez baita hitzarmeneko artikulu jakin baten interpretazioan bakarrik oinarritzen, Langileen Estatutuetako aplikazio orokorreko artikulu baten interpretazioan baizik.

Epaia PDF formatuan (gaztelaniaz)

IÑAKI ESNAL
Mutualiako Aholkularitza Juridikoa
Uztaila 2018

Lotutako berriak

Webgune honek cookiak erabiltzen ditu informazioa biltzeko, gure zerbitzuak hobetzeko eta zure arakatze ohiturak aztertzeko.

Nabigatzen jarraitzen baduzu, beraren instalazioa onartzea dakar.

OK