2019/01/23
LAN-UTZIALDIKO BAIMENAK-EGUN NATURALEN EDO EGUN BALIODUNEN KONTAKETA
Auzitegi Gorenaren Lan-arloko Salaren ordaindutako baimenen kontaketaren hasierari buruzko 2018ko otsailaren 13ko Ebazpenaren (266/2016 kasazio helegitea) jarraipen gisa, Mutualexen 2018ko ekaineko zenbakian argitaratua, orain Auzitegi Gorenaren harrezkeroko hainbat ebazpeni buruzko komentario hau argitaratzen dugu. Auzitegi Gorenaren ebazpen horiek agerian uzten dute irizpide desberdinak aplikatzen ari direla, nahasketa dakartenak, eta etorkizunari begirako irizpide bat ezartzen du, bi baimen motak bereizita: luzeak (ezkontza), zeinean egun guztiak kontatzen diren, egun naturalen epe bat izanik; eta laburrak (gaixotasuna), zeinean egun baliodunak kontatzen diren eta lehen egunak balioduna izan behar duen, baimen horien helburua aintzat hartuta, zeina eginbideak egitea den, egun baliogabe batean nekez egiteko modukoak.
Horrek bi baimen motak bereizten dituen irizpide bat sendotzea dakar, eta norabide desberdinetako ebazpenek sortutako nahasketa argitzen du; era berean, irizpide berriarekin doktrina batzen da, mota bateko edo besteko baimena den aintzat hartuta aplikatu behar den tratamendua ezarrita.
Hain zuzen ere, lan-utzialdiko baimenen kontaketa egun naturalak edo lan baliodunak aintzat hartuta egin behar ote den piztutako polemikaren aurrean, Auzitegi Nazionalak gai horri buruzko hainbat ebazpen eman ditu, kontua argituz eta ezarriz noiz kontatu behar diren egun naturalen arabera eta noiz egun baliodunen arabera.
Horrela, ezarri du ezkontzagatiko baimenak eragiten duen gertakaritik aurrerako egun natural guztiak kontatzen dituela; baimen laburrak, aldiz, jaiotzei, heriotzei, ospitaleratzeei, ebakuntza kirurgikoei eta istripuei dagozkienak, egun baliodunetan gozatzen dira.
Hala adierazten du 2018-06-13ko bere ebazpenean (98/2018 ebazpena, Txostengilea: RICARDO BODAS MARTIN), zeinaren hirugarren Zuzenbidezko Oinarrien 4. eta 5. paragrafoetan gaia zentratzen den, honako hau adieraziz:
“Arauaren ondorengo irakurketa soilak ahalbidetzen digu bereizketa egitea baimen luzeen eta baimen laburren artean; lehenengoen adibide da ezkontza, zeinak hamabost egun naturaleko lan-utzialdi ordaindurako eskubidea ematen duen; bigarrenei, zehazki seme edo alabaren jaiotzarengatik edo odolkidetasuneko edo kidetasuneko bigarren mailara arteko ahaideen heriotzarengatik, istripu edo gaixotasun larriarengatik, ospitaleratzearengatik edo etxean atsedenaldia hartzera behartzen duen ospitaleratze beharrik gabeko ebakuntza kirurgikoarengatik emandakoei, bi eguneko baimena aitortzen zaie, lau egunera zabaltzeko aukerarekin, lekualdatzea beharrezkoa denean, eta horietan jada ez da erabiltzen natural adjektiboa, zeinak derrigorrez egun baliodunak eta baliogabeak hartzen dituen barruan, urteko oporretan gertatzen den bezala, zeinak LEren 38.1 artikuluak arautzen dituen.
LEren 37.3 artikuluak ez du zehazten noiz eguneratzen den baimenen gozamena, ezta noiz hasi behar den gozatzen baimena ere, eragile den gertakaria langilearentzat laneguna ez den egun batean gertatzen denean, baina argi dago eragile den gertakariarekin lotu behar dela, hori baita mota honetako baimenek duten xedea, horiek, oporrak ez bezala, geroago ezin gozatuzkoak baitira.
Horretan oinarrituta, gai honi dagokionez doktrina batzeko irizpidetzat honako hau adierazten du laugarren Zuzenbidezko Oinarrien 15.etik 19.era bitarteko paragrafoetan:
“Bada, Salaren iritziz, egun naturalen eta hurrenez hurren baimen luzeetarako eta laburretarako aitortutako egunen arteko bereizketa legezko eta konbentzionala garrantzi juridiko handikoa da, eta agerian uzten du, gure ustez, legegileak eta hitzarmenaren negoziatzaileek tratamendu desberdina eman nahi izan diotela bi mota horietako baimenei. – Hori horrela da, egun naturalak aipatzeak nahitaez eskatzen baitu horien kontaketan lanegunak diren egunak eta lanegunak ez direnak sartzea, LHren 5.2 artikuluak xedatutakoaren arabera, urteko oporren kasuan gertatzen den bezala, horietan ere 39 egun natural aitortzen baitira hitzarmenaren 41. artikuluan.
Uste dugu, aitzitik, iraupen laburreko baimenetarako aurreikusitako egunen aipamena lanegun gisa interpretatu behar dela nahitaez, legegilearen edo hitzarmenaren negoziatzaileen asmoa bi baimenak parekatzea izan baldin balitz, egun naturalek adjektiboa ere erabiliko baitzuketen.
Interpretazio hori bateragarria da, gure ustez, mota bateko eta besteko baimenek dituzten xedeekin. – Izan ere, logikoa da baimen luzeetan, oporretan bezala, egun naturalen aldeko hautua egitea, baimenaren garaian egokitzen diren lanegun ez diren egun guztiak sartuta logikoki, arrazoizkoa izanik, bestalde, hura eragin duen gertakaritik aurrera aktibatzea baimena, eta ez lehendabiziko lanegunetik, baimen hauek egun naturalei baitagozkie eta ez lanegunei, hala nahi izan duelako legegileak eta hitzarmenaren negoziatzaileek ez dutelako erregulazio hori hobetu, arazorik gabe egin bazezaketen ere.
Hala ez balitz, baimena lehendabiziko lanegunean aktibatuko balitz, baimenek hain zuzen ere lana uztea dakartelako, ondorioztatu beharko litzateke baimeneko hamabost egunak lanegunei egokitu beharko zitzaizkiela, eta horrek aurrez aurre egingo luke talka egun naturalak ematearekin, LEren 31.1 artikuluan eta aplikatzeko hitzarmenaren 37, a artikuluan aurreikusi bezala.
Logikoa da, aitzitik, epe laburretarako aurreikusitako baimeneko egunak lanegunak izatea, baimenaren xedea aurreikusitako hipotesiek sor ditzaketen gertakizunei arreta ematea baita, eta hori ezin izango da egin eskuarki egun baliogabeetan, arrazoizkoa izanik, horrenbestez, orokorrean eragile den gertakariaren ondorengo lehen egun baliodunean aktibatzea.”
Horregatik, baimena eragile den gertakariarekin eta luze edo labur izatearekin lotuta, ezkontzagatiko baimen kasuetako baimen ordainduek, 15 egun naturaleko iraupenekoak, eskatzen dute gozatzeko lehen eguna eragile den gertakariarena izatea (ezkontzaren ospakizuna), lanegunak zein lanegun ez direnak kontatuz; seme edo alaba baten jaiotzarengatiko zein ahaideen gaixotasun larriarengatiko edo heriotzarengatiko baimenetan, berriz, 2 eguneko iraupenekoak (3, ezkontidearen, gurasoetako baten, amaginarreba edo aitaginarrebaren, seme-alaba baten edo neba-arreba baten heriotzaren kasuetan), egun naturalak diren edo ez adierazi gabe uzteak inplikatzen du lehendabiziko eguna laneguna ez badin bada, egun hori lehendabiziko lanegunera iragatea, baimenaren xedea egoera horretan sor daitezkeen gertakizunei erantzutea baita, eta horiek ezin izango dira eskuarki egun baliogabeetan kudeatu.
Irizpide hori berretsi egin du geroko ebazpen batzuetan, hala nola 2018-06-15ekoa (100/2018 ebazpena, Txostengilea: RAMON GALLO LLANOS), zeinean adierazten duen ordaindutako baimenak (istripua, gaixotasun larria, ospitaleratzea) gozatzeko lehendabiziko egunak eragile den gertakariaz geroztiko lehen egun balioduna izan behar duela nahitaez, eta, horrenbestez, pentsaezinezkoa dela ordaindutako baimena, egun libreak gozatzen ari den bitartean.
Zentzu berean, 2018-06-20ko (104/2018 ebazpena, Txostengilea: RICARDO BODAS MARTIN), 2018-06-20ko (105/2018 ebazpena, Txostengilea: RICARDO BODAS MARTIN) eta 2018-06-28ko (115/2018 ebazpena, Txostengilea: RAMON GALLO LLANOS) ebazpenetan adierazten du ezkontzagatiko ez diren baimen ordainduak gozatzen dituzten langileek eskubidea dutela eragile den gertakariaz geroztiko lehendabiziko egun baliodunetik gozatzeko, ez litzatekeelako logikoa izango baimen bat gozatzea lanik egiten ez denean, eta legeak bereizi egiten dituelako egun naturalak ekontzaren kasuan eta egunak gainerakoetan, haien xedeen arabera.
Pedro Fraile
Mutualiako Aholkularitza Juridikoa
Urtarrila 2019