2016/05/30
Normalean hitzarmen kolektiboen aldaera guztietan aurreikusten denaren arabera, enpresek aseguru kolektiboak itundu behar izaten dituzte, langileak beren lana dela eta hiltzeko edo ezgaitasun iraunkorra izateko arriskuen aurrean estaltzeko. Aseguruaren hartzailea enpresa izaten da, eta aseguratua langile bakoitza. Polizan, aipatutako kasuetan jaso beharreko kalte-ordainak zehazten dira, hitzarmenean adierazitako zenbatekoei jarraituz. Praktikan, poliza harpidetzen den unean enpresan dagoen langile kopurua alde batera utzita, Gizarte Segurantzan alta emanda dauden guztiak estaltzen ditu polizak. Polizaren urteko epemugan, aseguruaren prima erregularizatu egiten da, aseguratutako kolektibora sartutako edo bertatik ateratako langileen kopuruan izandako gorabeherak aintzat hartuta.
16/2013 Errege Lege Dekretuak eta berau garatzen duen 637/2014 Errege Dekretuak 1994ko Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 109.2 artikuluan egindako aldaketen ondorioz (gaur egungo GSLO/2015eko 147. art.), birdefinitu egin ziren gauzen bidezko ordainsaritzat hartu eta kotizazio-oinarrian sartu behar ziren kontzeptuak, eta kontzeptu berriak ere barneratu ziren; besteak beste, erakunde aseguratzaileei langileak estaltzeko ordaindutako primak edo kuotak.
637/2014 Errege Dekretuak baieztatu zuen hitzarmenari jarraikiz nahitaez itundu beharreko aseguruen primak kotizatu egin behar zirela, hilero-hilero, langile bakoitzeko. Praktikan, prima horiek kotizatzen dira nominan «hitzarmeneko asegurua» izeneko kontzeptu bat sartuz, langile bakoitzari aseguruaren prima garbitik dagokion zenbatekoa zehaztuta (prima garbia : langile aseguratuak : 12). Era berean, «asegurua» izeneko deskontu-zenbateko bat erantsi ohi da, zenbateko berekoa, deskontatzeko; izan ere, kotizaziopeko gauzazko ordainsari bat da, baina ez zaio langileari ordaindu behar, erakunde aseguratzaileari baizik.
Kotizazioaren arloko lege-aldaketak nolabaiteko nahasmena sortu zuen, ez zegoelako garbi kotizaziopeko kontzeptu horiek PFEZaren atxikipenak egiteko oinarrietan ere kontuan hartu behar ziren, eta, beraz, zergapeko laneko gauzazko ordainsaritzat jo behar ziren. Nahasmen hori honengatik gertatzen da, batez ere: kotizazioaren arloko araudiaren eskumena Estatuarena delako, eta, aldiz, zerga-arauketa autonomia-erkidegoko lurralde historiko bakoitzarena delako. Horrek diskordantzia batzuk eragiten ditu zerga-tratamenduaren eta kotizazio-arloaren artean. Tratamendu desberdin hori ilustratzeko adibide bat lokomozio-gastuen ingurukoa da: GSLOk, Estatuko zerga-arauarekin lotuta dagoenez, 0,19 €/km-tik gorako kopuruak kotizatu beharra aurreikusten du; hiru lurralde historikoetako foru-arauek eta -dekretuek, berriz, 0,29 €/km-tik gorako kopuruak bakarrik jotzen dituzte zergapeko gauzazko ordainsaritzat. Horren ondorioz, zati bat kotizaziopekoa da, baina ez zergapekoa, eta, beraz, baliteke nomina berean kotizazio-oinarriak eta zerga-atxikipenekoak berdinak ez izatea.
Diskordantzia hori, neurri handi batean, erakunde aseguratzaileei langileak estaltzeko ordaindutako prima edo kuotekin gertatzen da. Bizkaian eta Araban, prima horien tratamendu fiskala berdin-berdina da. Hala, bai 13/2013 Foru Arauko (Bizkaia) bai 33/2013 Foru Arauko (Araba) 17.1 artikuluan, honako hau jasotzen da laneko gauzazko errendimendu gisa: «Enpresak aseguru-kontratu bati edo antzeko bati jarraituz ordaindutako primak edo kuotak, hurrengo zenbakiko e) eta f) letretan xedatutakoa izan ezik». Artikulu bereko hurrengo atalean jasotako salbuespen horrek zehazten duenez, honako hauek ez dira laneko gauzazko errendimendutzat hartzen:
e) Enpresak langilearen laneko istripuetako edo erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatuta izateagatik ordaintzen dituen primak edo kuotak.
f) Heriotza- edo baliaezintasun-kasuetarako arrisku soileko aldi baterako aseguru kolektiboko kontratuei dagozkien primak, erregelamendu bidez finkatzen den mugara arte.
Era berean, azken puntu horren erregelamendu-garapena 47/2014 Foru Dekretuko (Bizkaia) 58. artikuluaren eta 40/2014 Foru Dekretuko (Araba) 55. artikuluaren bitartez egin da, eta biek ala biek honako hau adierazten dute:
Zergaren Foru Arauaren 17. artikuluko 2. zenbakiko f) letran xedatutakoaren arabera, hitzarmen, akordio kolektibo edo xedapen baliokide batean finkatutakoari jarraituz kontratatzen diren heriotza- edo baliaezintasun-kasuetarako arrisku soileko aldi baterako aseguru kolektiboei dagozkien primen zenbatekoa ez da gauzazko ordainsaritzat hartuko.
Ondorioz, Bizkaian eta Araban, enpresak langilearen laneko istripuetarako edo erantzukizun zibileko aseguru-kontratuengatik ordaintzen dituen primak edo kuotak salbuetsita daude, baita heriotza- edo baliaezintasun-kasuetarako arrisku soileko aldi baterako aseguru kolektiboen kontratuei dagozkien primak ere.
Gipuzkoaren kasuan, zerga-araubidea pixka bat ezberdina da, 3/2014 Foru Arauan eta 33/2014 Foru Dekretuaren bidez onartutako haren Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Beste bi lurraldeetan bezala, Gipuzkoan ere, Foru Arauaren 17.2 artikuluaren arabera, salbuetsita daude enpresak langilearen laneko istripuetarako edo erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatuta edukitzeagatik ordaindutako prima edo kuotak. Heriotza- edo baliaezintasun-kasuetarako arrisku soileko aldi baterako aseguru kolektiboko kontratuei dagozkien primen kasuan dago ezberdintasuna. Foru Arauaren 17.2.f) artikuluaren eta Foru Dekretuaren 54. artikuluaren arabera, heriotza- edo baliaezintasun-kasuetarako arrisku soileko aldi baterako aseguru kolektiboko kontratuei dagozkien primen zenbatekoa, 500 euroko mugara arte, ez da gauzazko ordainsaritzat joko, baina kopuru horretatik gorako zenbatekoak zergapetuta egongo dira.
Sin. Iñaki Esnal. Mutualiako Lege Aholkularitzako letradua