2018/12/20
Laneko harremana iraungitzen den unean ordaindu beharreko azken kitapenean jaso behar den kontzeptuetako bat sortutako oporrei eta gozatu gabeei dagokiona da. Printzipioz, oporrak ezin dira diru bidez konpentsatu (LE 38.1. art.), non eta ez den horiez gozatzeko denbora materialik gelditzen; laneko harremana haiez gozatu baino lehen iraungitzen denean gertatu ohi da hori, hain zuzen ere.
Oporren sortzapena ez da ordainketa moduaren bitartez zehazten (hilean behin, astean behin edo orduka), metatutako kontratu epea kontuan hartuta dagozkion opor egunen arabera baizik.
Opor egunek ezin dute, hitzarmenean epe luzeagoa xedatzen denean izan ezik, 30 egun naturaletik beherakoak izan (LE 38.1. art.), hau da, larunbatak, igandeak eta jaiegunak kenduta, 22 lanegunen baliokide izaten da opor epea. Oporraldi hori urte osoa kontuan hartuta kalkulatzen da; beraz, 22 egun horiek guztiak lan-urtearen barruan bete behar dira oso-osorik. Lan-epea urtetik beherakoa den kasuetan, opor epe hori proportzioan murrizten da.
Kontratuan ordukako ordainketa hitzartzen denean, ez da oporren sortzapena salbuesten, eta berdin-berdin ordaindu beharko dira oporrak. Gehieneko lanalditik eta hitzarmenean edo lege xedapenean aurreikusitako opor egunetatik abiatuta egiten da kalkulua. Jar dezagun adibide erraz bat: demagun lanaldiaren urteko zenbatekoa 1.700 ordukoa dela eta urteko opor egunen kopurua 22 lanegunekoa dela. Nahikoa da kalkulu aritmetiko soil bat egitea zehazteko kasu honetan opor egun bakoitzari dagokion sortzapena 77,77 lan-ordu betetzearen ondoriozkoa izango dela (1.700:22). Kontratua iraungitzeko unean oporraldiez gozatzeko eskubidea ematen dion epea pilatu badu eta opor egun horiek ez badira hartu edo ezin izan bada horiez gozatu, diruz kitatu beharko dira, logikoa denez, ez baita aintzat hartzen ordukako soldataren ordainketan librantza egun horiei dagokien soldataren ordainketa jasota dagoenik.
Bestelakoa da, aldiz, etxeko langile baten kontratuaren kasu zehatza, izaera bereziko laneko harreman bat baita (LE 2.1.b) art.), ez duelarik LEren ohiko araudiak arautzen, azaroaren 14ko 1620/2011 Errege Dekretuak baizik. Demagun kanpoko etxeko langile bat dela, ez iraunkorra ez esklusiboa (gogoan izan behar dugu azaroaren 14ko 1620/2011 Errege Dekretuaren 9.1 artikuluaren arabera 40 ordukoa dela asteko gehieneko lanaldia; beraz, astean 20 ordutik gorako lanaldia duten langileak langile esklusibo eta iraunkortzat hartzen dira). Hori garrantzi handikoa da, honako honegatik:
Aldizkako lan baten kasuan, ordukakoa eta kanpoko erregimenean, 2018rako finkatutako LGS aplikatuko da, hau da, 5,76 euro/ordua, eta bertan sartuta dago igande eta jaiegunei, aparteko ordainsariei eta oporrei dagokien zati proportzionala. Kasu horretan, lan egindako orduaren gutxieneko prezioa 5,76 eurokoa da 2018an, eta kopuru horretan sartuta daude etxeko langileen eskubide diren aparteko bi ordainsarien zati proportzionala zein oporrak. Beraz, kasu honetan, oporrak iristen direnean edo aparteko ordainsaria ordaintzen den hilabeteetan, enplegatzaileak ez du aparte ezer ordaindu behar, non eta alderdiek ez duten ordainsari handiagorik hitzartu.
Kontsulta berri bat egiteko, egin klik hemen
Iñaki Esnal
Mutualiko Aholkularitza Juridikoa