Auzitegi Gorenaren eta Eskumen Gatazken Salaren jurisprudentzia berrienaren arabera, lan-arloko jurisdikzioaren araubideari dagokio eskumena, baldin eta uziaren oinarria bada, espresuki edo inplizituki, lan-arriskuen prebentzioari buruzko araudia ez betetzeko asmoa, nahiz eta demandatzailea funtzionario publikoa edo estatutupeko langilea izan.
Konklusio horrek salbuespena sorrarazten du arau orokorrean, haren arabera administrazioarekiko auzien araubideari baitagozkio oinarrizko eskubideei, laneko jazarpenari edo funtzionarioen eta estatutupeko langileen zerbitzu-harremanei buruzko auziak. Bi alderdi nagusitatik landuko dut planteatutako aztergaia:
- Funtzionario- edo estatutu-harremanetik eratorritako gatazkak, laneko jazarpenagatiko oinarrizko eskubideak babesteko prozedurakoak barne, administrazioarekiko auzien araubideari dagozkio, hasiera batean eta orokorki. Horixe izan zen Auzitegi Goreneko Lan Arloko Salaren maiatzaren 17ko 544/2018 epaiaren tesia, egikaritzen zen ekinbidea oinarrizko eskubideen urraketa bat salatzera mugatzen zenean, lan-arriskuen prebentzio-araudian oinarritutako erreklamazio autonomo bat zertu gabe. Beraz, funtzionario batek salatzen badu jazarpen moraleko, duintasuna urratzeko edo oinarrizko eskubideak urratzeko egoera bat soilik, Administrazioak bete ez dituen prebentzio-betebeharrekin lotu gabe bere uzia, administrazioarekiko auzien eskumena izango da.
- Egoera aldatu egiten da salatzen duenean Administrazioak laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko prebentzio-betebeharrak ez dituela bete.
Lan Arloko Jurisdikzioa Arautzen duen Legearen (LAJAL) 2.e) artikuluak lan-arloko araubideari esleitzen dio beren-beregi langile publiko guztiei (funtzionarioak eta estatutupeko langileak barne) laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudia betetzen dela bermatzeagatik sortutako gatazkak behatzeko ardura.
Jurisprudentziak modu hedakorrean interpretatu du manu hori, eta uste du lan-arloko araubidea prebentzio-araudiaren “bermatzaile” bihurtzen dela, baita barrenean datzan harreman juridikoa funtzionarioena denean ere.
Bereziki garrantzitsua da 3/2026 zenbakiko Autoa, otsailaren 24koa, Auzitegi Gorenaren Eskumen Gatazken Salak emana, lan-arloko jurisdikzioaren aldeko are interpretazio zabalagoa hartzen duena. Kasu horretan, demandatzaileak formalki zertu zuen laneko jazarpenagatik oinarrizko eskubideak babesteko ekinbide bat, eta jazarpen-protokoloa aktibatzeari uko egin zion erabaki administratiboa deuseztatzeko eskatu zuen. Halaz eta guztiz ere, Auzitegiak ulertu zuen asmo horretatik inplizituki eratortzen zela Administrazioak lan-arriskuen arloan dituen prebentzio-betebeharrak ez betetzearen salaketa bat. Hori dela eta, ondorioztatu zuen eztabaida LAJALen 2.e) artikuluaren manuan sartzen zela, eta araubide sozialari esleitu zion eskumena. Ebazpen horrek sendotu egiten du jazarpenaren aurkako prebentzio- eta jarduera-protokoloen aktibaziorik eza laneko arriskuen prebentzioarekin zuzenean lotutako gaia dela dioen doktrina, nahiz eta eskaera nagusiki oinarrizko eskubideak babesteko ekintza modura aurkeztua izan.
Mutualiako lege-aholkularitzako abokatua
