conducir en verano
Itzuli

UDAN ERE SEGURU GIDATZEA

Uztailean eta abuztuan izaten dira Espainiako errepide bidezko joan-etorri gehienak. Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren datuen arabera, oporraldietan ibilbide luze eta ertaineko 90 milioi mugimendu baino gehiago izaten dira maiz. Horri gehitu behar zaizkio, halaber, bigarren mailako errepideetako ibilbide laburrak, txirrindulari eta oinezko gehiago ibiltzea eta hala ibilgailuan nola gidariarengan eragina duten bero-egoerak. Plangintza onak eta ohitura erraz batzuek nabarmen murrizten dute gorabeherak izateko arriskua.

1.  Ibilbidea eta atsedenaldiak planifikatzea

Bidaiatu baino lehen, komeni da errepideen egoera eta eguraldiaren iragarpena begiratzea. DGTren tresna ofizialek eta nabigazio-aplikazioek aukera ematen dute auto-pilaketak denbora errealean ezagutzeko, bestelako ibilbideak aukeratu ditzagun. Bereziki baliagarria da hamabostaldi-aldaketak saihestea (batez ere abuztuaren 15a, jaieguna delako), baita igandeetako arratsaldeak eta gauak ere, hiriguneetarako itzulera masiboa izaten baita.

Atsedena funtsezkoa da. Gutxienez bi orduan behin edo 200 kilometroan behin gelditzea gomendatzen da, hankak luzatzeko, hidratatzeko eta arreta berreskuratzeko. Gauez edo bero handieneko orduetan (normalean 13:00etatik 17:00etara bitartean) gidatzeak nekea areagotzen du; horrenbestez, ahal bada, komeni da tarte luzeenak goizeko lehen orduetan edo arratsaldeko azken orduan programatzea.

2.  Beroarekin gidatzea: ondorioak eta neurriak

Beroak zuzeneko eragina du gidatzeko gaitasunean. Bide-segurtasunari buruzko azterlanek erakusten dutenez, 25-27 °C-tik aurrera logura handitu egiten da, eta arreta murriztu.

35 °C-tik gora, gidariaren errendimendua 0,5 g/l inguruko alkoholemiarekin duenaren antzekoa da. Ibilgailuaren barruko tenperatura egokiena 21 eta 23 °C artekoa da.

Tenperatura egokia lortzeko:

  • Erabili aire girotua pixkanaka (ez jarri maximoan bat-batean).
  • Autoa eguzkipean aparkaturik egon bada, aireztatu minutu batzuk barruan sartu baino lehen.
  • Edan ura maiz, egarri ez bazara ere.
  • Baztertu logura eragiten duten janari astunak.

Gainera, beroaren ondorioz baliteke akats mekanikoak gertatzea: berrikusi hozgarri-maila, pneumatikoen egoera eta hozte-sistemaren funtzionamendua bidaia hasi aurretik.

3.  Gidatzeko oinarrizko arauak

  • Errespetatu abiadura-mugak eta zaindu segurtasun-tartea. Udan trafiko handiagoa egoten da, eta baliteke beste gidarien erreakzioak motelagoak izatea.
  • Ez edan alkoholik gidatu behar baduzu. Taldeko norbaitek edan badu, zure gain har ezazu hari gidatzea eragozteko erantzukizuna. Atal honetan garrantzitsua da gogoraraztea alkoholemia-tasa seguru bakarra 0ko tasa dela.
  • Itzali telefono mugikorra edo aktibatu auto modua. Ez gidariak ezta bidaiariek ere ez dute arreta mugikorrarekin edo nabigatzailearekin galdu behar.
  • Bidaiari guztiek gerrikoa lotuta eraman behar dute. Adingabeek haurrak atxikitzeko sistema homologatuetan bidaiatuko dute beti, beren pisu eta neurrira egokituta.
  • Atea ireki aurretik, begiratu atzera (holandarren erako teknika: kontrako eskua erabiltzeak dakar gorputza biratzea, eta egiaztatzea ez datorrela ibilgailu, txirrindulari edo oinezkorik).

4.  Ekipajea, maskotak eta segurtasun-elementuak

Jarri objektu astunak maletategiaren behealdean eta erdialdean, ongi ainguratuta. Atzeko eserlekuak hutsik badaude, lotu gerrikoak, balaztatuz gero ekipajeak aurrerantz egin ez dezan.

Maskotek lotuta (garraiatzailea, arnesa edo gerriko espezifikoa erabilita) eta gidariarengandik bereizita bidaiatu behar dute. Lau kilogramo eskaseko animalia solte bat 200 kg-tik gorako indarreko jaurtigai bihurtzen da 60 km/h-an izandako talketan.

Ibilgailuan honako hauek beti egon behar dira eskura:

  • Txaleko islatzailea; bat nahitaezkoa da, baina komeni da bi gutxienez eramatea.
  • V-16 larrialdi-argia, nahitaezkoa 2026tik aurrera, eta seinaleztapen-triangeluak, Espainiatik kanpora bidaiatzen baduzu.
  • Behar bezalako dokumentazioa: zirkulazio-baimena, asegurua indarrean eta IAT gaindituta.
  • Ordezko giltza sorta bat, beste bidaiari baten esku.

 

5.  Arropa eta oinetako egokiak

Erabili mugimenduak mugatzen ez dituen arropa arina, baita oinetako itxi eta erosoak ere, pedalak behar bezala zapaltzeko. Txankletek eta takoiek zaildu egiten dute ibilgailua kontrolatzea, eta ez dira komeni.

Neurri erraz horiek lagungarriak dira urteko mugikortasun handieneko aldietako batean ezbehar-tasa gutxitzeko.

Bidaia ongi planifikatzeak eta prebentzioz nahiz arretaz gidatzeak aukera ematen dute oporrak segurtasun handiagoz gozatzeko.

 

Uda zoriontsua eta bidaia ona izan!

Lotutako berriak