Itzuli

MUTUALIA BIOMEKANIKA LABORATEGIA

BALORAZIO FUNTZIONALAREN UNITATEA

SARRERA

Egoera klinikoak objetibatzeko eta tratamendu teknikak ebidentzia zientifikoetan oinarritzeko premia dira aparatu lokomotorraren proba funtzionaletarako laborategia osatzeko pizgarri nagusiak. Biomekanikaren bitartez, hainbat proba funtzional mota diseinatu eta garatu ditzakegu, gure pazienteen berezitasunetara egokituak eta pertsonalizatuak. Horrek aukera ematen digu, halaber, gabezia funtzionalak objetibatzeko, prozesu baten bilakaera monitorizatzeko (zeinak irauten duen bitartean tresna biomekanikoak baloraziorako zein tratamendurako baliagarriak izan litezkeen), prozesuaren egonkortzea objetibatzeko, eta, defizit konparatiboak egonez gero, horiek objetibatu eta kuantifikatzeko, eta, horrela, zuzenagoak izango gara gure pazienteen azken balorazioan.

 

NOR GARA

Denbora da Mutualia modu berezian sentsibilizatuta dagoela era horretako probak gure eguneroko zereginetan inplementatzeko. Zentzu horretan, proba biomekanikoen laborategi bat dugu (Bizkaiko Lurralde Zuzendaritzan zentralizatua eta Gipuzkoako Lurralde Zuzendaritzan ere dotazioa duena). Taldea Mutualiaren Errehabilitazio Zerbitzuaren barruan txertatuta dago, eta Medikuntza Fisikoan eta Errehabilitazioan espezialista diren 6 medikuk osatzen dute, bai eta 3 fisioterapeutak ere.

 

 

LAGUNTZA

Barne Bezeroak (bilakaeraren balorazioak, prozesuen egonkortzea eta ezintasunak)

– Kirurgia ortopedikoa eta traumatologia

– Errehabilitazioa

– Laneko kontingentziak

– Aldi baterako ezintasuna, kontingentzia arrunta

Kanpoko Bezeroak (ezintasunen zehaztapena eta berrikuspena)

– GSIN

– Beste mutualitate batzuk

 

HORNIKUNTZA

Biomekanikako Laborategian hainbat ekipo daude, sistema neuromuskularraren eta muskulu-hezurren funtzioen mendeko hainbat aldagai zehaztasunez ebaluatzeko. Honako ekipo hauek osatzen dute laborategia:

– Plataforma dinamometrikoak (NED AMH-SVE/IBV eta Biodex-Balance system SD sistema). Ibiliaren balorazio zinetikoa egiteko aukera ematen dute, lur mailan jarritako indar plataforma batzuen bitartez, eta emaitzak pertsona osasuntsuekin konparatzen dira. Orekaren azterketan, jarreraren erregistroa egiteko diseinatuta daude.

-Plantila instrumentatuak (BIOFOOT IBV)Oinazpiek ibilian egiten dituzten presioen erregistro dinamikoa egiteko aukera ematen dute.

-Dinamometroak (PRIMUS-BTE, BIOMETRICS-ELINK, CONTREX ekipoak). Muskuluen indarraren azterketa egin daiteke horien bitartez, eta bi adarren arteko gabezia konparatiboak kuantifikatu, eta banan-banako tratamenduak, pazientearen ezaugarrien araberakoak, egiteko aukera ematen dute.

Garondoaren azterketa funtzionala egiteko ekipo integratua (MCU-BTE sistema). Bizkarrezurraren mugikortasuna eta indar isometrikoa erregistratzen du. Bereziki interesgarria da garondoko zartaden ondoriozko lesioen balorazio ebolutiboa egiteko.

–  Fotogrametriaren bitartez mugimenduaren azterketa egiteko sistema (SMART-DX –BTS sistema). 6 kameraz, 4 plataforma dinamometriko integratuz eta azaleko elektromiografia batez osatua, gerrialdeko eta garondoko errakisaren mugimendua, haren ardatz guztietan, aztertzen du; mugimenduaren abiadura eta kalitatea neurtzen ditu, eta haren aktibazio muskularra baloratzen du (makurtu-erlaxatu fenomenoa eta giharren tonuaren azterketa).

Beste alde batetik, gai da gizakiaren ibileraren azterketa integratu eta osoa egiteko (zinetiko, zinematikoa eta elektromiografikoa), datuak ematen ditu euskarri denborei buruz (herren maila kuantifikatzea) eta, beheko adarretan ohikoak diren patologien kasuan, ibileran zer aldaketa izaten diren aztertzen du.

– Gerriondoaren funtzioaren azterketa (NedLumbar/IBV sistema). Gerrialdean oinazea duen pertsona baten gaitasun funtzionala zehaztea da helburua, eta, horretarako, eguneroko bizitzan egin ohi diren keinu errazen azterketa zinetikoa eta zinematikoa egiten da, hala nola, zamak hartzea edo aulki batetik altxatzea. Gainera, proba egin bitartean zer lankidetza maila eduki den zehazten da, eta indize batzuk lortzen dira horren bitartez.

(IBV irudi-lagapena)

Lotutako berriak