Hamaika urte igaro dira 2030 Agenda onartu zenetik. Denbora horretan, ekimenak bultzatu dira, baliabideak mobilizatu dira eta gero eta kontzientzia handiagoa hartu dugu aurrean ditugun ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-erronkez.
Bidea ez da erraza izan. Pandemiak, klima-krisiak, nazioarteko gatazkek eta tentsio ekonomikoek zenbait aurrerapauso moteldu dituzte. Baina argiago ikusten ere lagundu digute jasangarritasuna ez dela moda bat, ezta une jakin bateko betebeharra ere: etorkizunerako hobeto prestatzeko modu bat da.
Mutualian ere egin dugu geure bidea. Ekimen zehatzak abian jartzetik, jasangarritasuna gero eta kontzienteago txertatzera igaro gara: estrategian, kudeaketan eta erabakiak hartzeko orduan. Garapen Jasangarrirako Helburuek (GJH) lagundu digute ikusten non egin dezakegun ekarpena eta nola sor dezakegun balioa pertsonentzat, gizartearentzat eta ingurunarentzat.
Eta erronka hori ez dagokigu guri bakarrik. Erakunde guztiek lagun dezakete etorkizun jasangarriago bat eraikitzen, edozein direla ere haien tamaina eta jarduera: eguneroko erabakien bidez, pertsonak zainduz, baliabideak arduraz erabiliz eta ingurunearekin harremantzeko duten moduaren bidez.
Eta gero, zer?
Seguruenik, konpromiso eta erronka berriak etorriko dira. Kontua da dagoeneko funtsezko zerbait ikasi dugula:
Jasangarritasuna ez da bestelako gauzak egitea. Lehendik egiten genituen gauza askori eustea da jasangarritasuna, baina kontzientzia handiagoz, koherentziaz eta eraginari erreparatuta.
2030 Agenda lau urte barru amaituko da. Pertsonen, gizartearen eta etorkizuneko belaunaldien alde dugun konpromisoak, ordea, ez luke hor amaitu behar.
Mutualiatik, gure enpresa elkartuekin batera aurrera egiten jarraitu nahi dugu, ezagutza, esperientziak eta tresnak partekatuz, etorkizuneko erronkei elkarrekin aurre egiteko.
Izan ere, etorkizuna ez da 2030ean eraikitzen. Egunero hartzen ditugun erabakiekin eraikitzen da.

Ainhoa Apesteguia Busto
Garapen Jasangarriaren koordinatzailea
