2017/01/31
Jardunaldia datorren otsailaren 22an izango da, Gasteizen, eta aurkezpenean OSALANeko zuzendari nagusia den Alberto Alonso jaunak parte hartuko du.
“ISTAS”, “Athlon Koop. E”, “Azti Gune Teknologokoa”, “Innovalia” eta “Mercedes Benz España S.A.U.” enpresek beraien esperientzia praktikoak ezagutaraziko dizkigute.
Nahasmendu muskulu-eskeletikoak lanak eragindako gaixotasun ohikoenetako bat dira; milioika langileri eragiten diete Europan, eta enpresaburuei milaka milioi euroko kostuak eragiten dizkiete. Nahasmendu muskulu-eskeletikoei aurre egiteak langileen bizitza hobetzen laguntzen du, nahiz eta enpresaren ikuspegitik ere zentzua izan.
Estatistikako Institutu Nazionalak egindako Espainiako azken Osasun Inkestaren arabera, muskuluetako minak laneko bajen arrazoi ohikoenetako bat dira. Era berean, Laneko Segurtasun eta Higieneko Institutu Nazionalak nabarmendu du 2013. urtean gehiegizko esfortzuak eragindako 197.381 lan-istripuren berri eman zela, hau da, lan-istripuen % 38,5, eta CEPROSS sistemaren bidez, 12.891 nahasmendu muskulu-eskeletiko jakinarazi zirela, hau da, urte horretan jakinarazitako gaixotasun profesionalen % 71,1. Aldi berean, GSINen datuen arabera, gaixotasun arruntak eragindako aldi baterako ezintasunaren lehen kausa lunbalgia da.
Azaldutako datuak izugarrizkoak dira, lan-munduko baja gehienak nahasmendu-mota horiei dagozkiela adierazten baitute. Esparru horretan, prebentzioa min horiek saihesteko jarrera egokiak eta ariketak ikastean eta mantentzean datza.
Prebenitzeko, zehazki zer prebenitu nahi dugun jakin behar dugu. Nahasmenduak eragiten dituzten faktoreak identifikatzea eta egoera bakoitzean balorazio ergonomikoa egiteko metodo egokiak erabiltzea da lehen urratsa. Jardunaldian, Mutualiak «Gaixotasun profesional muskulu-eskeletikoak» pendrivea aurkeztuko du. Aplikazio horrek hainbat argibide ematen ditu, bai arriskuak prebenitzeko ardura dutenen arduradunentzat, bai lanbide-gaixotasuna duten langileentzat, galdera horien eta beste batzuen erantzuna jakiteko, hala nola enpresaren betebeharrak; gaixotasunak analizatzeko ebaluazio-metodo ergonomikoak, bai eta patologia bakoitzaren inguruko informazioa, kausak eta saihesteko modua.
Baina ezin gaitezke baloraziora mugatu; aitzitik, neurri egokiak hartu behar ditugu eta horien eraginkortasuna neurtzeko jarraipena egin behar dugu. Beste pauso bat ere eman behar dugu: sentsibilizazioa handitzeko eta irtenbide eraginkorrak aktiboki bilatzeko ekintzak bultzatzea.
Azken urteotan, ikertzaileek, teknikoek eta enpresa-arduradunek ergonomia parte-hartzailea aldarrikatzen dute laneko gaixotasunak murrizteko metodologia eraginkor eta berritzailetzat. Prebentziorako tresna horrek, Estatu Batuetan eta Kanadan goraldian, emaitza onak ematen dituela frogatu du, dela langileen osasuna hobetzen dela enpresen produktibitatean.
Beste hitzaldi batzuetan, ergonomiako esku-hartzeen ikuspegi orokorra nola zabaltzen den ikusiko dugu, eta hor faktore asko dagoela: Fisikoak eta biomekanikoak, antolamendu-faktoreak, psikosozialak, banakako faktoreak eta faktore pertsonalak. Azkenik, teknologia berriek esku-hartze zuzenagoak eta eraginkorragoak lortzeko tresna berriak eman ditzaketela ikusiko dugu.