Auzitegi Gorenaren otsailaren 17ko 167/2026 Epaiak Malagako enpresa batek aurkeztutako aurkaratzea aztertzen du. Aurkaratze hura Ministroen Kontseiluaren erabaki baten aurka aurkeztua zen, zeinak 185.721,19 euroko zehapena ezarri baitzion enpresari 2018ko azarotik 2024ko ekainera bitartean Gizarte Segurantzaren kuotarik ez ordaintzeagatik, kotizazio-dokumentazioa RED sistemaren bidez aurkeztu arren.
Aztertutako epaian, enpresaren zenbait eskaera jaso ziren, hala nola lan-arloko jurisdikzioa ote zen eskuduna prozeduran, eta Auzitegi Gorenak erantzun du baietz, harena dela eskumena, aurkaratzen den auzia arau-hauste akta baten ondoriozko Gizarte Segurantzaren arloko administrazio-zehapen bat delako.
Era berean, zehapen-erabakia erabat deuseztatzeko eskatzen zen, enpresak uste baitzuen ez zituela betetzen behar adina arrazoitzeko baldintzak, eta, gainera, akats bat zuela, oker aipatzen baitzuen Lan arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen artikulu bat. Horrek defentsa-gabezia sortzen zuen enpresaren aburuz. Alabaina, uzi horiek baztertu egin ziren, Auzitegi Gorenak baloratu baitzuen akats horrek ez zuela eragiten benetako defentsa-gabeziarik, espedientean zehatutako egitateak irakurrita argi eta garbi ondorioztatzen baitzen zein zen egotzitako arau-haustea eta zein zen aplikatu beharreko arau-esparrua.
Enpresak bi defentsa-lerro aurkeztu zituen. Lehenengoa, epaiak partzialki baietsia, zehatzeko kontuan hartu ziren ordaindu gabeko kuoten preskripzio partziala izan zen. Salaren iritzian, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak eta Gizarte Segurantzaren Laneko Ikuskaritzak ez zuten egin jarduerarik 2024ko urria baino lehen, eta, beraz, kotizatzeko betebeharra 4 urtera preskribatzen denez, preskripzio horrek berekin dakar ezin zehatzea kuota horiek ez ordaintzea, jada galdaezinak diren heinean. Horren ondorioz, eskatutako zenbatekoa askoz txikiagoa zen aurrekoa baino.
Bigarren defentsa lerroa izan zen pandemia (2020. urtea eta hurrengoak) eta diru-sarreren beherakada ezinbesteko egoeraren parekoak izan zirela, edo, gutxienez, erantzukizuna baztertzeko edo nabarmen jaisteko arrazoi nahikoa izan zirela. Auzitegi Gorenak azaldu duenez, Lan arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen 22.3 artikuluak modu itxian jasotzen ditu arau-haustea baztertzen duten arrazoiak: konkurtsoa aitortzea, ezinbesteko kasua eta ukatu gabeko geroratze-eskaera. Salak arrazoitzen duenez, enpresa ez zegoen hartzekodunen konkurtsoan, ez zuen eskatu geroratzerik ikuskatze-jarduera baino lehen, eta, gainera, haren arazo ekonomikoak ez zetozen bat ezinbestekotasunaren kontzeptu juridikoarekin, zeinak kanpoko, ustekabeko edo saihestu ezinezko gertaera bat eskatzen baitu, enpresaren zirkulutik kanpokoa. Salak berresten du ezen, zailtasun ekonomikoak —nahiz eta handiak izan eta COVID-19arekin larriagotu— ez direla nahikoa halako arau-hauste batean zehapen-erantzukizuna baztertzeko. Are gehiago, legegileak hain justu aldatu egin zuen araua, eta “enpresaren ohiz kanpoko egoerari” buruzko aurreko aipamenaren ordez errugabetze-kasuen katalogo zorrotzago bat jaso zuen, segurtasun juridikoa indartzeko eta enpresak ordenamendu juridikoak aurreikusitako mekanismoetara jo ahal izateko, hala nola atzerapena eskatzera edo hartzekodunen konkurtsoa abiarazteko eskatzea. Alabaina, ez zen halakorik egin, eta, beraz, COVID-19aren pandemiaren egoera koiunturala ez da salbuetsi behar Lan arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen 22.3 artikulua aplikatzeko.
Azkenik, Auzitegi Gorenak erdibideko soluzio bat lortzen du. Ez du zigorra erabat deuseztatzen, eta ez du onartzen jokabide hori enpresaren egoera ekonomikoagatik desenkusatuta gelditzea. Alabaina, zuzendu egiten ditu kuoten zati bat preskribatzeagatik ordaindu beharreko urteak; berebat, jokabidea arau-hauste astuntzat jotzen segitzen du, eta, aldi berean, gehieneko maila egozten dio, baina isunaren azken zenbatekoa murriztuta.
Finean, epaia garrantzitsua da, berretsi egiten baitu kotizazioen preskripzioa eteteko ez dela nahikoa Administrazioaren barne jarduerak edo jarduera orokorrak egitea; hau da, beharrezkoa dela enpresak formalki jakitea jarduketa bat abian dela. Eta, aldez aurreko jarduketa hori ez dagoenez jasota, Auzitegi Gorenak murriztu egiten du zehatzeko zorra eta, horrekin batera, isuna. Dena den, berretsi egiten du arau-haustea, eta baztertu egiten du zailtasun ekonomikoak bere kabuz ezinbesteko gisa kalifikatu ahal izatea.
Mutualiako lege-aholkularitzako abokatua
