medioambiente 2026
Itzuli

Ingurumena zaintzen dugu 

Ekainaren 5ean, Ingurumenaren Mundu Eguna ospatuko dugu. Gure planeta larrialdian dago, eta NBEk gogorarazten digun moduan, ezinbestekoa da berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea berotze globala geldiarazteko.   

Zer egin dezaket ingurumena babesteko eta klima-aldaketa geldiarazteko?  

“Keinu txiki bakoitzak axola du” 

Pentsatu zure kontsumo elektrikoari, bidaiei, erosketei, elikadurari eta abarri buruz. 

Nazio Batuek, GJHen bitartez, gure eguneroko ohituretan egin beharreko aldaketa txiki batzuk proposatzen dizkigu, gure karbono-aztarna murrizten lagundu ahal izateko. 

  • Etxean energia aurreztea: LED bonbillak erabiltzea, kontsumo baxuko etxetresna elektrikoak izatea, ur hotzarekin garbitzea, arropa esekitzea lehorgailua ibili ordez. Etxeko energia-efizientzia hobetzea, isolamendu hobea jarriz, eta berogailuaren eta aire girotuaren erabilera murriztea.   
  • Energia garbiak: Aldatu zure etxeko energia mota, galdetu konpainia elektrikoari nondik datorren energia (petrolioa, ikatza, gasa) eta iturri berriztagarrietara aldatu daitekeen, hala nola eguzki-energiara edo energia eolikora. 
  • Mugikortasun jasangarria: Oinez, bizikletaz edo garraio publikoz mugitu. Distantzia luzeetarako, trena, autobusa edo auto partekatua hegazkina baino aukera garbiagoak dira. Autoa aldatzekotan bazabiltza, kontuan hartu elektriko bat erosteko aukera. 
  • Kontsumo arduratsua: Erosi gauza gutxiago, erosi bigarren eskukoak, konpondu ahal duzuna eta birziklatu behar bezala, hondakinak eta plastikoak murrizteko. 
  • Elikadura kontzientea: Kontsumitu barazki, fruta, osoko zereal, lekale eta fruitu lehor gehiago, eta haragi eta esneki gutxiago. Landare-jatorriko elikagaien ekoizpenak emisio gutxiago sortzen ditu eta energia, lur eta ur gutxiago behar ditu. Janaria botatzean, janariaz gain, hura hazteko, ekoizteko, ontziratzeko eta garraiatzeko erabili ziren baliabideak eta energia xahutzen dituzu. Eta elikagaiak zabortegi batean usteltzen direnean, metanoa sortzen dute, berotegi-efektuko gas bortitza. Horrenbestez, erabili erosten duzuna eta bihurtu ongarri hondarrak. 
  • Ingurunea eta biodibertsitatea zaintzea: Ahal izanez gero, landatu bertako espezieak, saihestu produktu kimikoak eta intsektizidak eta parte hartu garbiketa-ekintza komunitarioetan. 
  • Zure diruak planetari eragiten dio: Aukeratu baliabideen erabilera arduratsuarekin eta emisioen murrizketarekin konprometitutako enpresen produktuak. Aurrezten ari bazara eta, adibidez, pentsio-funts batean inbertitzen baduzu, erregai fosilak edo deforestazioa babesten aritu zaitezke, egiaztatu zure aurrezkiak ingurumenaren aldetik jasangarriak diren enpresetan inbertitzen dituzula. 
  • Ozen hitz egin: Partekatu hurbileko pertsonekin ingurumena zaintzeko babesten dituzun ekintzak. 

Zer egiten dugu Mutualian ingurumenaren alde? 

Mutualian, jasangarritasuna gure eguneroko kudeaketan txertatuta daukagu, neurri hauen bitartez, besteak beste: 

  • ISO 14001 eta ISO 50001 ziurtagiriak mantentzea eta berritzea, ingurumen- eta energia-jardunaren etengabeko hobekuntzarekiko konpromisoa indartuz.  
  • Energia-kontsumoa eta horrekin lotutako emisioak murriztera bideratutako jarduketak finkatzea, hala nola luminariak pixkanaka LED teknologiarekin ordezkatzea, ekipoak beste efizienteago batzuekin berritzea edo energia-soluzio jasangarriak ezartzea, energia berriztagarrien instalazioak (fotovoltaikoak) eta aerotermia-sistemak barne. Halaber, % 100 jatorri berriztagarriko elektrizitate-hornidura bermatzen da. 
  • Energia-kontsumoen jarraipena eta kontrola; horrek ahalbidetzen du hobekuntza-aukerak identifikatzea eta datu objektiboetan oinarritutako neurri zuzentzaileak sustatzea, energia kudeatzeko sistemaren printzipioekin bat etorrita. 
  • Hondakinak murriztearen eta ekonomia zirkularraren aldeko apustua, erabili eta botatzeko plastikoak pixkanaka ezabatuz, material berrerabilgarriak edo birziklagarriak erabiliz eta kontratazio- eta erosketa-prozesuetan ingurumen-irizpideak sartuz. 
    • Ur-banagailuen ordez sarera konektatutako iturriak jarri ditugu, eta kristalezko botilak eta pitxerrak erabili ditugu. Ekimen hori ingurumen-praktika egokitzat jotzen dute IHOBEk eta Europako Batzordeak. 
    • Pazienteek kotoi organikozko zakuak jasotzen dituzte orain, plastikozko nezeserren ordez, produktu jasangarriekin (banbuzko eskuilak, adibidez). 
    • Plastiko birziklagarria edo berrerabilgarria erabiltzea, ahal dugun neurrian. 
  • Kudeaketa zirkularra eta jasangarria: 
    • Garbitegiko arropa oihalezko poltsetan bidaltzen eta jasotzen dugu, eta paper edo kartoi birziklatua erabiltzen dugu gure barruko postarako. 
    • Gure lizitazioetan ingurumen-irizpideak txertatzen ditugu, eta material biodegradagarriak, plastikorik gabeko bilgarriak eta hornidura ekologikoak lehenetsi. 
    • Erabiltzen ez diren ekipoak eta/edo materialak ematea, hondakinak gutxitzen laguntzeko eta ekonomia zirkularra sustatzeko.  
    • Gure ekitaldi guztiak IHOBEren Erronka Garbia metodologiaren araberakoak dira. Prozedura horri esker, ingurumenaren gaineko inpaktu negatiboak minimizatzea ahalbidetzen da. 

 

Mutualian, lanean jarraitzen dugu gure jarduera egunez egun arduratsuagoa izan dadin, pertsonen osasuna eta gure planetaren osasuna zaintzeko.  

 

Lotutako berriak