Itzuli

MUTUALEX EPAIA 2021eko apirila

epai judiziala

BIDEGABEKO KALERATZEA – BERRIZ HARTZEKO EZINTASUNA ENPRESA ETETEAGATIK – IZAPIDE-ALDIKO SOLDATA

Langileen Estatutuaren 52. artikuluaren arabera, kaleratzea bidegabetzat jotzen denean, kontratua bete ez duen enpresaburuak bi aukera ditu: kaleratua berriz hartu edo kalte-ordaina ordaindu, zerbitzuan emandako urte bakoitzeko 33 egunen baliokide dena, gehienez ere 24 hilekotan. Kalte-ordaina emateko aukerak lan-kontratua azkentzea dakar, eta azkentze hori bat dator benetako lan-uztearen egunarekin. Hortaz, kalte-ordaina ematea aukeratuz gero, kalte-ordainaz gain, ez da soldatarik ordaindu behar, zerbitzuak emateari benetan utzi ondoko aldiengatik. Aitzitik, langilea berriz hartu eta bere lanpostuan jartzeko aukerak kalte-ordain bat ordaintzetik salbuesten badu ere, izapide-soldatak ordaintzeko betebeharra dakar berekin enpresarentzat, hain zuzen, kaleratze-dataren eta bidegabea dela adierazten duen epai judizialaren jakinarazpenaren artekoak, salbu eta lehenago langileak beste enplegu bat aurkitu badu; kasu horretan, enplegu horren hasiera-datara artekoa izango da.

Artikulu hori Gizarte Segurantza arautzen duen Legearen –GJAL– 110. artikuluarekin bat etorriz interpretatu behar da; horren arabera, kaleratzeari buruzko epaiketan bertan, enpresaburuak aurreratu ahal izango du bidegabea deklaratuz gero baliatuko duen aukera, eta, aldi berean, fase horretan ikusten bada epaitegiak ezin duela berriz onartu, azkenean bidegabea dela deklaratzeko erabakia hartzen bada, kalte-ordaina emateko aukera baliatu dela ulertuko da, eta lan-harremana azkendutzat joko da.

GJALren 110. artikuluaren interpretazioari dagokionez, zalantza hau planteatzen zen: kasu horietan, epaiketa egiten zen unean, langilearekin zerikusirik ez zuten arrazoiengatik, langilea berriz hartzea ezinezkoa bazen, konpentsazioko kalte-ordainaz gain, izapidetze-aldiko soldatak ere ordaindu behar ote ziren. Kaleratzearen ondoren eta bidegabeko deklarazio judizialaren aurretik enpresa ixtea edo enpresa-jarduera etetea da kasua eragiten duen inguruabar komuna.

Horri buruzko erabaki kontraesankorrak zeuden: batzuk izapidetze-aldiko soldatak ordaintzeko betebeharrik ez izatearen aldekoak ziren, aukera egingarri bakarra kalte-ordaina ematea baita; eta beste batzuek, berriz, epaiak ebatzi arte soldatak ordaintzea posible izango zela uste zuten. Auzitegi Gorenak ebatzi du auzia, duela gutxi, 2021eko otsailaren 17ko epaian, eta izapidetze-aldiko soldatak ordaintzea bidezkoa dela erabaki du.

Auzitegi Gorena suposizio batetik abiatzen da: ostalaritzako langile bat kaleratzen da, eta, gainera, zor uzten zaizkio hartu gabeko oporrei dagozkien soldatak. Bidegabekeriari buruzko epaiketa egiten den unean, enpresa itxita dago eta ez du inolako lan-jarduerarik. Auzialdiko epaitegiak baietsi egingo du demanda, eta, bidegabeko kaleratzeaz gain, lan-harremana azkendu dela deklaratuko du, enpresa itxita dagoenez, langilea berriz hartzea ezinezkoa delako. Epaiak aitortzen du langileak eskubidea duela kalte-ordaina jasotzeko eta ordaintzeke dauden oporren ordainketa jasotzeko, baina ez, ordea, izapide-aldiko soldatak jasotzeko, ordainketa hori ez baita berariaz aurreikusten aipatutako GJALren 110. artikuluan. Justizia Auzitegi Nagusiak epaia berretsi ondoren, langilea doktrina bateratzeko kasazioan joan da Auzitegi Gorenera, eta horrek bere uzia hartuko du arrazoibide honetan oinarrituta.

Auzitegi Gorenak onartzen du, GJALren 110.1.b) artikulua zorrotz eta hitzez hitz interpretatuz gero, uler daitekeela ez dela bidezkoa izapidetze-aldiko soldatetara kondenatzea, aipatutako manuan ez dagoelako berariaz aurreikusita kondena hori, baina, aitzitik, adierazten du itxurazko omisio hori ez dela halakoa, manua beste batzuekin bat etorriz interpretatu behar delako, hala nola Langileen Estatutuaren 56.3 artikuluarekin eta GJALren 278.etik 286.era bitarteko artikuluekin. Zehazki, GJALren 286.1 artikuluak hau adierazten du, kaleratzeari buruzko epai irmoak betearazteari dagokionez: “Aurreko artikuluetan xedatutakoari kalterik egin gabe, enpresa eten edo itxi behar izateagatik edo ezintasun material edo legaleko beste edozein arrazoirengatik langilea berriz onartzea ezinezkoa dela egiaztatzen bada, epaileak autoa emango du, eta, bertan, lan-harremana azkendutzat joko du ebazpen horren egunean, eta langileari kalte-ordainak eta 281. artikuluaren 2. paragrafoan adierazitako jaso gabeko soldatak ordaintzea erabakiko du.” Bere ustez, langileari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik langilea berriz hartzeko aukerarik ez dagoen kasu berezi horietan, betearazte-faseko lege-aurreikuspenean jasotzen bada izapidetze-aldiko soldatak ordaintzea, horretatik ondorioztatu behar da, prozesu-ekonomia dela-eta, kondena hori betearazi beharreko epaian bertan gertatu behar dela, behin epaitegiak langilea berriz hartzea ezinezkoa dela egiaztatu ondoren. Kontrako interpretazio bat eginez gero, eskubide hobekoak izango lirateke, lan-harremana berriz hartzeko ezintasunagatik, berariaz azkentzeko deklarazioa beren demandan eskatzen ez duten langileak, eta, gero, epaia betearazteko fasean ezintasun hori egiaztatu ondoren, zilegi ez den azkentzearen konpentsaziozko kalte-ordaina ez ezik, bitartean jaso gabeko soldatak ere eskuratuko lituzketenak.

Iñaki Esnal

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

Lotutako berriak

Webgune honek cookiak erabiltzen ditu informazioa biltzeko, gure zerbitzuak hobetzeko eta zure arakatze ohiturak aztertzeko.

Nabigatzen jarraitzen baduzu, beraren instalazioa onartzea dakar.

OK