
Aztertuko dugun Auzitegi Gorenaren 2016ko abenduaren 1eko 1023/2016 zenbakiko Epaiak –1690/2014 kasazio-errekurtsoan doktrina bateratzekoak–, artikulu honen tituluan planteatutako eztabaida ebazten du, hain zuzen ere, Asturiasko bidaiarien garraioko enpresa bateko (200 langile inguru dituena) Ordezkaritza Sindikalak sustatutako Gatazka Kolektiboan sortutakoa.
Autoetan planteatzen zen gaia honako hau zen: enpresak langileei nomina euskarri informatikoan jakinarazteari dagokionez hartutako alde bakarreko erabakiaren baliozkotasuna; erabakiaren ondorioz, nomina langile bakoitzaren postontzian entregatzeko modua (paperean) aldatu zen, nominak langile bakoitzaren kontu pertsonalean txertatzeko mekanismo bat ezarriz. Postontzien ondoan kokatutako terminal informatiko batetik sar zitekeen langilea kontu horretan, soldata-ordainagiria ikusteko, NANaren zenbakia eta sarbide-gakoa sartuz. Ordainagiria inprimatzeko aukera ere ematen zuen.
Hasiera batean, Lan-arloko Epaitegiak ordezkaritza sindikalak jarritako demanda onetsi zuen, eta enpresaren eskaria baliogabetu; bestalde, Asturiasko Justiziako Auzitegi Nagusiak enpresak sustatutako erregutze-errekurtsoa onetsi zuen, txertatutako aldaketari baliozkotasuna emanez.
Aurreko doktrina bat (aztertutako kasuarekiko parekotasun handiko kasu bati buruzkoa; 2011ko abenduaren 22ko kontraesanezko Epaia, 3/2011 Kasazioa) alde batera utzita, eta kontuan hartuta datuak, dokumentuak, erabakiak eta abar biltzeko eta jakinarazteko papera erabili beharrean euskarri informatikoa erabiltzea orokortu dela, eta azken sistema hori asko erabiltzen dela eremu pribatuan nahiz Administrazio Publikoan, eta bestalde, enpresak ezarritako sistema berria langileentzat erraza eta eskuragarria dela balioetsita, Auzitegi Gorenak erabaki du enpresaren erabakia zuzenbidearen araberakoa dela, eta beraz, ordezkaritza sindikalaren errekurtsoa ezetsi egin du.
Aztertutako kasuan, zuzenean aplikagarriak diren xedapenak aztertzen dira Epaian, hau da, dagokigun gatazka kolektiboa sustatzen den unean indarrean dagoen Langileen Estatutuaren 29.1 artikulua, honako hau ezartzen duena: «honela dokumentatuko da soldata: langile bakoitzari ordainagiri bana emango zaio, soldata ordaindu dela zuritzeko. Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioak onartutako ereduari lotu behar zaio soldaten ordainagiria, salbu hitzarmen kolektiboz, edo halakorik ezean, enpresaren eta langileen ordezkarien artean lortutako akordioz beste ereduren bat onartuta; argi eta ondo banakatuta agertu behar ditu langilearen hartzeko guztiak, eta legez dagozkion kenketa guztiak».
Aipatutako eredua 1994ko abenduaren 27ko Aginduak (2014ko azaroaren 6ko Aginduak aldatu zuena) onartu zuen, baina arau horretan ez da ezartzen ordainagiri hori entregatu beharreko euskarriari buruzko ezer.
Badirudi lehen irakurketatik ordainagiria paperezko euskarrian entregatu behar dela ondorioztatzen dela, langileak soldataren ordainagiria sinatu behar duelako, baina lehen uste hori hutsalduta geratzen da, ez baita beharrezkoa langileak soldata-ordainagiriaren bi aleetako bat sinatzea, soldata banku-transferentzia bidez ordaintzen denean, frogagirian jasota geratzen delako.
Horregatik guztiagatik, Auzitegi Gorenak ebatzi du aipatutako kasuan –soldata-ordainagiria terminal informatikoaren bitartez balia daiteke, baita haren kopia bat lortu ere–, betetzen dela soldata-ordainagiriaren kopia entregatzearen helburuarekin, hau da, langileak likidatutako zenbatekoak jaso dituela eta likidazioa osatzen duten ordainketa- eta deskontu-kontzeptuak argi ezagutzen dituela bermatzea; bestalde, adierazten du paperezko euskarriaren ordez euskarri informatikoa ezartzeak ez diola kalterik edo eragozpenik eragiten langileari, eta ezin dela enpresak ezarritako sistema zailtzat hartu, beraz, enpresaren erabakia baliozkotzat jotzen du, enpresa pribatuek nahiz Administrazio Publikoek teknologia berrien aplikazioan izan duten jarrerarekin bat etorriz.
Raquel Martínez. Mutualiako lege-aholkularitzako abokatua
