epaia
Itzuli

Mutualex epaia 2019ko otsaila

LANEKO ISTRIPUAGATIKO KOTIZAZIOA GIZARTE SEGURANTZARI, OKUPAZIO EFEKTIBOAREN EDO ENPRESA JARDUERAREN ARABERA (CNAE)?

epaia

Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salako 2018-12-5eko epaiak 6211/2017 kasazio-errekurtsoa ebatzi du, eta aipatutako gaia aztertu du.

Prozedura honen jatorrian TRANSPORTES ARNIELLA, S.A. garraio-enpresaren bidegabeko sarrerak itzultzeko eskaria dago, 298.562,52 eurokoa. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiko (GSDN) Kantabriako Zuzendaritza Probintzialak atzera bota zuen eskari hori.

Kantabriako Justizia Auzitegi Nagusiak onetsi egin zuen enpresak sustatutako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, eta ezgai aitortu zuen errekurtsoa aurkeztutako ebazpena, baita enpresa horrek adierazitako kopuruak jasotzeko eskubidea ere.

GSDNk kasazio-errekurtsoa sustatu zuen interes objektibo bidez jurisprudentzia eratzeko, eta 2018-12-5eko epaian aintzat hartu zen, zeinak berresten dituen Diruzaintzako hasierako ebazpenak eta eskatutako itzulera ukatu.

Prozedura honetan planteatzen den gaia da, 2016ko Estatuko Aurrekontu Orokorren urriaren 29ko 48/2015 Legeko zortzigarren azken xedapenak 2007ko Estatuko Aurrekontu Orokorren abenduaren 28ko 42/2006 Legeko laugarren azken xedapeneko bigarren ataleko hirugarren araua erreformatu aurretik zegokien CNAE I kodeko I. koadroan sartuta egon eta II. koadroko zereginak egiten dituzten langileekiko enpresek (kasu honetan, 3,5 tonatik gorako edukierako merkantzia-garraioko ibilgailuen gidariek) kontingentzia profesionalagatik eta lan-istripuengatik II. koadroari zegokion tipoan kotizatu behar zuten ala 1. koadroko tarifa erabili behar zuten, enpresaren jarduera nagusiaren ondorioz.

Auztiegi Gorenak bere epaian azterketa xehatua egiten du, ez soilik aipatutako Aurrekontu Legeenak, baizik eta kotizazioari buruzko Gizarte Segurantzaren oinarrizko araudiarena ere bai, Gizarte Segurantzako Lege Orokorraren Testu Bategina onartzen duen urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuan, 19, 107 eta 108. artikuluetan jasotzen dena, eta ondorioztatzen du laneko istripuen eta gaixotasun profesionalen kotizazioak ez duela soilik kontuan hartzen enpresaren jarduera, baizik eta okupazio jakina edo soldatapeko langilearen lana ere bai, kotizazio-motak banaketa-sistemaren ondoriozko finantza-eskakizunei erantzuten baitie; beraz, kalkulatzerakoan, kontuan izaten dira Gizarte Segurantzak finantzatu beharreko aurreikus daitezkeen prestazioak.

Horren guztiaren ondorioz, Auzitegi Gorenak ulertzen du arrazoizkoa dela arrisku profesionala zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa izatea enpresariaren kotizazio tipoa ere; hala nahi izan du legegileak, langilea babestu ahal izateko egiten duen jardueraren balizko arriskuaren arabera.

Auzitegi Gorenaren iritziz, legegilearen asmoa hori izan da beti, nahiz eta idazkera hobetu zitekeen, eta ezartzen du, bai 2016ko urtarrilaren aurretik, bai idazketa berriaren ondoren, langilea II. koadroko okupazio edo egoeraren batean badago, koadro horretako kotizazio tipoa ezartzen dela, eta ez I. koadrokoa, enpresaren jarduerari dagokiona.

Legegileak kontuan izan du lanpostuaren berezitasuna enpresaren jarduerarekiko, legezko oinarrizko arauetan eta arauzko garapenean laneko istripuengatik eta gaixotasun profesionalengatik kotizatzeko, Auzitegi Gorenak esaten duen bezala, eta ez da aldatu Gizarte Segurantzako arauen xedea; beraz, interpretazio teleologikoaren arabera, besteren kontura arrisku handiagoko lan bat egiten bada, Gizarte Segurantzan gehiago kotizatu beharra dago, laneko istripuen ondoriozko prestazioak artatzeko; hala ezarri da legerian, 2015eko urrian izandako aldaketa baino lehenagotik.

Beraz, kasu zehatza ebatziz eta doktrina zuzena ezarriz, adierazi du TANSPORTES ARNIELLA, S.A.k bereziki eta, oro har, CNAEko 494 kodean sartutako edozein enpresak, hau da, errepide bidezko garraiokoak eta mudantzen zerbitzuetakoek, I. koadroan egon eta langileek II. koadroko zereginak betetzen badituzte (kasu honetan, 3,5 tonatik gorako edukiera duten merkantzien garraio-ibilgailuen gidariak), toperik altuenean kotizatu behar dutela (II. koadroari dagokion 6.70 tarifa, eta ez I. koadroari dagokion 3,70 tarifa).

Hitzez hitzeko interpretazioak absurdora eramango luke eta langilea inolako babesik gabe utziko luke laneko istripuena eta gaixotasunena bezalako arlo sentiberan honetan, eta kontuan izan behar da, gainera, gaitasun profesional handiagoa eskatzen zaiela 3,5 tona edo gehiagoko merkantzien garraio-gidariei, hau da, tonarik gehien erabiltzen dutenei, eta garraioei buruzko araudiak berak bereizten ditu profesional batzuk eta besteak, eta, horren ondorioz, garraio-enpresa bateko kotizazio-sistemak, irizpide orokorrari erantzuteaz gain, karga-bolumenaren ondoriozko berariazkoari ere erantzuten dio.

Epai honekin eta apaia aipatzen den 2018-10-26ko aurrekariarekin, 468 1/2017 errekurtsoan aipatua, gure iritziz, benetako okupazioaren edo enpresa-jardueraren araberako kotizazioari buruzko eztabaida erabakita geratzen da, eta adierazten dugu CNAEren jarduera hartuko dela beti kontuan enpresaren jarduera kokatzeko, baina bertako langile batzuen lana ere kontuan izango dela, beren jardueraren ondorioz legegileak kotizazio bereziren bat aurreikusi duen kasuetan.

Raquel Martínez

Mutualiako Aholkularitza Juridikoa

Otsaila 2019

Lotutako berriak

Webgune honek cookiak erabiltzen ditu informazioa biltzeko, gure zerbitzuak hobetzeko eta zure arakatze ohiturak aztertzeko.

Nabigatzen jarraitzen baduzu, beraren instalazioa onartzea dakar.

OK