sentencia
Itzuli

MutuaLex – Epaia 2021eko urria

KALERATZE KOLEKTIBOA. Konstituzio Auzitegiaren 140/2021 Epaia, 2021/07/12koa

Konstituzio Auzitegiak onartu egin du Auzitegi Gorenaren Lan Arloko Salaren uztailaren 2ko 699/2018 epaiaren aurka (2250-2016 DBKE) zenbait langilek jarritako 5508-2018 zenbakiko babes eskeko errekurtsoa.

Honako aurrekari hauek ditu oinarri errekurtsoak: 2013ko uztailaren 29an, babes eskatzaileek, beste hirugarren batzuekin batera, bidegabeko kaleratzeagatiko demanda aurkeztu zuten, bai eta zenbateko bat erreklamatu ere enplegatzailearen eta beste demandatu batzuen aurka. Besteak beste, demandatzaileek alegatu zuten kontratuak arrazoi objektiboengatik azkentzea enplegu-erregulazioko espediente baten (EEE) ondorio izan zela, eta, adostasunez amaitu bazen ere, haren sorburu izan ziren antolamendu- eta ekoizpen-arrazoiak «faltsuak direla eta ez direla inondik inora gertatzen».

  • Madrilgo Lan Arloko 24. Epaitegiak 2015eko martxoaren 31n emandako 120/2015 epaiak onartu egin zuen kaleratze kolektiboa eragin zuten ekoizpen- eta antolaketa-arrazoiak auzipetzeko aukera, baina ebazpena eman zuen, eta atzera bota zuen demandatzaileen nahia, ez baitzen egiaztatu engainua, iruzurra, doloa, hertsapena eta eskubide-abusua egon zirenik.
  • Ebatzitakoarekin bat ez zetozela-eta, babes-eskatzaileek erregutze-errekurtsoa aurkeztu zuten, eta alegatu zuten ezen, nahiz eta instantziako organo judizialak onartu kontsulta-aldian lortutako akordioak ez duela inolako presuntziorik ematen kaleratzea justifikatzen duten kausak gertatu izanari buruz, epaian negoziazioan iruzurra edo engainua egon izanari buruz baino ez dela argudiatzen, baina ez dira aztertzen EEEaren kausak, ezta benetan gertatu diren ala ez ere.

Errekurtsoa atzera bota zuen Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salaren Bosgarren Sekzioak 2016ko apirilaren 25ean emandako 263/2016 epaiak. Zuzenbideko hirugarren oinarrian azaltzen duenez, “EEEa akordioarekin amaitu bazen, ezin da zalantzan jarri hitzarmenaren eduki itundua; izan ere, enpresaren jarduna ez ezik, langileen ordezkarien jarduera ere zalantzan jartzea izango litzateke hori, ordezkarien egintzek ordezkatuen eremu juridikoan duten eraginaren printzipio orokorrari kontra eginez. EEEa akordiorik gabe amaitzen bada, eta aurkaratze kolektiborik ez badago, orduan du zentzua langileak prozeduraren egintza bakoitza zalantzan jartzeak Langileen Estatutuaren 51.2 artikuluaren eremuan, baina ez da hala gertatzen”.

  • Ebazpenaren aurka, doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa jarri zuten demandatzaileek Auzitegi Gorenaren aurrean. Lan Arloko Salak 699/2018 epaia eman zuen uztailaren 2an, eta, horren bidez, atzera bota zuen jarritako errekurtsoa, oinarri juridiko zehatz batean oinarrituta; epai horretan, ukatu egin zuen eraginpeko langileek sustatutako banakako prozesuetan zalantzan jartzeko aukera kaleratzea eragin zuten arrazoiak gertatu eta justifikatu izana, enpresaren eta langileen ordezkaritzaren artean aldez aurretik akordioa lortu bazen.

Epai horrek 5 magistratu disidentek batera emandako boto partikular bat du, enpresaren eta langileen ordezkarien artean lortutako itunari eman behar zaion irismenari dagokionez, enpresaren kaleratze kolektiboaren erabakia justifikatzen duen arrazoia egiaztatzeari dagokionez, baldin eta kontsulta-aldia adostasunarekin amaitu bada, eta edozein arrazoi dela medio, horretarako legitimazioa duten subjektuek ez badute aurkaratu, GJLko 124.1 eta 3 artikuluek baimentzen dutenaren arabera. Gehiengoaren iritziaren aurka, boto hori eman duten magistratuek uste dute egokia dela kaleratzeagatiko banakako prozeduretan aztertzea kaleratze kolektiboaren bidezkotasunaren oinarri diren kausak ote dauden, nahiz eta kaleratze hori akordioarekin amaitu. Hori dela eta, errekurtsoa onartu behar zela, errekurritutako epaia kasatu behar zela eta jarduketak jatorrizko Justizia Auzitegi Nagusiari itzuli behar zitzaizkiola diote, organo horrek erregutze-errekurtsoa ebaztean alderdi horri buruzko erabakia har zezan.

  • Konstituzio Auzitegian aurkeztu duten babes eskeko demandan, errekurtsogileek alegatu dute, lehenik eta behin, urratu egin dela Konstituzioaren 24.1 artikuluak aitortzen duen babesgabetasunik gabeko benetako babes judiziala izateko oinarrizko eskubidea, ezin direlako banakako prozedura batean eztabaidatu kaleratzeak eragin zituzten arrazoiak, aurkaratu gabeko erabaki bidez amaitu zen espediente kolektibo batean. Berdintasunerako eskubidea urratu izana ere alegatu zuten (EKren 14. artikulua), EKren 24. artikuluari dagokionez.

Fiskalak babesa ematea eskatu zuen babesgabetasunik gabeko benetako babes judizialerako eskubidea urratzeagatik.

Konstituzio Auzitegiak errekurtsoa onartu du, eta ikuspegi konstituzionaletik aztertu du gaia, eta, zehatzago, babesgabetasunik gabeko benetako babes judizialerako eskubideari dagokionez (EKren 24.1 artikulua); bada, Auzitegi Gorenak duen irizpidearen aurka, honako hau adierazi du: langileen ordezkariek enpresaren erabakia araudi prozesalean aurreikusitako prozedura kolektiboaren bidez aurkaratu ez duten kasuetan (GJLko 124. art.), organo judizialak kaleratzeagatiko banakako prozeduretan erabaki dezake neurri kolektiboa justifikatzeko argudiatutako kausak gertatzen diren ala ez, enpresaren eta langileen ordezkaritzaren artean aldez aurreko akordioa lortu bada ere.

Ondorioz, errekurtsogileen babesgabetasunik gabeko benetako babes judizialerako oinarrizko eskubidea urratzen duela adierazi du, eta haiek beren eskubidean berrezartzeko agindu du, Auzitegi Gorenak eta Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaien deuseztasuna deklaratuz eta erregutze-errekurtsoaren jarduketak erregutze-errekurtsoari amaiera ematen dion epaia eman aurreko unera arte atzera eramatea aginduz, organo judizialak errespetuz joka dezan urratutako oinarrizko eskubidearekin, eta, ondorioz, aipatutako errekurtsoan errekurtsogileek planteatu zuten kaleratze kolektiboa justifikatzen duten arrazoiak ez egiaztatzeari buruzko arrazoiaren funtsari buruz ebatz dezan.

Cristina Cearra


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

Lotutako berriak

Webgune honek cookiak erabiltzen ditu informazioa biltzeko, gure zerbitzuak hobetzeko eta zure arakatze ohiturak aztertzeko.

Nabigatzen jarraitzen baduzu, beraren instalazioa onartzea dakar.

OK