Itzuli

MUTUALIAk Erantzunkidetasunerako Lurralde Plana egiteko prozesuan parte hartu du.

EDUARDO COBOk,  MUTUALIAko Berdintasunerako Batzordeko kideak, Gipuzkoako Foru Aldundiak gonbidatuta, martxoaren 16an Kontziliazio eta Erantzunkidetasunerako Lurralde Plana egiteko prozesua. TOKIKO GARAPENEKO ENPRESAK ETA AGENTZIAK saioan parte hartu zuen

 

Miren Elgarrestak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko diputatuak, Kontziliazio eta Erantzunkidetasunerako Lurralde Plana egiteko prozesuaren baitan kokatu zuen bilera.

 

Topaketaren helburuak:

1.- Abiapuntuko diagnostikoa aurkeztea eta kontrastatzea

2.- Planaren egitura eta erronkak aurkeztea eta kontrastatzea, eta enpresetan eragiteko zein neurri-mota har daitekeen aztertzea

 

1.- Abiapuntuko diagnostikoa aurkeztea eta kontrastatzea

Bileran erabili zen ppt-aren bidez, kontziliazio eta erantzunkidetasunari dagokionez, plangintza egituratzea helburu, oinarri hartzen ari den diagnostikoaren berri eman zen.

 

EHUko Ekonomia Aplikatuko Fakultateko Mertxe Larrañagak Gipuzkoako lan-merkatuan dauden desberdintasun nagusiei eta kontziliazio-politikei buruz egindako aurkezpenari, honako iruzkinak egin zitzaizkion:

 

  • Berdintasun-planen bilakaerari buruz galdetu zen. Gero eta gehiago ote diren. Halako planak dituzten enpresak asko ez direla mahaigaineratu zen, enpresen tamaina faktore garrantzitsu bat dela, eta Gipuzkoan enpresa gehienak txikiak direla.
  • Enpresen tamainaren ildotik, enpresa txiki bateko ordezkari batek bere desadostasuna adierazi zuen, antolatze-kontu bat dela argudiatuz.
  • Kontziliazio-politikak garatu dituzten enpresak oso feminizatuta daudenak direla aipatu zen, baina horrek ez duela «arazoa» konpondu.
  • Lan-mota aipatu zen zailtasun-faktore gisa. Etxeko zainketa eta antzeko esparruetan arduraldi osorik ia ez dagoela esan zen. Halaber, ordutegiak malguak ezin izan daitezkeela.
  • Garrantzitsua da nabarmentzea kontziliazioa gizonen kontua ere badela.
  • Gipuzkoan industriak duen pisu nabarmena kontuan hartuta (% 31, Europako % 19ko batez bestekoaren ondoan), horrek kontziliazioaren eragin negatiborik duen galdetu zen. Esan zen, berez, faktore horrek ez gaituela leku okerragoan jarri.
  • Galdetu zen ea baden daturik industrian kontziliazio-neurrien erabilerari buruz. Amatasun-/aitatasun-baimenei buruzko datuak badirela aipatu zen.
  • Segregazio horizontala hezkuntza-sisteman egiten diren «aukerekin» oso erlazionatuta dagoela aipatu zen. Emakume gehiago dago gizarte-zientzietan, erizaintzan eta abarretan. Ikasketa teknikoetan (ingeniaritzak eta abar) gizonak dira oraindik ere nagusi, nahiz eta badirudien horietako batzuetan emakume gehiago sartzen ari dela.
  • Lanbide-heziketan segregazio hori oso nabarmena da, eta lanbide maskulinizatuetan presta daitezen emakumeak animatzen dituzten politiken hutsunea nabari da. Hezkuntzaren arloan lan egiten duten erakunde batzuek ahaleginak egin izan dituzte ildo horretan, baina ez da emaitza onik izan. Emakume gidariak eta antzekoak agerian jarri beharko lirateke, ereduak eta erreferenteak sortzeko.
  • Garraio-enpresa bateko ordezkari batek aipatu zuen bere esparruan, oso maskulinizatuta egon arren, emakumeak erakartzea posible dela ikusten ari dela. Hala ere, lanpostu batzuetarako, adibidez, lantegi mekanikoetarako, ez dago emakume prestaturik. Bestalde, aipatu zen zainketarako baimenak eskatzen dituzten gizonak ez daudela ongi ikusita.
  • Azkenik, beren langileentzako neurri malguak aztertzen eta abian jartzen ari direla esan zen, norberaren beharrei egokitu dakion.

 

2.- Planaren egitura eta erronkak aurkeztea eta kontrastatzea, eta enpresetan eragiteko zein neurri-mota har daitekeen aztertzea

 

Taldeka, bileran parte hartu dugunoi, gure ustez, enpresei begira, planak jaso ditzakeen neurriak jasotzea eskatu zitzaigun.

 

Lantaldeek egindako proposamenak:

 

1. TALDEA

  • Amatasun-bajak parekatzea (derrigortasuna bi aldeentzat).
  • Derrigorrezko aitatasun-baimenak.
  • Administrazio publikoak kontziliazio-politika aktiboak (murrizketak, gizarte-segurantzan kotizatuta eta abar) dituzten enpresei pizgarriak ematea.
  • Aldaketa kulturala lantzea; nola? Hezkuntzaren bidez (ikastetxeak, ikastolak…). Beharrezkoa da aldaketa kultural bat. Kontziliazio-neurriak hartzeko aukera bera izanda, sektore maskulinizatuetan ez dira hartzen; feminizatuetan, aldiz, bai. Hezkuntza lantzea.

 

2. TALDEA

  • Sentsibilizazio-kanpainak, estereotipoak hautsiz.
  • Aitatasun-baimenak hartzeko derrigortasuna.
  • Enpresetan lan-ordutegiak begiratzea, fisikoki bertan egon beharra aztertzea eta beste aukera batzuk aztertzea: lanaldi jarraitua ahal den sektoreetan (zerbitzuetan zaila), etxetik lan egitea…
  • Sektore maskulinizatuetan (prestakuntzakoak eta lanekoak) emakumeak egon daitezen sustatzea. Prestakuntza teknikoa sustatzeko kanpainak.
  • Lanbideren eta enpresen lankidetza-hitzarmenak kontratazioan dauden beharretan oinarrituta.

 

3. TALDEA

  • Batez ere hezkuntza-esparruari begirako neurriak, epe ertain-luzean.
  • Sentsibilizazio-kanpainak egitea. Emakumeen balioa nabarmentzea, sektore oso maskulinizatuetan lanean jarriz, edo alderantziz, gizonak sektore feminizatuetan lanean jarriz, egungo hezkuntza-eredua aldatzeko.
  • Kontziliazio-neurriak abian jartzen dituzten enpresei fiskalki laguntzea.
  • Haurrak eta adinekoak zaintzeko lanei prestigioa ematea. Garrantzia har dezala Aldundiaren mezuetan (irudiak, kanpainak…).
  • Lehiaketa publikoetan eta ematen diren laguntzetan, berdintasun- edo kontziliazio-neurriak ezarrita dituzten enpresei eman behar zaie lehentasuna.
  • Telekonferentzia bidezko bilerak sustatzea. Aurrez aurreko bilerek lekualdaketak, denbora galdua, gastuak… dakartzate berekin.
  • Lanaldi trinkoak sustatzea enpresetan.
  • Enpresei berdintasun-/kontziliazio-adierazleak (ISO modukoak) proposatzea, enpresei edo instituzioei berdintasun-sariak ematean.

 

4. TALDEA

  • Legez berdintasun-plan bat izan behar duten enpresen langile-kopurua jaistea (egun 250 edo gehiago).
  • Hezkuntzari garrantzia ematea eta lanbideetan dagoen segregazioa agerian jartzea.
  • Aholkularitza-zerbitzu bat jartzea, hartara enpresak eta langileak joan daitezen, eta gaiari buruzko zalantzak argitu ditzan eta horren inguruan aholkua eman dezan.
  • Esperientziak partekatzeko, jardunbide egokien berri izateko espazio-/foro-mota hau.
  • Laguntza edo pizgarri ekonomikoak abian jartzea. Gastu ekonomikoentzako diru-laguntzak ematea.

 

Sortutako zalantzak edo antzemandako planaren ahuleziak (idatziz jasotako iruzkinak):

 

  • · Nire ustez, kontziliazioa haurrak edo adinekoak zaintzea baino haratago doa; kontziliatzeko espektroa askoz ere zabalagoa da, eta kontuan hartu beharko litzateke.

 

· Ekimen honek publizitate gehiago izan beharko luke.

Lotutako berriak