Itzuli

MUTUALEX EPAIA 2021EKO MARTXOA

epai judiziala

Auzitegi Gorenaren epaia, Lan-arloko Salarena, 2021-02-3koa, 998/2018 doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa (DBKE) ebazten duena. Epaia Ignacio García-Perrote Escartín jaunak eman du. 

Jarraian jorratuko dugun epaiak aztertzen du ea enpresaburuak langileari idatziz jakinarazi behar ote dion 2 urte baino lehen hobera egin duelako (48.2. art.) berrikusiko ez den ezintasun iraunkor osoaren ondoriozko lan-kontratuaren amaiera (Langileen Estatutuaren 49.1 e) artikulua), eta idatzizko jakinarazpen hori ez egitea bidegabeko kaleratzea ote den. 

Ustezko kasua hauxe da: etxeko laguntzaile gisa lan egiten duen langile bati bere ohiko lanbiderako ezintasun iraunkor osoa aitortzen zaio Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren (GSIN) ebazpen bidez (jakinarazpen-data: 2017-01-20), eta ez da aurreikusten 2 urte bete aurretik lanpostura itzultzea ahalbidetuko lukeen hobekuntzaren ondoriozko ezintasun-egoera berrikusiko denik. 

Enpresak baja eman zion langileari Gizarte Segurantzan, 2017-01-18tik aurrerako ondorioekin. 

Langileak enpresari salaketa jarri zion, esanez idatzizko jakinarazpenik gabe Gizarte Segurantzan baja ematea bidegabeko kaleratzea zela. 

Dagokion Lan-arloko Epaitegiak demanda gaitzetsi zuen, baina langileak erregutze-errekurtsoa jarri zuen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan-arloko Salaren 2017-10-31ko epaiak baietsi egin zuen. Epai horren arabera, enpresaburuak idatziz jakinarazi behar dio langileari kontratua iraungitzeko erabakia; hortaz, kaleratzea bidegabetzat jo behar da, ez baitira betetzen Langileen Estatutuaren 55. artikuluaren formak. Epai horren aurka, enplegatzaileak kasazio-errekurtsoa aurkeztu zuen Auzitegi Gorenean. 

Auzitegi Gorenak, duela gutxi emandako epaian, doktrina bateratu du, eta adierazi du Langileen Estatutuaren 49.1 e) artikuluan jasotako lan-kontratua ezintasun iraunkor osoagatik iraungitzea, 2 urte bete baino lehen hobera egin duelako berrikusiko ez dena, lan-kontratua iraungitzeko legezko arrazoi bat dela: ez da beharrezkoa enpresaburuak langileari idatziz jakinaraztea, eta, beraz, idatzizko jakinarazpen hori ez egitea ez da bidegabeko kaleratzea. 

Era berean, Auzitegi Gorenak nabarmendu du, 1300/1995 Errege Dekretuaren 6.4 artikuluaren arabera, ezintasuna aitortzen duten GSINko probintzia-zuzendarien ebazpenak berehala betearaztekoak dira; hortaz, errekurtsoa jartzeko aukera alde batera utzita, ondorio guztiak zabaltzen ditu, hala nola lan-harremana iraungitzea. 

Horrez gain, adierazi behar da indarreko legeriak ez diola enpresaburuari ezartzen langileari jakinarazteko betekizun formalik, ezintasun iraunkorragatik kontratua iraungitzen bada, Langileen Estatutuaren 49.1 e) artikuluan ezarritakoaren babesean. 

Ondorioz, doktrina zuzena da ulertzea legez ez dagoela ezarrita inolako formalitaterik lan-kontratua ezintasun iraunkor osoagatik iraungitzeko, eta, ondorioz, ezin zaizkiola eskatu legez diziplinazko kaleratzeari eskatzen zaizkion formak, indarrean dagoen legeriak ez duelako horrela xedatu. 

Raquel Martínez. 

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua 

Lotutako berriak

Webgune honek cookiak erabiltzen ditu informazioa biltzeko, gure zerbitzuak hobetzeko eta zure arakatze ohiturak aztertzeko.

Nabigatzen jarraitzen baduzu, beraren instalazioa onartzea dakar.

OK