Langileen Estatutuaren 37.9 artikuluak «ezinbesteko familia-arrazoiengatiko baimena» arautzen du. Kontsulta hau planteatzen da baimen horri buruz:
Legez ordaindu behar da baimena edo egin diezaioke uko enpresak hura ordaintzeari, hitzarmen kolektiboan edo enpresa-akordioan berariaz jasotzen ez bada?
Erantzuna Auzitegi Gorenak eman digu duela gutxi, 2026ko apirilaren 17an (111/2024 errekurtso-zenbakia) emandako epai batean. Epaiaren arabera, Langileen Estatutuaren 37.9 artikuluko ezinbesteko familia-arrazoiengatiko baimena lege-mandatuz ordaintzen da, honela: urtean lau egunen baliokidea den ordu kopurua gehienez, eta ez da beharrezkoa izango hitzarmenik edo itun kolektiborik izatea ordainketa-eskubidea sortzeko.
Abiapuntua Langileen Estatutuaren 37.9 artikulua da. Izan ere, manuak onartzen du langileak eskubidea duela ezinbesteko arrazoiengatik lanetik irteteko, baldin eta beharrezkoa bada ahaideekin edo bizikideekin zerikusia duten premiazko familia-arrazoiengatik, berehala bertaratzea eskatzen duen gaixotasun edo istripuaren kasuan.
Artikuluaren arabera, «apartatu honetan aurreikusitako arrazoiengatik hartzen dituzten absentzia-orduei dagokien soldata (urtean lau egunen baliokidea) jasotzeko eskubidea izango dute langileek, hitzarmen kolektiboan ezarritakoaren arabera edo, halakorik ezean, enpresaren eta langileen legezko ordezkarien arteko akordioaren arabera. Horretarako, langileek absentziaren arrazoia egiaztatu beharko dute».
Auzitegi Gorenaren ustez, Langileen Estatutuaren 37.9 artikuluak baieztapen «kategorikoa eta irmoa» jasotzen du, eta ezin da interpretatu ordainsaria behin-behinekoa denik edo ituna egotearen mende dagoenik. Auzitegiaren iritziz, manua argia da, eta dio baimena nahitaez ordaindu behar dela 4 eguneko denbora-muga horretara arte. Manuaren interpretazio gramatikalari erreparatuz gero, hitzon berezko zentzuaren arabera, baimena ordaindu egin behar dela ulertu besterik ezin da egin. «Hitzarmen kolektiboan ezarritakoaren arabera edo, halakorik ezean, enpresaren eta langileen legezko ordezkarien arteko akordioaren arabera» dioen zatia ez da baimena ordaintzeko baldintza.
Auzitegi Gorenaren arabera, arauak egiten duen igorpen horrekin, negoziazio kolektiboak edo enpresa-akordioak baimena zehazteko alderdiak erregula ditzakete. Hala ere, ez du uzten legezko eskubidea husten, ezta eskubide horren existentzia itun baten mende jartzen ere. Auzitegiaren hitzetan, adierazpen hori mendeko klausula gisa ulertu behar da, eta, bete beharreko zuzenbidearen hasierako premisa horren pean, akordio kolektiboek ordainsari horren moduari, erari, edukiari eta irismenari buruzko beste alderdi batzuk zehazteko aukera zabalik uzteko bidea da.
Epaiak onartzen du Langileen Estatutuaren 37.9 artikulua hobeto idatzita egon daitekeela, baita «nahasgarria» izan daitekeela ere, eta aldi berean dio Kode Zibilaren 3.1 artikuluaren interpretazio-irizpideetara jo behar dela. Horren arabera, arauak hitzen berezko zentzuaren arabera interpretatuko dira, aplikatu behar diren uneko testuinguruari, aurrekariei eta errealitate sozialari dagokienez, batez ere haien mamiari eta xedeari erreparatuta.
Lege-manuaren idazkera akastuna dela-eta bi interpretazio desberdin egin daitezke, eta ikuspegi teleologiko horretatik, Auzitegi Gorenak erabakigarritzat jotzen du 5/2023 Errege Lege-dekretuaren zioen azalpena —hain zuzen ere, Langileen Estatutuaren 37.9 artikulua txertatu zuen gurasoen eta zaintzaileen familiako eta laneko bizitza bateragarri egiteari buruzko (EB) 2019/1158 Zuzentarauaren transposizioa egiteko—.
Zioen azalpen horrek espresuki dio urtean lau egun aurreikusten zirela ordaindutzat, ezertan eragotzi gabe hitzarmen kolektiboek horri buruz ezar zezaketena. Auzitegi Gorenaren arabera, «ezertan eragotzi gabe hitzarmen kolektiboek horri buruz ezar zezaketena» adierazpena da gakoa. Ez du esan nahi hitzarmenak eskubidea aitortu behar duenik eskubidea bera existitzeko, baizik eta hitzarmenak garatu, zehaztu edo hobetu dezakeela.
Hala, auzitegiak adierazi duenez, zuzentarauak baimenaren izaera ordaindua ezartzen ez badu ere, horrek ez du eragozten Espainiako legegileak baimenaren edukia hobetu ahal izatea zuzentarauaren transposizioa egitean. Ondorioztatzen du Espainiako legegileak, Langileen Estatutuaren 37.9 artikulua idaztean, legez urtean gutxienez lau egun ordaintzeko betebeharra ezartzea zuela asmo, negoziazio kolektiboaren balizko esku-hartzetik salbu uzteko.
Gure auzitegiaren ustez, ordainduriko izaeraren aldeko interpretazioa indartu egiten da, gainera, arauaren helburuarengatik; alegia, kontziliazioa erraztea, familia-zaintzaz arduratzen direnek kalte profesionalak ez izatea eta erantzukidetasuna sustatzea. Hori dela eta, baimena ez balitz ordainduko dagokion itunak hala jaso ez duelako, baimena egikaritzeko pizgarria kendu, eta arauaren helburua zapuztuko litzateke.
Kontsultaren erantzuna argia da: enpresak ezin dio uko egin baimena ordaintzeari, argudiatuta hitzarmen kolektiboak ez duela hura ordaintzea arautzen edo ez dagoela akordiorik langileen legezko ordezkariekin. Langileen Estatutuaren 37.9 artikuluan jasotako ezinbesteko arrazoien premisak betetzen eta egiaztatzen badira, langileak lanetik irteteko eta urtean gehienez lau egunen baliokideak diren absentzia-orduen ordainketa jasotzeko eskubidea izango du.
Mutualiako lege-aholkularitzako abokatua
