SENTENCIA-2022-MUTUALIA
Itzuli

MUTUALEX EPAIA 2022KO APIRILA

EUROPAR BATASUNEKO JUSTIZIA AUZITEGIAREN ERABAKIA
ETXEKO LANGILEEN SISTEMA BEREZIKO LANGABEZIA-PRESTAZIOARI DAGOKIONEZ

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak, Espainiako epaile batek planteatutako judizio aurreko arazo bat ebazte aldera, 2022ko otsailaren 24ko Epaian adierazi zuen 79/7/EEE Zuzentarauaren 4. artikuluan aurka egiten zaiola langabezia-prestazioa etxeko langileei aitortutako prestazioetatik kanpo uzten duen xedapen nazional bati.


Erabaki horrek kasu honetan du jatorria: langilea, enplegatzaile batentzat lan egiten duen etxeko langilea, pertsona fisikoa, Gizarte Segurantzako sistema berezian afiliatua 2011ko urtarriletik. 2019ko azaroan, langileak langabeziagatiko prestazioan kotizatzeko eskabidea aurkeztu zuen Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian, dagokion prestazioa jasotzeko eskubidea eskuratze aldera. Haren enplegatzailea prest zegoen eskatutako kotizazioa ordaintzeko, eta hala adierazten zuen agiri bat aurkeztu zuen.


Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak eskabidea ukatu zuen, eta alegatu zuen Estatuko legeriak berariaz baztertzen duela sistema berezian langabezia-prestazioa lortzeko asmoz kotizatzeko aukera.


Langileak errekurtsoa jarri zuen Vigoko administrazioarekiko auzien 2. epaitegian, eta adierazi zuen xedapen nazional horrek gizarte-babesgabetasuneko egoeran uzten dituela etxeko langileak beren lan-harremana egotzi ezin zaizkien arrazoiengatik amaitzen denean; izan ere, ezin dute langabezia-prestazioa eskuratu, ez eta prestazio hori amaitzea eskatzen duen beste gizarte-laguntzarik ere, esaterako, langabeentzako gizarte-laguntzak.


Espainiako epaileak, ikusita langile-kategoria hori ia erabat emakumez osatutako kolektibo batek osatzen duela, Europako Justizia Auzitegiari 79/7/EEE Zuzentaraua interpretatzeko eskatu dio, erabakitzeko ea kasu honetan Zuzentarau horrek debekatutako zeharkako sexu-diskriminaziorik gertatzen den. Zuzentarau hori gizarte-segurantzaren arloan gizonen eta emakumeen arteko tratu-berdintasunaren printzipioari buruzkoa da.


Egitatezko kasua azaldu ondoren, kontuan hartu beharreko esparru juridikoa gogoraraziko dugu, bai Batasuneko Zuzenbidearen ikuspegitik, bai zuzenbide nazionalaren ikuspegitik.

Batasuneko Zuzenbidea

  1. 79/7 Zuzentaraua:

 79/7 Zuzentarauko bigarren kontuan hartuzkoaren arabera, «komenigarria da tratu-berdintasunaren printzipioa aplikatzea gizarte-segurantzaren arloan, lehenik eta behin, gaixotasunaren, baliaezintasunaren, zahartzaroaren, laneko istripuen, gaixotasun profesionalaren eta langabeziaren arriskuen aurkako babesa bermatzen duten lege-araubideetan».


3. artikulua, 1. apartatua: «Zuzentarau hau arrisku hauen aurkako babesa bermatzen duten lege-araubideei aplikatuko zaie: gaixotasuna, baliaezintasuna, zahartzaroa, laneko istripua eta gaixotasun profesionala, langabezia».


4. artikulua, 1. apartatua:  «Tratu-berdintasunaren printzipioak esan nahi du ez dela sexuagatiko diskriminaziorik egongo, ez zuzenean ez zeharka, batez ere ezkontza- edo familia-egoerari dagokienez, bereziki araubideen aplikazio-eremuari eta horietara iristeko baldintzei dagokionez»

  • 2006/54 Zuzentaraua:



1. artikuluak («Helburua») adierazten duenez, «Zuzentarau honen xedea da, enplegu- eta okupazio-gaietan, gizonen eta emakumeen artean aukera- eta tratu-berdintasunari buruzko printzipioaren aplikazioa bermatzea. Horretarako, tratu-berdintasunaren printzipioa aplikatzeko xedapenak jaso dira, honako gai hauei begira: (…) Gizarte Segurantzaren lanbide-araubideak».


2. artikuluak («Definizioak»), 1. apartatuan, honako hau ezartzen du: «Zuzentarau honen ondoreetarako, aintzat hartuko dira hurrengo definizioak: (…) Zeharkako bereizkeria: itxuraz neutroa den xedapen, irizpide edo eginera batek sexu jakin bateko pertsonentzat desabantaila jakin bat ekartzea beste sexuko pertsonei begira, non xedapen, irizpide edo eginera horiek modu objektiboan justifikatzen ez diren, xede legitimo batekin, betiere, xede horiek lortzeko bideak egokiak eta beharrezkoak izanda».

5. artikuluak («Bereizkeria debekatzea») ezartzen duenez, «4. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, Gizarte Segurantzaren araubide berezietan ez da gauzatuko sexuan oinarritutako inolako bereizkeriarik, ez zuzenekorik, ezta zeharkakorik ere, batik bat, hurrengo gaietan: 

a) Araubide horien aplikazio-esparruan eta horietara biltzeko baldintzetan.

b) Kotizatzeko betebeharrean eta kotizazioen kalkuluan».



9. artikuluak («Bereizkeria-adibideak») hau ezartzen du bere 1. apartatuan: «Tratu-berdintasunaren printzipioaren aurkako xedapentzat hartu beharko dira, sexuan oinarritzen direnak, zuzenean nahiz zeharka, hurrengo helburuekin:

a) Prestazioak emateko baldintza desberdinak ezartzea edo prestazio horiek sexu jakin bateko pertsonentzat erreserbatzea.

b) Arau desberdinak jasotzea, h) eta j) idatz zatietan ezarritako neurriari dagokionez izan ezik, kotizazioak itzultzeko, langileak kasuan kasuko araubidea uzten duenean, epe luzeko prestazioetarako eskubide geroratua bermatzen dizkioten baldintzak bete gabe».


Espainiako Zuzenbidea 

GSLOren Testu Bateginaren 251. art.: «Etxeko langileentzako sistema berezian sartutako langileek gizarte-segurantzako prestazioak jasotzeko eskubidea izango dute araubide orokorrean ezarritako baldintzen araubideetan, honako berezitasun hauekin (…). Etxeko langileentzako sistema bereziaren babesak ez du barne hartuko langabeziari dagokion prestazioa».


GSLOren 264. art.: «Langabeziaren babesaren barruan egongo dira Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartuta egonik kontingentzia horiengatik kotizatu nahi duten besteren konturako langileak».


625/1985 Errege Dekretuak, langabeziagatiko babesa arautzen duen legea garatzen duenak, bere 19. artikuluaren 1. paragrafoan honako hau adierazten du: «Langabeziagatiko kotizazioa egitera behartuta egongo dira Gizarte Segurantzako araubide orokorrean eta kontingentzia hori babesten duten araubide berezietan sartuta dauden enpresa eta langile guztiak».


Europako Justizia Auzitegiak, beharrezkoak diren baldintzak behar bezala aztertu ondoren, adierazi du epaiketa aurreko erabakia eskatzea onargarria dela, eta funtsari buruzko iritzia eman du; hala, esan du xedapen hori 79/7 Zuzentarauaren testuinguruan interpretatu behar dela, eta ikusi behar dela ea etxeko langileen kolektiboan zuzentarau horretan jasotako desabantaila dagoen beste sexuko beste pertsona batzuen aldean; halaber, adierazi du jardunbide hori ezin dela justifikatu bidezko helburu baten bidez.



Epaile nazionalak desabantaila hori egiaztatu dezake datu estatistikoen bidez; batetik, aintzat hartu behar ditu tratu-desberdintasunaren jatorriko araudi nazionalari lotutako langile guztiak. Bestetik, ustezko tratu-desberdintasunaren eraginpekoak diren eta eraginik ez duten langileen proportzioak alderatu behar ditu araudi honen aplikazio-eremuaren barruko emakumezko langileen artean, eta proportzio berak aplikazio-eremu bereko gizonezkoen langileen artean. 

Ildo horretan, 2021eko maiatzaren 31n, Gizarte Segurantzako Araubide Orokorraren mendeko langileetatik, ehuneko 48,96 emakumeak ziren eta 51,04 gizonak. Aldiz, Etxeko Langileen Sistema Berezian, % 95,93 emakumeak ziren eta % 4,47 gizonak.


Ondorioz, datuok ikusita, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bateginaren 251. artikuluak sexuagatiko zeharkako diskriminazio bat dakar, edozein sexu-bereizkeriarekin zerikusirik ez duten faktore objektiboek justifikatuta eta gizarte-politikaren helburu legitimo egoki eta beharrezko batean oinarrituta egon ezean.

Horri buruz, gobernuak adierazi zuen aipatutako tratu-desberdintasunak arrazoi hauek zituela: etxeko langileen eta haien enplegatzaileen kategoriaren ezaugarri espezifikoak, bai eta langileak babesteko, sektore horren okupazio-maila babesteko eta iruzurraren eta ezkutuko lanaren aurka borrokatzeko helburuak ere. 

Auzitegiaren ustez, egia da gizarte-politikako helburu legitimoak direla, baina ez daude sexuan oinarritutako bereizkeria orotatik kanpo eta, beraz, ezin dute justifikatu diskriminazio kaltegarririk.


Horrez gain, adierazi duenez, enplegu-emaileen etxean egiten diren lanetako edo enplegu-tasei, kualifikazioari eta ordainsariei dagokienez berezitasun berberak dituzten sektoreetako beste lan-kolektibo batzuk (lorezainak, gidari partikularrak eta nekazaritzako langileak, bai eta garbiketa-enpresek kontratatutako langileak ere) langabezia-kontingentziaren aurrean estalita daude, nahiz eta, batzuetan, haien kotizazioak etxeko langileei aplikatzen zaizkienak baino txikiagoak izan. Horregatik, dirudienez, etxeko langileak langabeziagatiko prestazioetatik kanpo uzteko legezko aukera ez da aplikatzen modu koherente eta sistematikoan prestazio horiek jasotzen dituzten beste langile-kolektibo batzuekin alderatuta, langileok etxeko langileen antzeko ezaugarriak eta lan-baldintzak dituzten arren. 

Azkenik, Espainiako gobernuak langabeziagatiko prestazioa aitortzeak kolektibo horretan iruzurra areagotzea ekar lezakeela adierazi izanari buruz, Auzitegiak adierazi duenez, hori horrela balitz, gauza bera gertatuko litzateke lan-merkatuko beste sektore batzuetan kualifikazio gutxi izanik gutxieneko soldata jasotzen dutenen kasuan eta, ondorioz, haiek ere langabezia-prestaziotik kanpo geratu beharko lukete. Halakorik gertatzen ez denez, ez dago loturarik justifikazio horren eta esklusio polemikoaren artean; hortaz, adierazi du etxeko langileak prestazio horretatik kanpo uztea ez dela egokia ezkutuko lanaren eta iruzurraren aurka enplegua babesteko helburuak bermatze aldera.


Horretatik ondorioztatu duenez, 79/7 Zuzentarauaren 4. artikuluaren 1. apartatua honela interpretatu behar da: langabezia-prestazioak Gizarte Segurantzaren lege-araubide batek etxeko langileei ematen dizkien Gizarte Segurantzako prestazioetatik kanpo uzten dituen Estatuko xedapen baten aurka egiten du; hain zuzen, xedapen horretan, etxeko langileak desabantaila-egoera berezi batean daude gainerako langileen aldean, eta ez du sexu-diskriminaziotik kanpoko ezein faktore objektibok justifikatzen.

Azkenik, nabarmentzekoa denez, 2022ko apirilaren 5ean, Ministroen Kontseiluak Lanaren Nazioarteko Erakundearen etxeko langileentzako 189. Hitzarmenaren berrespena Gorte Nagusietara bidaltzea erabaki zuen; horretan, lanbide hori definitzen du eta etxeko eremuan lan hori egiten duten langileei bermatu beharreko eskubideak zehazten ditu.

Aipatutako 189. Hitzarmenaren bidez bermatzen da etxeko langileek gainerako langileei aplikatzen zaizkien baldintza berdinak izango dituztela, inola ere ez kaltegarriagoak, Gizarte Segurantzaren babesari dagokionez.

María José Marcilla


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua

Lotutako berriak

Webgune honek cookiak erabiltzen ditu informazioa biltzeko, gure zerbitzuak hobetzeko eta zure arakatze ohiturak aztertzeko.

Nabigatzen jarraitzen baduzu, beraren instalazioa onartzea dakar.

OK