Itzuli

MUTUALEX EPAIA 2021EKO IRAILA

LANGILE AUTONOMOEN KUOTEK PRESKRIBATZEAK AUKERA EMATEN AL DU ERRETIRO-PRESTAZIOA JASOTZEKO, ORDAINKETAK EGUNEAN DAUDELA IRIZTEAREN ONDORIOZ?

Auzitegi Gorenaren ekainaren 2ko 594/2021 epaiaren azterketa (5036/2018 zk.ko errekurtsoa)

Epaitu beharreko egitateetan, langile autonomo batek erretiroa hartzeko duen eskubidea aztertu da, ordaindu gabeko kotizazioak izanda eta ordainketa egiteko esan zaiola, abuztuaren 20ko 2539/1970 Errege Dekretuaren 28.2 artikuluak ezartzen duen eran.

Egitatezko kasua LAABean izena emandako langile bati buruzkoa da. Langile horrek erretiroa eskatu zuen, eta erakunde kudeatzaileak ukatu egin zion, kotizazioen ordainketak egunean ez dituela iritzita. Langileak 2017ko uztailaren 10ean eskatu zuen erretiro-prestazioa; une hartan, zorra zuen ordaindu gabeko kotizazio-kuotak zirela-eta, 2008ko urritik 2013ko ekainera arteko epeari zegozkionak.

Egoera horretan, auzigai bikoitza sortu zen: batetik, ea langileak eskubidea duen prestazioa jasotzeko, kotizazioen ordainketak egunean eduki gabe, eta, bestetik, eta ordainketak egunean daudela iritziz gero, ea preskribatutako eta ordaindu gabeko kotizazioak egun kotizatutzat jo daitezkeen, langileari legokiokeen pentsio-portzentajea finkatzeko orduan.

Lan-arloko epaitegiak langileak jarritako demanda ezetsi zuen, eta erretiro-prestazioaren eskariaz absolbitu zituen GSIN eta GSDN. Langileak erregutze-errekurtsoa aurkeztu zuen, eta Madrilgo Justizia Auzitegi Gorenak ezetsi egin zuen.

Ezespen horri erantzunez, langileak kasazio-errekurtsoa aurkeztu zuen, eta kontraste-epai gisa eman zuen Kanariar Uharteetako Justizia Auzitegi Gorenak (Las Palmasko egoitza) 2014ko otsailaren 3an emandakoa (750/2012 DBKE). Kasu hartan, hemen epaitutakoan bezala, langileak ordaindu gabeko kuotak zituen erretiro-prestazioa eskatu zuen datan, eta orduko hartan epaitegiak ulertu zuen garrantzitsuena zela ea gertaera eragilearen datan ordaindu gabeko kuotak preskribatuta zeuden ala ez. Hala, kontraste-epaiaren kasuan, langileak altaren antzeko egoeran zegoela eskatu zuenez erretiro-prestazioa, gertakari eragilearen data, preskribatzeari dagokionez, prestazioaren eskariarena da; ondorioz, eta data horretan lau urte baino gehiago igaroak zirenetik ordaindu gabeko azken kuotatik, epaitegiak ulertu zuen langileak egunean zituela ordainketak.

Hori dela-eta, planteatutako lehen gaia da nola interpretatu behar den Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 47.1 artikuluak ezarritakoa, abuztuaren 20ko 2530/1970 Dekretuaren 28.2 artikuluarekin lotuta; dekretu horrek arautzen du Gizarte Segurantzako autonomoen edo bere konturako langileen Erregimen Berezia.

Auzitegi Gorenak ondorioztatu zuen LAABean prestazioa jasotzeko eskubidea izateko, langileak, ezinbestean, egunean eduki behar duela une horretan eska dakizkiokeen kuoten ordainketa, eta, hortaz, eta auzitegira eramandako kasu honetan bezala, ordaindu gabeko kuotak preskribatuta badaude gertakari eragilearen datan (GSLOren 24. artikuluarekin bat eginez), eta inguruabar horren ondorioz ez badago kuota horiek eskatzerik LAABean erretiro-prestazioa izateko eskubidearen ondorioetarako, eskatutako prestazioa eman egin behar dela.

Bigarrenik, auzitegiak iritzia eman zuen beste gai batez: kontuan hartu behar ote diren preskribatuta dauden eta, horrenbestez, eskatu ezin daitezkeen kuotak, eskatutako erretiro-pentsioaren ondorioetarako kotizatutako aldiak kalkulatzean. Eta ondorioztatu zuen kontu bat dela ezin eskatzea, eta beste bat, oso bestelakoa, horiek ordaindutzat ematea; izan ere, gizarte-segurantzaren kontribuzio-betebeharrak preskribatzeak eskubidea ematen dio onuradunari kuota horiek eska ez dakizkion, baina ez dio ematen ordaindutzat jotzearen onura. Horregatik, egitatearen kasuan, gutxitu egingo da prestazioaren zenbatekoa, kotizatutako denbora laburragoa delakoan, ordaindu gabeko kuotei dagokien aldia ez baita kotizatutzat jotzen.

Jesus M. Vicente Cuadrado

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

Lotutako berriak

Webgune honek cookiak erabiltzen ditu informazioa biltzeko, gure zerbitzuak hobetzeko eta zure arakatze ohiturak aztertzeko.

Nabigatzen jarraitzen baduzu, beraren instalazioa onartzea dakar.

OK