ZAINTZA PARTEKATUA DUTEN GURASO BANANDUEN KASUAN, JASO AL DEZAKETE BIEK ALDI BEREAN FAMILIA-UNITATEARI (SEME-ALABAK) DAGOKION BIZITZEKO GUTXIENEKO DIRU-SARRERA?

Kontsulta osagarri gisa planteatzen zaigu ea guraso banandu batek, adingabeen zaintza partekatua duenean baina seme-alabak beste ezkontidearekin bizi direnean, eskubidea duen bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazioa jasotzeko, bizikidetza-unitateari dagokion zenbatekoan, seme-alaba adingabeekin.
Erantzuna ezezkoa da. Zaintza partekatua duten guraso bananduen kasuan, ezin dute biek aldi berean jaso familia-unitateari (seme-alabak) dagokion bizitzeko gutxieneko diru-sarrera. Izan ere, prestazioaren zenbatekoa zehazteko, gurasoetako batekin herritartuta dauden seme-alaba adingabeak bakarrik hartzen dira bizikidetza-unitatearen zatitzat. Hau da, seme-alabak erroldatuta dauden bizilekuko gurasoa soilik izan daiteke bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren onuradun —adingabeak dituen helduaren bizikidetza-unitate bati dagokion zenbatekoa jasoko du—.
Beste gurasoak, zaintza partekatua izan arren, ezin ditu seme-alabak bere bizikidetza-unitatean sartu ondore horietarako. Legeak galarazi egiten du pertsona bera bi bizikidetza-unitatetako kide izatea, eta berariaz xedatzen du zaintza partekatuko kasuetan adingabeak herritartuta dauden unitatean integratzen direla.
Hala, Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera ezartzen duen maiatzaren 29ko 20/2020 Errege Lege Dekretuaren 10.4 artikuluak hau dio berariaz: “Judizialki ezarritako zaintza partekatuko kasuetan, seme-alaba berberak edo judizialki ezgaitutako adingabeak edo adinekoak, familia-unitate berekoak ez direnean, egoitza duten unitateko kide direla iritziko zaio prestazioaren zenbatekoa zehazteko orduan”.
Auzitegi Gorenak berriki eman du horri buruzko epaia: 742/2025 Epaia, uztailaren 18koa. Kasua zehatz-mehatz aztertzen du eta adierazitako zentzuan ematen du ebazpena, alegia, auzi-jartzaileari ukatu egiten dio seme-alaba adingabeak bizikide izategatiko bizitzeko gutxieneko diru-sarrera; izan ere, seme-alabak ez dira haren bizikidetza-unitatearen parte, beste gurasoaren etxebizitzan daudelako herritartuta.
Cristina Cearra Guezuraga
Mutualiako lege-aholkularitzako abokatua
