2019/04/25
GAUR EGUN ZERI ESATEN ZAIO “JARDUERA PROPIOA”, ENPRESA NAGUSIARI ERANTZUKIZUN SOLIDARIOA EXIJITU AHAL IZATEKO, ENPRESA AZPIKONTRATISTAK GIZARTE SEGURANTZAREKIN DITUEN EZ-BETETZEAK DIRELA ETA?
Duela gutxiko 2019ko otsailaren 27ko Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietarako Salaren epaiak (232/2016 Kasazioko errekurtsoa) jurisprudentziaren eboluzioa eta egun egonkortu dena gogorarazi zuen. Hauxe da egun indarrean dagoen araudia:
Langileen Estatutuaren 42. artikulua (2/2015 Legegintzako Errege Dekretua):
– Beren jarduerari lotutako obrak edo zerbitzuak kontratatzen edo beste batzuen bidez azpikontratatzen dituzten enpresaburuek kontratista horiek Gizarte Segurantzako kuotak ordainduta dituztela egiaztatu beharko dute. Horretarako, dagokion enpresaren identifikazioa emanda, idatziz eskatu behar diote Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari zorpekoen ziurtagiri negatiboa; Diruzaintzak, aitzakiarik gabe, hogeita hamar eguneko epean eman behar du ziurtagiria, bat ere gehiago luzatu gabe, eta erregelamenduz zehaztutako moduan. Epe hori igaro eta gero, eskabidea egin duen enpresaburua erantzukizunik gabe geldituko da.
– Gizarte Segurantzarekiko aurretik adierazitako epea igaro denean izan ezik, enpresaburu nagusia izango da kontratistek eta azpikontratistek Gizarte Segurantzarekiko hartu dituzten betebeharren erantzule solidarioa, kontratuak irauten duen denboran eta enkargua bukatu ondorengo hiru urteetan zehar.
– Ez da erantzukizunik izango kontratistaren egintzengatik kontratatutako jarduera familiaburu batek bere etxebizitza dela-eta kontrata dezakeen eraikuntzari edo konponketari bakarrik badagokio, ezta obraren edo industriaren jabeak ez badu enpresa-jarduera batengatik kontratatu jarduera hori ere.
Indarrean dagoen Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 18.3 art. (8/2015 Legegintzako Errege Dekretua):
– Kotizatzeko betebeharra eta Gizarte Segurantzaren gainerako baliabideak ordaintzeko betebeharra betetzeko erantzuleak dira araubide eta baliabide bakoitzak diru-sarrera egiteko betebeharra zuzenean ezarrita duten pertsona fisiko edo juridikoak edo nortasunik gabeko entitateak, bai eta, gainera, erantzukizun horiek dakartzaten egitate, ez-egite, negozio edo egintza juridikoen erantzule solidarioak, erantzule subsidiarioak edo mortis causa oinordekoak ere, Gizarte Segurantzaren betebeharrak edo legeen aurkakoak ez diren itun edo hitzarmenak aipatzen dituen edo salbuesten ez dituen lege
mailako edozein arau aplikatuta. Erantzukizun solidario, subsidiario edo mortis causa hori lege honetan eta bera garatzeko araudian ezarritako diru-bilketarako prozeduraren bitartez deklaratu eta eskatuko da.
Jurisprudentziaren analisia:
– 1995eko urtarrilaren 18ko Auzitegi Gorenaren Sala Sozialaren Epaia, 15/1994 RCUDan emandakoa. Horren bidez, “jarduera propioa” modu zabalean arrazoitu zuen hasiera batean, bigarren zuzenbide oinarrian:
“”[…]Langileen Estatutuaren 42. artikulua ezartzeko izatezko kasuaren oinarria da aginduak aipatutako kontrata edo azpikontrataren xedeak egiten duen enpresaren jarduerari berari dagozkion obra eta zerbitzuak egitearen ingurukoa izan behar duela. Enpresaren jarduera propiotzat jo behar dena zehazteko, doktrina nagusiak dio horren ziklo produktiboari dagozkion obra eta zerbitzuak direla, hau da, enpresaren jarduera nagusiaren parte direnak. Enpresaren xedera atxiki baino, lortzeko beharrezkotasuna da jarduera propioaren kontzeptua definitu beharko lukeena. Halaber, doktrinak aipatzen du mota honetako kontrata baten aurrean egongo ginatekeela hura kontzertatu ezean, egiten dituen enpresariak berak egin beharko lituzkeela obra eta zerbitzuak, egin ezean bere enpresa jarduera kaltetuko litzatekeelako. Orokorrean, doktrina enpresaren jarduerari berari dagozkion kontraten kontzeptua “in extenso” ezartzearen aldekoa da. Kanpoan geratuko lirateke bakar-bakarrik produkzio helburutik eta haren jarduera normaletatik deskonektatuta dauden obra eta zerbitzuak.
– Dena den, irizpide zabal horrekin ondorioztatzen zen kontrataren helburu zen oro enpresaren jardueraren garapenarekin lotuta egon ohi zela. Horrek, aipatutako 42. artikuluko izatezko kasuaren exijentzia ez ulertzera garamatza.
– Horrela, azkenekoen artean epai hau nabarmendu dezakegu: 2017ko ekainaren 15eko Auzitegi Gorenaren lan-arloko Salaren epaia, 972/2016 RCUDn emandakoa, hauxe dioena:
“”[…]”Jarduera propioaren” ideia Salaren doktrinan zehaztu da 1995eko urtarrilaren 18ko, 1998ko azaroaren 24ko eta 2002ko azaroaren 22ko epaietan. Jarduera bat enpresarena “propioa” izatea zehazten duena produkzio zikloari atxikita egotea da. Zentzu honetan, 1998ko azaroaren 24ko epaiak aipatzen du hasiera batean kontzeptu honen bi interpretazio egin daitezkeela: a) jarduera propioa “ezinbesteko jarduera” dela ulertzen duena, eta kontzeptua osatuko dute, enpresaren produkzio zikloa osatzen dutenez gain, lana antolatzeko beharrezkoak diren guztiek; eta b) kontzeptuan atxikitako jarduerak bakarrik barne hartzen dituena, eta beraz, enpresa nagusiaren produkzio zikloari dagozkion lanak bakarrik izango dira enpresaren “jarduera propioa”. Lehenengo kasuan berezkotzat jotzen dira lan osagarriak ere. Bigarrenean, “nuklearrak” ez diren lan horiek kontzeptutik at daude, eta ondorioz, Langileen Estatutuaren 42. artikuluaren erregulaziotik at. Baina adierazitako epaiak zehazten
duen bezala, 1995eko urtarrilaren 18ko epaiaren doktrina jasoz, “kontratatzen edo azpikontratatzen diren obra eta zerbitzuak egiten dituenaren enpresa-jarduerari berari lotuta egon behar direla exijitzen bada, legegileak edozein enpresa-jardueraren aldeko interpretazio bat baztertzen duen arrazoizko muga bat pentsatzen ari delako da”. Posible direnen arteko lehendabiziko interpretazioak Langileen Estatutuaren 42. artikuluaren aginduaren efektua baliogabetzen duela argi dago. Izan ere, egiten duen enpresariaren erantzukizun kasuak murrizteko xedea bakarrik dauka, eta hori dela eta, ondorioztatu da “enpresaren jarduera propioa egiten duenaren obra eta zerbitzu NUKLEARRAK barne hartzen dituena dela dioen interpretazioari kasu egin behar zaiola”.
Merituaren doktrinak ezberdintasuna ezartzen du ATXIKITAKO jardueren (produkzio-zikloaren barne direnak) eta kategoria horretakoak ez diren arren jarduera egiteko beharrezkoak diren jardueren artean, eta amaitzen du azken horiek Langileen Estatutuaren 42. artikuluaren eremutik ateraz”.
Jose Angel Moral
Mutualiako Aholkularitza Juridikoa
Apirila 2019