2019/01/14
28/2018 Errege Lege-dekretuak araudiari ekarritako aldaketak berrikuntza garrantzitsuak dakartza langile autonomoen kolektiboarentzat. 2019ko urtarrilaren 1etik, autonomoak, lehen aldiz, kotizatu egin beharko du kontingentzia profesionalengatik nahitaez; hau da, babes integrala jasoko du mutualitatetik, bai gaixotasun arrunten kasuan, bai laneko istripuen egoeretan edo gaixotasun profesionalen kasuan. Horrez gain, nahitaezkoa izango da autonomoak jardun profesionala uzteagatik edota langabeziagatik kotizatzea ere.
Horiexek dira berrikuntza nagusiak; izan ere, orain arte, laneko istripuen edo gaixotasun profesionalen estaldura barnean hartzea nahiz jarduna uzteari zegokion estaldura aukerakoak ziren langile autonomoentzat.
Hala, kolektibo horri zerbitzu eta prestazio gehiago ematea adierazten du berrikuntza horrek:
OSASUN LAGUNTZA
Kontingentzia profesionalen estaldurarekin (istripu edo gaixotasun profesionalak), osasun-laguntza osoa izango dute eskura, horien barnean hartuta lekualdaketak, larrialdiak, ospitaleratzea, sendagaiak, ebakuntza kirurgikoak, errehabilitazioa, etab. Mutualitateari dagokio baja ematea.
ALDI BATERAKO EZINTASUNAGATIKO PRESTAZIO EKONOMIKOA
Istripu edo gaixotasun profesional batengatik baja hartzen denean:
– Oinarri arautzailearen % 75 ordainduko da, baja ematen den egunaren hurrengotik hasita.
Gaixotasun arrunten kasuan edo lanetik kanpoko istripuetan:
– Oinarri arautzailearen % 60 ordainduko da, baja ematen den egunaren ondoko 4.etik hasita, eta % 75 ordainduko da, 21. egunetik aurrera.
BALIAEZINTASUNIK GABEKO LESIO IRAUNKORRENGATIKO, EZINTASUNAGATIKO ETA HERIOTZAGATIKO PRESTAZIOAK
Kontingentzia profesionalen estalduraren bidez, osasun-laguntzarako eta baja garaiko prestaziorako ez ezik, laneko istripuaren ondoriozko beste prestazio batzuetarako ere eskubidea izango du autonomoen kolektiboak.
– Kalte-ordainak, baliaezintasunik gabeko sekuelen aurrean.
– 24 hilekori dagokien kalte-ordaina, ezintasun iraunkor partzialen kasuan.
– 40 hilekori dagokien kalte-ordaina edo oinarri arautzailearen % 55eko edo % 75eko biziarteko pentsioa, ezintasun iraunkor osoaren kasuan.
– Oinarri arautzailearen % 100eko biziarteko pentsioa, ezintasun absolutuaren kasuan.
– Oinarri arautzailearen % 100eko biziarteko pentsioa + % 45eko edo % 50eko osagarria, baliaezintasun handiaren kasuan.
– Alarguntza- eta zurztasun-pentsioak eta kalte-ordainak edota aurreko ahaideen aldekoak, heriotza kasuan. Zenbateko horiei laguntza sozial bat eransten die Mutualiak, heriotzagatiko laguntza gisa.
JARDUERA UZTEAGATIKO PRESTAZIO EKONOMIKOA
Jarduna uztegatik kotizatzen dutenez, oinarri arautzailearen % 70 kobratzeko eskubidea izango dute, beraiek nahi gabe jarduna uzten denean. Kotizazio-aldiaren arabera, prestazioa 24 hilabetera arte iritsiko da.
– Justu jarduna utzi aurretik eta etenik gabe gutxienez 12 hilabetean kotizatzea.
– Jarduna erabat uztea eta behar bezala egiaztatzea.
– 32/2010 Legeko 4. eta 5. artikuluetan ezarritako kasuak. (Mutualitateen 35/2014 Legearen azken xedapenetatik bigarrenak aldatua).