Gaur, martxoak 15, Loaren Nazioarteko Egunaren 12. edizioa ospatzen da, Loaren Medikuntzaren Munduko Elkarteak (WASM) bultzatuta. Ekimen horretan, 72 herrialdek hartuko dute parte, eta herritarrak sentsibilizatu eta informatu nahi ditu, loaren nahasmenduei eta kalitatezko loak osasunean duen garrantziari buruz.
Aurten “Lo osasungarria, zahartze osasuntsua” lelopean antolatu da, eta beste behin ere loaren inguruko kontzientzia eragitea izango du xede: “loa gizakion pribilegioa da, eta, batzuetan, bizimodu modernoaren ohiturek baldintzatzen dute”.
LOALDI INDARBERRITZAILEAREN ONURAK
Behar beste ordu lo egiten badugu eta loaldia indarberritzailea bada, osasunerako onura ugari ekarriko ditu:
– Gure sormena handituko da; izan ere, burmuina atseden hartzen ari denean, hormonen ekoizpena orekatuta dago, eta memoriak ezin hobeto funtzionatzen du.
– Informazioa hobeto gogoratuko dugu, eta gaitasun nemoteknikoa handituko dugu; lo egiten ari garen bitartean, gure burmuinak egunean zehar ikasitakoa landu eta ordenatzen du.
– Depresioari aurre egiten laguntzen du, lo egiten dugun bitartean, melatonina eta serotonina ekoizten ditugulako. Hormona horiek estresaren hormonen (adrenalina eta kortisola) eragina txikitzen dute.
– Sistema immunologikoa indartzen du; hori ere melatoninari esker gertatzen da, gure zelulen gaineko eragina baitu.
– Argaltzen laguntzen du; izan ere, behar bezala atseden hartuta, gure metabolismoa bizkortu egiten da, eta, ondorioz, gorputzak erraztasun handiagoarekin erre dezake koipea.
– Kalitatezko loari esker, gorputza motelago zahartzen da, atsedenaldiak gure defentsak areagotzea dakarrelako.
