beow 2026 cas
Itzuli

BEOW26

Mutualiak garapen jasangarrirako helburuekiko (GJH) benetako konpromisoa finkatu du, eta ikuspegi horrekin bat datozen ekimenak bultzatu eta horietan aktiboki parte hartu du. Ahalegin horri Euskadi 2030 Agenda Aurreratua saria eman diote aurten, helburuok bere kudeaketa ereduan sartzeagatik.

 

Konpromiso hori dela eta, hilabete honetan, eta Ingurumenaren Mundu Eguna izango denez, bereziki interesgarria iruditzen zaigun ekimen baten berri eman nahi dugu: BEOW 2026. Ekimen horretan parte hartzera animatzen zaituztegu.

 


Aurten Basque Environment and Oceans Weekaren (BEOW) bosgarren edizioa egingo da. Ekaineko lehen astean izango da eta hainbat ekitaldi berezi antolatu dira. Helburua da Euskadin lurralde urdin eta berdea eraikitzea: aliantzen gunea, non enpresak, erakundeak eta herritarrak konektatzen baitira, berrikuntza eta ekintza kolektiboa bultzatu, inbertsio jasangarria erakarri eta Euskadi trantsizio ekologikora bideratzeko.

 

Ana Mata BEOWeko koordinatzailea da, baita ekitaldiak antolatzea bultzatzen ari diren pertsonen taldekoa ere.

Azalduko diguzu zertan datzan BEOW?

Nakusarbek sortu zuen BEOW. Ingurumenaren eta Ozeanoen mundu-egunen barruan egiten den ekitaldia da BEOW, eta herritarrak irtenbide zientifikoekin eta enpresa berrikuntzarekin konektatzen ditu, eta Euskadiko trantsizio ekologikoan itsasargi gisakoa da.

 

Alberto Santolaria itsas gaietako ikertzaile eta zientzialaria eta Nakusarberen sortzailea da.

Alberto, nola sortu zen BEOW?

25 urteko ikerketaren ondoren, uste dut beti zaila gertatu zaigula zientzia herritarrengana hurbiltzea. Beraz, BEOW sortu zen zientzia herritarrengana zuzenean iristeko, tarteko urratsik gabe; hau da, jendeak informazio guztia jasotzeko. Gure ustea zen pertsonek erabaki hobeak hartzen dituztela, zientzia eskuratzen badute, eta ez gara iritziz aldatu. Horregatik, zientzia herritarrei helarazten diegu, erabaki hobeak har ditzaten.

 

José Felix Gonzalo taldekidea da ekonomia berdearen sustatzaileetako bat da, eta, bereziki, Laukariz-Mungian ekainaren 4an elikadura-erresilientziari buruz egingo den ekitaldiaren sustatzailea.

Horrenbestez, José Félix, zergatik izan daiteke interesgarria BEOW enpresentzat?

Egia esan, unibertsitate munduan, badakigu arazoetako bat ikerketa «mundu errealera» eramatea dela. Hori da BEOWen helburua, gizartera iristeaz gain, Albertok esaten zuen bezala, enpresetara ere iristea. Ikertzeaz ari garenean, aplikagarria izateak du garrantzia, eragin handiagoa sortzeko. Unibertsitate munduaren helburu argia da hori, eta haiengana iristeko modua da enpresek ikerketa horiek aplikatzeko eta ondasun bihurtzeko konpromisoa hartzea, ikerketaren emaitza herritarrentzako eta jasangarritasunaren aldeko ondasun komun bihurtzeko. Tailerrak egingo ditugu, networking eran, enpresa liderrak, zientzialariak eta ekintzaileak konektatzeko, garapen ekonomiko berde eta urdin jasangarri, lehiakor eta birsortzailea bultzatzeko. Nire aldetik, ekainaren 4ko ekitaldia nabarmendu nahi dut. Laukariz-Mungian egingo da, eta ekonomia berdearen esparruko elikadura-erresilientzia izango da hizpide.

 

Koldo Bartolomé taldekidea da ekonomia urdinaren sustatzaileetako bat BEOW26an, eta, bereziki, ekainaren 5ean Blue Growth estrategiari buruz egingo den ekitaldiaren sustatzailea.

Aizu, Koldo, eta zergatik izan daiteke interesgarria BEOW gazteentzat edo halako batean ekintzaile bihurtzen direnentzat?

Tira, BEOWek benetako eragina sustatzen du, komunitatearen, familien, gazteen, enpresen eta zientziaren arteko intersekzioan dihardu eta. Albertok eta José Felixek aipatu duten bezala, gutxitan ikusten da halakorik. Eta guk BEOW kontzeptua sortu dugu propio horretarako eta aipatu intersekzioa sustatzeko. Lehiakortasuna, berrikuntza eta erresilientzia sustatu nahi dira eragile anitzeko lankidetzaren bidez, eraldatzen ari den ingurune globalaren aurrean. Nire aldetik, ekainaren 5eko ekitaldia nabarmendu behar dut. Itsas Museumean izango da, eta Blue Growth estrategia izango da hizpide. Ozeanoen Mundu Egunaren esparruan (ekainak 8), tailer horrek aztergai izango du Blue Growth estrategiak zer aukera eskaintzen duen Bizkaian lehiakortasuna, enplegua eta trantsizio ekologikoa bultzatzeko, barnean hartuta turismo jasangarria, berrikuntza eta itsasoari lotutako garapen ekonomikoa.

 

Jaime Legorburu taldekidea da BEOWeko Kultur Jaialdiaren sustatzaileetako bat, eta hilaren 6an eta 7an Zorrotzaurreko Terminalen egingo diren ekitaldiak nabarmendu ditu.

Jaime, enpresekin eta gainerakoekin tailerrak egiteaz hitz egin digute, baina nola hurbilduko da BEOW gizartera?

Herritarrentzat ere baden jaialdi bat egitea da asmoa, baina zer da hori? Zertan datza? Tira, enpresei aplikatzea oso ondo dago, baina herritarrei zabaltzeak berekin dakar ezagutza zabaltzea eta eragin gehiago sortu ahal izatea; alegia, guztiok aipatu dugun benetako eragin hori. Halako gaiak jorratzea eta ondo pasatzeko aukera izatea, zeren ezagutzak hobeto barneratzen ditu norberak, ondo pasatuz jaso baditu; ziur aski gogoan geratuko zaizkio, eta kontu horiez hitz egingo du, gehiagotan eta jende gehiagorekin. Beraz, jaialdi bat antolatu nahi dugu, enpresak bilduko dituena, musika eta kirol urdina egongo direna, emakumeek zeregin nagusia izango dutena eta itsasadarrean egingo dena, Bilboko ardatz nagusia da eta. Hemen bertan, euskal gastronomiarekin, enpresa horiek eta startupak leku berean bilduta, egun pare batez, hilaren 6an eta 7an, Zorrotzaurreko Terminalen.

 

Ana, nola azalduko zenuke labur BEOW eta zer berrikuntza dakarzkigu BEOW 2026k?

Labur esanda, BEOW honela sortu zen: zientzia herritarrengana hurbiltzeari ekin genionean, ohartu ginen enpresak behar genituela hurbilketa azeleratzeko, baina konturatu ginen modu ludiko batean egin behar genuela, herritarrak erakarri eta «kutsatu» ahal izateko. Eta orain, bosgarren edizio honetara iritsita, egia esan, oso gauza garrantzitsu batez jabetu gara: posizionatu egin behar gara, ezin dugu beste alde batera begiratu. Larrialdi planetarioan gaude, klima-larrialdian, eta posizionatu zaitezen behar dugu: nabarmendu zaitez; horregatik hautatu dugu Jane Goodall antropologoaren, tira, primateen ikerlariaren aipua. Aurten zendu da, eta eragin itzela izan du gugan. Primateen azterketari lotuta eman zuen bizitza osoa, eta honela dio aipuak: «Egiten duzun horrek marka uzten du; zeuk erabaki zer-nolako marka utzi».

 

Horregatik, edizio honek nolabait adierazi nahi duena da ezin duzula beste alde batera begiratu, ez duela balio «ez du zerikusirik nire bizitzarekin» leloak, «egin dezatela beste batzuek», ez, ez, ez. Guztiak posizionatu behar gara, edozertan, sinesten duzun horretan, baina posizionatu zaitez, eta ekin. Uste dut bosgarren edizio honek eragin ikaragarria izango duela, kontuan hartuta orain arteko bilakaera, ibilbidea eta informazioa, eta, gainera, taldetzarra da gurea. Horra Global Sound, soinuaren alderdian lanean ari dena, Dolmen 455, IDGen huba, Lurralde Urdina, Nakusarbe, guztiaren jatorria dena nolabait, natura, kultura, osasuna, artea eta edertasuna biltzen dituen leloa, etab. Baiki, uste dut aurtengoa mugarri izango dela, ez dakit zer iritzi duzuen, nola ikusten duzuen, baina, nire iritzian, aurtengoak sekulako eragina izango du.

 

Bai horixe. Ekainaren 4, 5, 6 eta 7an Ingurumenaren eta Ozeanoen Euskal Astean zain izango gaituzue.

Lotutako berriak