2016/04/06
Berriki Mutualia sare sozialetara iritsi da, eta sareetan agertzen diren sentimenduen arloko bestelako bertsio bat aukera ona izan daiteke horiek nola funtzionatzen duten ezagutzeko. Horretarako Jonathan Ortigosa Hernández elkarrizketatu dugu. Jonathan informatika-ingeniaria da eta gaur egun «Data Scientist» gisa egiten du lan Loire Gestamp enpresan, EHUko Informatika Fakultateko «Intelligent Systems» taldean doktore-tesia prestatzen aritzeaz gain, ikaskuntza automatikoari eta hizkera naturalaren prozesamenduari buruz. Bere denboraren zati handi bat eskaini dio sare sozialetan agertzen diren sentimenduen arloko ikerketari, eta gaia gero eta garrantzi handiagoa bereganatzen ari da sarean beraiei buruz esaten dena ezagutu nahi duten erakundeen artean.
Nola neurtzen da sare sozialen bitartezko mezu bateko sentimendu baten balioa?
Ordenagailua ez da gai testua ulertzeko, eta, hortaz, mezuetako sentimendua neurtzeko algoritmoak eta formula estatistikoak erabiltzen ditugu, gure jarraipenean gako-hitzei (positiboak, negatiboak nahiz neutroak), «atsegin dut» delakoei eta abarri arreta emanik. Sare motaren arabera errazagoa ala zailagoa izango da neurketa hori. Adibidez, foro batean beti izango da askoz errazagoa. Twitterren kasuan, baina, 140 karaktere baino gehiago idazteko ezintasunak asko mugatzen gaitu, eta hainbat aldiz pentsatu behar dugu esan behar duguna, motz geratzeko arriskuarekin gainera.
Eta ironia?
Egoera batzuetan ez da hain zaila. Produktu bati buruz modu positiboan jarduten den iruzkin bat ikusten badugu eta gero 5 izarretik 1eko puntuazioa ematen badio, zerbait bat ez datorrela hautematen dugu. Era berean, kontuan eduki behar da askotan pertsonak beraiek ez direla gai ironia ulertzeko, zaila baita. Hitz-zerrendez gain, adierazpen erregularrekin ere egiten dugu lan, esaterako «nik fruta atsegin dut» esaldiaren moduko osaerarekin: subjektua (nik), objektua (fruta) eta aditza (atsegin dut). Horren guztiaren funtsa hizkuntza zenbakietara ahalik eta gehien itzultzea da, ordenagailua hura ulertzeko gai izan dadin.
Kontratatzen zaituzten enpresek zer eskatu ohi dute?
Sarritan ezagutu nahi dutena da zer nolako emozioak diren nagusi sarean haien inguruan diharduten mezuetan. Kasu horietan portzentajeekin egiten dut lan, eta argitalpen horiek sailkatu egiten ditut adierazten dituzten emozioen arabera.
Une honetan ari zara sare sozialei eta sentimenduei lotutako proiekturen batean?
Bai, aisialdian ikerketa bat egiten ari naiz lankide batekin batera, erabiltzaileek telefono mugikorrentzako aplikazioei buruz argitaratzen dituzten iruzkinen inguruan. Zer mezu mota diren aztertzen ari gara, produktuaz kexu badiren, hobekuntza jakinak eskatzen badituzten, e.a. Gure asmoa da etorkizunean enpresek informazio hori eskuratu ahal izatea, zer alderdi indartu behar dituzten ezagutze aldera. Egungo joera da produktu edo zerbitzu bati buruzko iritzia argitaratzea izugarri gustuko izan badugu edo gure aurreikuspenak betetzetik urrun geratu bada.
Sare sozialek enpresa-mailan zer garrantzi dutela uste duzu?
Erabiltzaileekin etengabeko harremanetan egoteko modurik onena da, izan ere, lehen ez zen hain erraza zure iritzia inguru hurbiletik kanpo partekatzea. Orain Interneten argitaratu duenaren esperientzia osoa ikus dezakezu, ona izan nahiz txarra izan. Erakunde askok sare sozialetan beraiei buruz esaten denaren ondorioak ateratzea bilatzen dute, datu kuantifikatiboen beharrean. Kritikatzea oso modan dago: mezu gehienek alderdi negatiboak nabarmentzeko joera dute, eta anonimotasunak lagundu egiten du kritikak ugari izaten. Konpainientzat dirua da hori, izan ere, orain jende guztiak haien produktuei buruzko iritzia ematen du, eta esperientzia horietan oinarrituta norabidea alda dezaketen erabakiak har daitezke.
Nondik atera zenuen sare sozialak eta sentimenduak lotzeko ekimena?
Enpresa bat harremanetan jarri zen nirekin Interneten hari buruz hitz egiten zenaren jarraipena gauzatzeko, eta, horren ondoren sarean argitaratutako mezuetako sentimenduak aztertzea ideia ona izan zitekeela pentsatzen hasi nintzen. Gero Maluuban egin nuen lan, hizkera naturalaren prozesamenduan eta ikaskuntza automatikoak espezializatutako Kanadako enpresa batean, eta haren proiektu nagusia Siriren moduko laguntzaile birtual bat garatzea izan zen. Bertan mezuen asmoa hautematen egin behar izan nuen lan, ordenagailuak haiek antzeman zitzala saiatzen.