Itzuli

Saskibaloia

Saskiaren kiroleko trebezia fisikoak

Euskadi da saskibaloia gehien praktikatzen duen tokietako bat, talde ugari baititu kategoria guztietan. Egia da Baskonia, Bilbao Basket eta, nesken kasuan, Gernika, Araski edo Gipuzkoa direla idatzizko prentsan, irratian eta telebistan orrialdeak eta saioak hartzen dituztenak. Hala ere, astebururo milaka neska-mutil aritzen dira saskiaren kirolean, herri eta auzo bakoitzeko kiroldegietako, ikastoletako eta eskoletako jokalekuetan. Gainera, gizonen eta emakumeen euskal selekzioak, Euskal Kirol Federazioen Batasunaren babesarekin, urtero lehiatzen dira nazioarteko beste selekzioen aurka, eta modalitate horretan dagoen maila handia erakusten dute. Izan ere, saskibaloia txiki-txikitatik praktikatzen has daitekeen kirol bat da. Aire zabalean nahiz pista estalian jokatzen da, eta hortaz, laster iritsiko den neguan edo eguraldi kaskarreko egunetan, neska-mutilek ez dute oztoporik entrenatzeko edo partidak jokatzeko. Saskibaloiak onura fisiko ugari dakartza, hala nola koordinazio hobea edo kontzentrazio handiagoa eta erreflexu-abiadura interesgarria. Era berean, bizkortasuna eta lokomozio-gaitasunak garatzen laguntzen du, praktikatzen duenari erresistentzia handia emateaz gain. Kirol-modalitate horrek sistema kardiobaskularra zaintzen eta babesten du, eta, gainera, gihar-erresistentzia hobetzen duenez, kaloriak erretzen laguntzen du.

Gizarte-alderdiari dagokionez, saskibaloian aritzen den pertsona ororen autonomia sustatzen du kirol horrek. Eta, bereziki txikienei, talde baten kide sentitzen laguntzen die; hala, gizartean toki bat edukitzeko prestatzen ditu. Hainbat balio erakusten dizkie, esaterako: lankidetza, elkartasuna eta talde-jokoa. Izan ere, taldeka egiten diren kiroletan, lehiakortasuna baino garrantzitsuagoak dira lankidetza eta adiskidetasuna. Joko horren dinamikak berak azkartasunez aritzen, denbora laburrean erabakiak hartzen eta partidek planteatzen dituzten egoera korapilatsuak ebazten erakusten die neska-mutilei. Intentsitate handiko beste edozer kirolek bezala, saskibaloiak gastu handia eragiten du energiari eta metabolismoari dagokienez. Erasoaldi azkarrak daude, korrikaldi asko, errebotea bilatzeko jauziak eta etengabeko mugimendua, eta horrek erresistentzia hobetzea ahalbidetzen duen gainahalegina eskatzen du. Gaitasun aerobikoa ere estimulatzen du, birikak sendotzen ditu eta metabolismoaren energia- eta erresistentzia-maila areagotzen du. Beraz, kirol gomendagarria da gazteengan iraupen kardiobaskularra indartzeko eta odol-zirkulazioa eta arteria-presioa erregulatzeko. Giharrak eta gorputzeko atal guztiak kontrolatzeko gaitasuna modu naturalean garatzen da, haurra hazten eta bere burua kontrolatzen ikasten doan neurrian. Gainera, kirol ezin hobea da oreka hobetzeko eta bizkortasuna estimulatzeko, batez ere blokeoen erantzunak, era guztietako paseak, jauzien kopurua, korrikaldiak, defentsak, driblinak, barneraldiak, hainbat distantziatatiko jaurtiketak, kontraerasoak, berreskurapenak, etab. direla-eta. Plangintza eta zehaztasun pixka bat eta erreakzio oso azkarrak behar dituzten trebezia asko eskuratzen dira. Saskibaloiak bizkortasuna eskatzen du baloiaren norabide-aldaketen aurrean oinak mugitzeko eta azkar erantzuteko. Horregatik, saskibaloian aritzen diren neska-mutilek trebezia fisiko horiek garatzen dituzte, bai eta jokaldiak prestatuz eta jokalekuan trebetasunez mugituz aurkariak gainditzeko lagungarriak zaizkien trebezia kognitiboak ere. Azkar erantzuteko gaitasuna azpimarratzen da; hori sormena estimulatzen duen abantaila bat da. Denboraldi honetan ere saskiaren kirolean pertsona asko trebatuko dira eta gure saskibaloi-jokalekuetan milaka partida jokatzeko garaia da.

Lotutako berriak