Aztertzen ari garen epaiak ebazten duen arazo juridikoa gaixotasun arrunt baten ondoriozko ezintasun iraunkor absolutuaren ondorio ekonomikoen data zehaztean datza. Ezintasuna epai judizial bidez aitortu zitzaion langile autonomoari, ezintasunak balioesteko taldearen bigarren txosten batean oinarrituta —prestazioa ukatu egin zitzaion aurreko txosten batean—.
Kasu zehatz honetan, egitateen abiapuntua da langile autonomo mekanikari batek egindako ezintasun iraunkor absolutuaren eskaera. Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren 2021eko abenduaren 27ko ebazpenaren bidez prestazioa ukatu zitzaion, ezintasunak balioesteko taldeak 2021eko abenduaren 22an emandako txosten batean oinarrituta. Txosten horretan ondorioztatzen zenez, langileak une horretan zituen lesioak ez ziren lortu nahi zen ezintasun absolutuaren mailara iristeko bezain larriak.
Langileak demanda jarri zuen, eta, ezintasunak balioesteko taldearen lehen txostena eta ebazpen judiziala eman bitartean, beste azterketa bat egin zitzaion langileari. Hala bada, ezintasunak balioesteko taldeak bigarren txostena prestatu zuen, 2022ko azaroaren 28an. Langilearen egoera nabarmen larriagotu zela zioen.
Bigarren txosten horretan ondorioztatu zen langileak une horretan mugak zituela zutik eta kukubilko egin behar diren jarduerak egiteko, bai eta Parkinsonen gaixotasunaren hastapenekin bateragarriak ziren ezaugarri klinikoak zituela ere. Horrek guztiak justifikatu egiten zuen langileak eskuratu nahi zuen ezintasun iraunkorreko maila jakin hori.
2022ko azaroaren 30ean, langileak baja hartu zuen Langile Autonomoen Araubide Berezian, eta abenduaren 1etik erretiroagatiko pentsiodun-egoerara igaro zen. 2024ko martxoaren 21ean, berriz, Santanderreko Gizarte-arloko 4 zenbakiko Epaitegiak epaia eman eta gaixotasun arruntaren ondoriozko ezintasun iraunkor absolutuko egoeran deklaratu zuen langilea, 2022ko azaroaren 30etik aurrerako ondorio ekonomikoekin, eta ez ezintasunak balioesteko taldeak 2021eko abenduaren 22an emandako lehen txostenetik aurrera —langileak hala nahi zuen—, langileak orduan zituen mugek ez zutelako justifikatzen ezintasun absolutuaren maila. Hori dela eta, epaileak erabaki zuen ondorio ekonomikoak ezintasunak balioesteko taldearen bigarren txostenarekin finkatu behar zirela, bertan ezarri baitziren ezintasun absolutuaren maila zekarten mugak.
Langileak errekurtsoa jarri zuen. Justizia Auzitegi Nagusiak errekurtsoa onartu eta prestazioaren ondorio ekonomikoak 2021eko abenduaren 22ra atzeratu zituen (ezintasunak balioesteko taldearen lehen txostenaren data). Orain, kasazio-errekurtsoa jarrita, Auzitegi Gorenak arrazoia ematen dio Santanderreko Gizarte-arloko Epaitegiari.
Zehazki, eztabaida ezintasun iraunkorreko pentsio baten ondorio ekonomikoen data zehaztean zetzan, lesioek ez zekartenean ezintasun iraunkorra prestazioaren aurreko aldi baterako ezintasunaren iraungitze-datan, ezta ezintasunak balioesteko taldearen proposamen-irizpenaren datan ere; aitzitik, lesioak behin betiko eta lanerako eragozletzat hartu ziren, hain zuzen ere, administrazio-ebazpen ezeslea eman eta epaiketa egin arteko aldi horretan bertan.
Beraz, egitate eragilearen eta ondorio ekonomikoen data zehaztean ardazten zen eztabaida, edo aldi baterako ezintasunaren iraungitze-data, edo ezintasunak balioesteko taldearen proposamen-txostenaren data —1996ko urtarrilaren 18ko Aginduaren 13.2 artikuluaren arabera, egitate eragilea aldi baterako ezintasunaren iraungitzearekin edo ezintasunak balioesteko taldearen proposamen-irizpenarekin lotzen da—, edo, bestela, ezintasun iraunkorra zegoela egiaztatu zen data —Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 193.1 artikuluaren arabera, une horretan egiaztatzen dira ezintasun iraunkor absolutua justifikatzen duten murrizketa anatomiko edo funtzional larriak—.
Auzitegiak aukera horietako azkenaren alde egiten du, eta ondorio horretara iristeko, zehazten du arau-hierarkia aplikatu behar dela horrelako kasuetan. Horrek esan nahi du, lehenik eta behin, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 193.1 artikulua aplikatu behar dela, manu horrek ezintasun iraunkorraren funtsezko definizioa jasotzen duen neurrian, eta, hortaz, prozeduraren alderdi instrumentalak arautzen dituzten erregelamendu-mailako arauen gainetik egon behar duela.
Orduan, auzitegiak ondorioztatzen duenez, planteatutakoaren gisako kasuetan, hau da, ebazpena ematen den unean lana egitea eragozten duten mugak egiaztatuta ez egoteagatik ezintasun iraunkorra ukatzen duen administrazio-ebazpena eman eta, geroago, muga horiek daudela egiaztatuta, ebazpena zalantzan jartzen denean, ondorio ekonomikoen data egiaztapen hori egiten den data dela ulertu behar dugu, data hori egitate eragilearena ere badelako. Hala ere, auzitegiak azpimarratzen du egiaztapen-data ez dela ahozko epaiketa egiten den unea, baizik eta egoera berria onartzen duen epaiak ezintasun iraunkorra eragiten duten mugak egiaztatutzat jotzen dituen data.
Laburbilduz, Auzitegi Gorenaren 396/2026 Epaiak honako irizpide hau ezartzen du: hasierako administrazio-ebazpenean egiaztatu ez diren mugak gerora agertu direlako edo mugok larriagotu egin direlako ezintasun iraunkorra judizialki aitortzen denean, ondorio ekonomikoak mugok ezintasunaren eragile gisa objektibatzen diren datakoak izan behar dira, ez nahitaez ezintasunak balioesteko taldeak proposatutako lehen irizpenaren egunekoak.
Epaiak indartu egiten du prestazioa jasotzeko eskubidearen eta eskubide hori justifikatzen duen errealitate mediko ezgaitzailearen arteko lotura, eta konponbideak teknikoki zuzena dirudi. Dena den, erabakiak oreka delikatua ere planteatzen du. Izan ere, Gizarte Segurantzako prozesuetan, atzerapen judizialak kalte egin diezaioke onuradunari, bereziki prozedura ebazkizun denean gertatzen bada larriagotzea. Hori dela eta, Auzitegi Gorenaren doktrina arrazoizkoa da, baldin eta organo judizialek zehaztasunez identifikatzen badute ezintasuna eragiten duten mugen egiaztapen-data, eta ez badute modu arbitrarioan edo beranduegi ezartzen.
Mutualiako lege-aholkularitzako abokatua
