Itzuli

MUTUALEX EPAIA 2021EKO MAIATZA

epai judiziala
Epai Judiziala

LAN-SUSTRAITZEA: Auzitegi Gorenak doktrina bateratu du lan-sustraitzea egiaztatzeko bitartekoei dagokienez, martxoaren 25eko 452/2021 epaian.

Abiapuntutzat hartuta lan-sustraitzearen eta berau frogatzeko bideen definizioa, zeina 557/2011 EDaren 124.1 tituluan jasota dagoen, planteatzen eta ondorioztatzen den auzia da ea, lan-sustraitzearekin zerikusia duten ezohiko inguruabarrengatik aldi baterako bizileku-baimena lortzeko, nahitaezkoa den ala ez lan-harremana eta haren iraupena egiaztatzeko era bakarra apirilaren 20ko 557/11 EDaren 12.1 artikuluan, bigarren paragrafoan, ezarritako frogabideak izatea; dekretu hori Espainian dauden atzerritarren eskubideei, askatasunei eta gizarteratzeari buruzkoa da.

Artikulu horrek ezartzen duenez, lan-sustraitzeagatik bizileku-baimen bat emateko honako baldintzak bete behar dira:

  1. Lan-sustraitzeagatiko baimena eskuratu ahal izango dute Espainian gutxienez bi urtez jarraian egon izana egiaztatzen duten atzerritarrek, betiere, aurrekari penalik ez badute ez Espainian, ez beren jatorriko lurraldean, ez azken bost urteetan bizi izan diren herrialdean edo herrialdeetan ere, eta frogatzen badute sei hilabetetik beherakoak ez diren lan-harremanak dituztela.

 

Lan-harremana eta haren iraupena egiaztatzeko, interesdunak hura aitortzen duen ebazpen judiziala aurkeztu beharko du, edo hura egiaztatzen duen Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren ebazpen administratiboa, arau-hausteko akta berrestekoa.

Aztertu beharreko adibide zehatza Marokoko herritar batena da. Almerían dagoen Gobernuaren Ordezkariordetzak ezetsi egin du hark egindako bizileku-baimenaren eskaria, lan-sustraitzearekin zerikusia duten ezohiko inguruabarretan oinarritua. Inguruabar horiek urtarrilaren 11ko 4/2000 LOaren 31.3 artikuluaren eta 557/2011 EDaren 124.1 artikuluaren babesean aurkeztu dira; baimena Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak berretsi zuen, eta Salak baliogabetu.

Auzia da ea administrazioa eta epaitegiak behartuta dauden sustraitzearen froga bakar modura lan-harremana egiaztatzen duen ebazpen judizial bat edo Lan Ikuskatzailetzaren ebazpen bat onartzera, edo, aldiz, beste frogabide batzuk dauden.

Erantzuna bigarren aukera da. Goi Auzitegiak dio araua hitzez hitz aplikatzeak diskriminazio argia ezarriko lukeela; alde batetik, lan-harremana egon badagoela frogatzeko, hau da, harreman klandestino edo ezkutuak legeztatzeko edo azaleratzeko, auzitegietara edo Lan Ikuskatzailetzara jotzeko beharra dutenen, eta, bestetik, entitate horietara jo beharrik gabe bestelako frogabide baliodunen bitartez egiazta ditzaketenen, hots, lan-harreman normaldua dutenen artean.

Auzitegi Gorenak doktrina bateratu du, eta baliozkotzat eman du lan-sustraitzea egiaztatu ahal izatea zuzenbidean baliozkoa den edozein frogabideren bitartez, barne hartuta lan-bizitzako ziurtagiriak, zeinek dagoeneko indarrean ez dagoen aurreko bizileku-baimen baten ondoriozko lan-harreman bat egiaztatzen duten.

Irtenbide hori aurrez azaldua zuen Auzitegi Gorenak, 782/2007 epaian. Horretan, ulertu zuen aipatutako artikuluak ez zuela murrizten lan-harremana froga dezaketen bestelako frogabideak erabiltzeko aukera, eta irizpide horri eutsi dio Herriaren Defendatzaileak, azaldutakoaren antzeko kasuetan.

Maria Urizar

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

Lotutako berriak

Webgune honek cookiak erabiltzen ditu informazioa biltzeko, gure zerbitzuak hobetzeko eta zure arakatze ohiturak aztertzeko.

Nabigatzen jarraitzen baduzu, beraren instalazioa onartzea dakar.

OK