Itzuli

Prebentzioko Mintegi Teknikoen 2017ko Egutegia

Laburpen batean, 2017an zehar emango ditugun Mintegi Teknikoak aurreratzen dizkizuegu. Bazkide diren enpresentzat eta autonomoentzat kostu gehigarririk gabe, eta prebentzioko profesionalei, zuzendariei eta buruei zuzenduta, mintegien helburua haien prestakuntza eta ezagutza teknikoei laguntzea eta horiek hobetzea da.

Beste urte batzuetan bezala, Mutualiak enpresa elkartuen esku jarri du laneko arriskuen prebentzioari buruzko ekintza dibulgatzaile eta hezitzaile multzo bat, izaera irekikoa eta berritzailekoa.  Ekintza horien helburua gure enpresa elkartuetan segurtasun- eta osasun-baldintzak hobetzen laguntzea da, eta guztien inplikazioa bilatzea ezbehar-tasaren murriztapen eraginkorrean, bereziki arrisku-maila handiko jardueren sektore horietan.

Ekintza dibulgatzaileen artean, Mutualiak prebentzioko profesionalei, zuzendariei eta buruei zuzendutako mintegi teknikoen egutegi bat eskaintzen du, haien prestakuntzari eta ezagutza teknikoei laguntzea eta horiek hobetzea helburu. Horrek enpresa elkartuen prebentzioko jarduera hobetzea eta ezbehar-kopurua murriztea ekarriko du.  Jarduera-esparru horretan Mutualiak enpresei eskaintzen dien zerbitzua hobetzeko asmoz, jardunaldi teknikoak antolatzera jo du, ereduzko enpresetako adituen parte-hartzearekin eta esperientzia praktikoekin.  Hala, jardunaldietan, gure enpresa elkartuei eragin diezaieketen arazo jakin batzuk hobeto kudeatzeko lagungarriak izan daitezkeen tresna, eredu eta esperientzia kontrastatuak eskaintzen dira. Jardueren formatua eta kanpoko hizlari desberdinen parte-hartzea dela eta, egutegian ez da datarik zehaztu; aurreko hilabetean jakinaraziko da jarduera noiz eta non egingo den, baita programa ere.

Honako hauek dira 2017rako planifikatutako mintegiak:

ARAZO MUSKULUESKELETIKOAK. BALORAZIO ERGONOMIKOAZ HARAGO: 2017ko otsailean, Gasteizen

Hezur- eta muskulu-sistemako arazoak dira lanarekin lotutako osasun-arazorik ohikoenak Europan. Langile askok paira ditzakete, baina ez dira saihestezinak, prebenitu daitezke. Jarrerak, irismenak, manipulazioak, lan-zikloak eta abar txikitzeko, enpresak horiek ezagutu eta era integralean kudeatu behar ditu.

Prebenitzeko, zehazki zer prebenitu nahi dugun jakin behar dugu. Nahasmenduak eragiten dituzten faktoreak identifikatzea eta egoera bakoitzean balorazio ergonomikoa egiteko metodo egokiak erabiltzea da lehen urratsa. Baina ezin gaitezke baloraziora mugatu; aitzitik, neurri egokiak hartu behar ditugu eta horien eraginkortasuna neurtzeko jarraipena egin behar dugu. Beste pauso bat ere eman behar dugu: sentsibilizazioa handitzeko eta irtenbide eraginkorrak aktiboki bilatzeko ekintzak bultzatzea. Ekintza puntualetatik haratago joan diren eta arazo hori ikuspegi berritzaile batetik saihesten saiatu diren hainbat esperientzia ikusiko dugu.

 

BEREZIKI SENTIBERAK DIREN LANGILEEN GAINEKO KUDEAKETA PREBENTIBOA.    2017ko azaroan, Donostian

Jardunaldiaren helburua «langile bereziki sentiberen» kontzeptua mugatzea da, haiei buruzko araudi juridikoa ezagutzeko eta langile horien babesa bermatzen duen kudeaketa prebentiboaren gakoak lantzeko.

Horretarako, laneko arriskuak prebenitzeko teknikariek prebentzio-maila kudeatzeko moduak irakatsiko dizkigute, lege-arloko langileek pertsona horien inguruko alderdiak arautzen dituen araudia azalduko digute eta langile sentiberak dituen enpresa batek izandako esperientzia kontatuko digu.

GAITASUN PROFESIONALAK ENTRENATZEA ESTRESA SAIHESTEKO ETA GATAZKAK KONPONTZEKO.  2017ko urrian, Gasteizen

Gure gizartea gero eta konplexu, plural eta dinamikoagoa da.

Maila profesionalean, buruko nekea, egitekoaren konplexutasuna, horrek sortzen dituen itxaropenak, oreka, norberaren ezaugarriak eta abar direla eta, gure lana behar bezala eta eraginkortasunez egiteko baliabide pertsonalik gabe geratzen gara batzuetan. Horrek, kasu batzuetan, antsietatea, autoestimu baxua, mentalki gainezka egitea eta abar eragin ditzake.

Den-denak saihestu ezin badaitezke ere, prebentzio-prestakuntzaren bidez, estresa edo gatazkak eragiten dituzten egoerei aurre egiteko baliabide profesionalak, teknikak, gaitasunak eta jarrerak ikas daitezke, estrategia pertsonal eta profesionalez baliatuz.

Mintegi honetan, norberaren emozioak kontrolatzeko, gizarte-gaitasunak garatzeko eta denbora kudeatzeko teknikak irakatsiko ditugu.

LANEKO ARRISKUEN PREBENTZIOA INTEGRATZEA ERDI-MAILAKO BURUAK ETA PREBENTZIOKO TEKNIKARIAK LIDERGOAN TREBATUZ. 2017ko ekainean, Bilbon

Enpresan prebentzioa integratzeko legezko betebeharrak berekin dakar hari eutsiko dion prebentziozko kultura kontsolidatu bat sortzea.  Hori ezinezkoa da funtsezko oinarri bat gabe: Erdi-mailako buruak prebentzioan inplikatzea eta nagusitasuna izatea, enpresako zuzendariekin eta prebentzioko teknikariekin batera.  Enpresek indartu egin behar dituzte buru batek izan behar dituen gaitasunak, jarraitu beharreko erreferente bat baita, eta haren taldeko gainerako pertsonak gidatzen baititu: adibidearen bidez liderra izatea, komunikazio eraginkorra, taldeko lana (lankidetza), eta abar.

Jardunaldi honen bidez, erdi-mailako buruei, zuzendariei eta prebentzioko teknikariei Laneko Arriskuen Prebentzioan haien lidergoaren beharraren berri eman nahi diegu, eta egunerokoan lidergo hori garatu ahal izateko beharrezko esperientziak eta tresnak eman.

LANEKO ARRISKUEN PREBETNZIOARI BURUZKO LANEKO IKUSKATZAILETZAREN BISITA. NOLA JOKATU 2017ko martxoan, Bilbon

Jardunaldi honetan ikusiko dugu zergatik gerta daitekeen laneko ikuskari baten bisita. Eta bisita horren aurrean, zalantzak ager daitezke izan beharreko jokabideari buruz, zein dokumentu eska dezakeen, epeak, eta jarraitu beharreko pausoak, hala nola ikuskaritzaren aurrean zigortzeko arrazoi diren jokaerak.

Mintegi teknikoez gainera, Mutualiak bere eskaintza dibulgatzailea handitzen du hala lantegi praktiko berriekin nola Campus Birtualaren barruan ikastaro berriak erantsiz; azken horren lehentasunezko helburua babestutako biztanleak laneko ezbehar-tasa murrizteko sentsibilizatzea da, arriskua zein den ezagutuz, eta kudeaketa-sistemak hobetuz eta integratuz.

Hori guztia Mutualia PRL Ikasgelan bilduta.

Ekintza horiek guztiak urtero Gizarte Segurantzako Estatuko Idazkaritzak onartzen duen prebentzioko jardueren planeko programen euskarri dira, eta Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 19. artikuluaren arabera, enpresariak langileak prebentzioan trebatzen duen betebehar zuzena osatzen dute, hura ordezkatu gabe.

Lotutako berriak