Iñaki Aguirrezabal
Itzuli

«Min kronikoa patologiarik gabe», paradigma aldaketa 

Iñaki Aguirrezabal doktoreak, Osakidetzako Arabako ESIko Minari Aktiboki Aurre Egiteko Unitateko medikuak, minaren eta kaltearen arteko desberdintasuna azaltzen digu elkarrizketa honetan: nola lesiorik egon ez arren burmuinak oinazeari eutsi diezaiokeen, eta nola alda litezkeen gure uste okerrak funtzionaltasuna berreskuratzeko. 

Min kronikoa pairatzen duten pertsonen prebalentziak gora egin du. Euskadin, helduen zer ehunekok pairatzen du hori? 

Espainiako Min Kronikoaren Barometroaren 2022ko azken datuen arabera, EAEn min kronikoaren prebalentzia % 25ekoa da

Zer da mina eta nola neurtzen da? 

Mina aztertzeko Nazioarteko Elkarteak honela definitzen du mina:  

«Esperientzia sentsorial eta emozional desatsegina, ehun-kalte erreal bati edo potentzial bati lotua, edo horren antzekoa». 

Hau da, esperientzia pertsonala den heinean, sentitzen duen pertsonak adierazten duenaren bidez baino ezin liteke neurtu. Guk beste definizio bat erabili ohi dugu: «Pertsona batek mina duela esaten duenean sentitzen duen hori da mina». 

Zergatik esaten da mina ez dela kaltearen parekidea? 

Bi kontzeptu ezberdin dira mina eta kaltea. Gorputzeko ehunetako lesioa da kaltea, eta hori jazo eta bat aktibatzen da sistema nozizeptiboa; sistema hori arduratzen da gorputzean kaltea edo kaltea pairatzeko arriskua detektatzeaz. Eta pertsonak kaltearekin lotuta bizi duen esperientzia da mina, baina kalterik egon gabe ere senti daiteke hura. Hain zuzen ere, pertsona askok pairatzen dute mina, baina ez da aurkitzen min horrekin zerikusia duen kalterik. 

Testuinguru horretan, zer erakutsi zigun Ronald Melzack eta Patrick Wallek proposatu zuten konportaren teoriak? 

Teoria hori aurrerapauso garrantzitsua izan zen mina ulertzeko, agerian ipini baitzuen zenbateko garrantzia duen nerbio-sistemak ehunetatik nerbio-sistema zentralera doazen arrisku-seinaleen informazioa prozesatzeko garaian. 

Nola ebaluatzen du garunak min-sentsazioa? 

Minaren esperientzian neurona-sare konplexua aktibatzeko, eskueran duen informazio guztia erabiltzen du garunak: informazio horren zati bat, organismo osoan zehar sakabanatuta dauden eta denbora errealean minaren egoeraren berri ematen dioten hartzaile ugarietatik iristen zaio. Baina informazioaren zati bat baino ez da hori. Gure esperientziei, besteen esperientziei, sinesmenei, testuinguruei, esanahiei eta abarrei buruzko memorietan gordetako informazioa ere erabili egiten du, eta horrekin guztiarekin, unean-unean ebaluatzen ditu organismoak izan ditzakeen mehatxuak. Eta mehatxu bat dagoela «ondorioztatzen badu», mina aktibatuko du alarma-seinale modura, pertsonari arriskuaren berri emateko eta jokabide bat motibatzeko. 

Mina, hein batean, garunak informazioa nola interpretatzen duen araberakoa bada, pentsatzekoa da gure usteek eragina izan dezaketela pertzepzio horretan. Minari buruzko sinesmen negatibo franko daude. Zein dira ohikoenak?  

  • Eguraldi aldaketekin lotu ohi da mina: klasikoa da uste hori, batez ere adineko jendearen artean. Hala ere, azterketak egin direnean, ez da aurkitu loturarik aldagai meteorologiko ezberdinen (tenperatura, presio atmosferikoa, hezetasuna, haizea, …) eta minaren artean. Bestalde, azalpen biologiko bat aurkitu beharko litzaioke erlazio horri, hau da, nola aldagai horietako edozeinetan aldaketa bat suertatzeak sistema nozizeptiboa (arrisku-sistema) aktiba dezakeen; eta azalpen hori ez da aurkitzen. Gainera, bitxia bada ere, gure artean, hotzarekin eta hezetasunarekin lotu ohi du jendeak mina areagotzea, eta min kronikoaren prebalentzia handiena duen autonomia-erkidegoa Extremadura da. Uste horren azalpenetako bat da psikologian «berreste alborapena» deritzona; alegia, lehendik uste duguna berresten duen informazioa ematen dugula ontzat. Adibidez, aldakak min ematen badit eta eguraldia aldatu bada, horrek nire ustea berresten du. Baina eguraldia aldatzen bada eta aldakan minik ez badut, edo aldakan mina badut eta eguraldia aldatzen ez bada, nire sistemak ez du prozesatzen hori. 
  • Gorputzak gehiegizko pisua izatearen zamak endekapen diskala errazten du: zoritxarrez, mezu hori maiz helarazten zaie bizkarreko mina eta obesitatea duten pazienteei; alegia, haien bizkarreko mina pisuarekin lotuta dagoela esaten zaie. Eta hasiera batean nahiko logikoa dirudien arren, aztertu denean, ikusi da ez dagoela zuzeneko korrelaziorik pisuaren eta endekapen diskalaren artean. Are gehiago, ikerlan batean egileek atera zuten ondorioa izan zen diskoaren «lehortzean» atzerapen txiki bat zegoela pisu handiagoko gizonengan beren anaia bikiekin alderatuta. Badirudi gizentasunaren eta bizkarreko minaren arteko loturak zerikusi handiagoa duela obesitatea duten pertsonek obesitaterik ez dutenek baino ariketa gutxiago egitearekin.  
  • Mina ematen duten jarduerak saihestu egin behar dira: profesionalek pazienteei maiz ematen diete mezu hori ere, jarduera fisikoa egin dezatela, baina mina sentitu orduko geldi daitezela. Horrela, paziente askok ez lukete batere ariketa fisikorik egingo, mina etengabe dutelako, edo jarduera hasi eta bat agertzen zaielako. Mezuak izan behar du jarduera fisikoa egin dezatela, min pixka batekin bada ere, eta pixkanaka, poliki-poliki, areagotu dezatela, mina berraktibatzeko punturaino iritsi gabe. Eta oso garrantzitsua da minari egozten zaion esanahia aldatzea. «Lesionatzen ari naiz» pentsatu beharrean, «gehiegi babesten nauen sistema sentsibilizatua daukat, eta sentsibilizazioa murrizten lagundu behar diot» pentsatzea. 
  • Garrantzitsua da zamak altxatzen jakitea, norbera ez kaltetzeko: beti aholkatu izan da zamak altxatzeko modu egokia dela belaunak tolestu eta bizkarra tente mantenduz aritzea. Halaz eta guztiz, eta gezurra badirudi ere, horrek ez du ebidentzia zientifikorik. Eskuzko manipulazioa lanean gida britainiarrean aholkatzen denez, «hobe da bizkarra, aldakak eta belaunak pixka bat tolestea, altxatzen hasteko»
  • Korrika egitea txarra da bizkarrerako: osasungintzako profesionalek majo zabaldu eta ziurtatutako beste mito bat da korrika egitea txarra dela bizkarrerako. Hala ere, hainbat ikerketek frogatu dituzte korrika egitearen onurak; esate baterako, belaunetako artikulazioetako substantzia proinflamatorioak gutxitu egiten ditu; belauneko artrosia duten pertsonetan mina hobetu egiten du eta ez du artrosia okerragotzen; belauneko artikulazio-kartilagoaren lodiera handitu egiten du; ornoarteko diskoak hobetzen ditu; eta 20 mg morfinak adinako eragina du mina murrizteko. 
  • Hernia bizitza osorako da: erresonantzia magnetikoetan kausitzen diren protrusio eta hernia diskal gehienek ez dute loturarik minarekin; adinagatik gertatzen diren aldaketa naturalekin zerikusia duten aurkikuntzak dira. Hala ere, kasu batzuetan diskoko hernia batekin lotuta egon daiteke mina, batez ere modu akutuan edo subakutuan agertzen bada. Kasu horietan ikusi dena da, herniaren eboluzio naturala gehienetan erregresiboa dela. Ikerketen arabera, hernia horien ia % 70 desagertu egiten dira 9-12 hilabeteren buruan; are gehiago, ikusi da zenbat eta hernia handiagoa izan, orduan eta probabilitate handiagoa dagoela hernia desagertzeko. Gehiago dena, hernia tratatzeko antiinflamatoriorik erabili ez zen ikerketa batean desagerpena % 100ekoa izan zen. 

Nolako eragina dute aldagai psikosozialek, esaterako, beldurrak, estresak edo antsietateak? 

Lesio baten bilakaera naturala, organismoaren konponketa-mekanismoek ondo funtzionatzen badute, lesioa konpontzea da. Eta hori denbora-epe zehaztugabe batean gerta daiteke, hainbat inguruabar direla-eta, esaterako, ehun mota edo lesio-maila. Zentzuzko epe bat igaro bada, ustez organismoak ehuna konpontzeko adinakoa, baina minak iraun egiten badu, min horrek jada ez du zerikusirik ehunaren egoerarekin, baizik eta zona horretan oraindik ere nerbio-sistemak egiten duen mehatxu-balorazio horrekin. Eta mehatxu-balorazio horrek zerikusia du aldagai psikosozialak deitzen ditugunekin: lehen aipatu ditugun usteak, espektatibak, gertatzen ari zaigunari egozten dizkiogun esanahiak, zerbait larria izateko beldurra edo minari diogun beldurra bera, aurre-egite pasiboa («nik ezin dut ezer egin, konponbidea besteek eman beharko didate»), laneko estresa, klase sozial baxua… Horrek guztiak lagundu dezake mehatxuaren pertzepzioa eta, beraz, mina, mantentzen. 

Uste horiek eragina badute mina interpretatzeko dugun moduan, nola eraikitzen dugu minaren esperientzia? 

Pertsonak mina duenean, galdera asko egiten dizkio bere buruari gertatzen ari zaion horretaz: zer daukat? Zergatik agertu da? Zer ondorio izango ote ditu? Zenbat iraungo ote du? Noraino kontrolatzen dudala esan ote dezaket? Galdera horien erantzunak, funtsean, profesionalengandik (orain Internetetik ere bai) lortzen duen informaziotik etorriko dira, eta aurkitzen duen erantzunetan oinarrituta eraikiko du bere minaren esperientzia. 

Esan badiote «alimaleko artrosia» daukalako duela mina, «hori okerrera joango da, zaindu zaitez, bestela ikusiko duzu 70 edo 80 urte dituzunean», «kontuz ibil zaitez mugitzeko orduan, gehiago lesiona zaitezkeelako», «hau betirako izango da, minarekin bizitzen ikasi beharko duzu»… Seguruenera jarduketa batzuk egiteari utzi egingo dio, mugitzeko beldurra izango du, edozein mugimendurekin lesioak okerrera egingo diola usteko du, hiperzaintzako jarrera iraunkorrean murgilduko da agertzen zaion edozein sintoma dela-eta, eta mina areagotu dadin lagunduko dio horrek. Aldi berean, ez mugitzeak ehunak (hezurrak, artikulazioak, tendoiak, muskuluak) ez erabiltzea ekarriko du, eta horrek organismoa desegokitzea, desgaitasuna eta are depresioa ere eragingo ditu, minaren kronifikazioa errazten duen gurpil zoro bat abiarazita. 

Hala ere, esaten bazaio daukana ez dela larria, ohikoena dela arrazoizko epe batean mina hobetuz joatea, irudi-probetan egindako aurkikuntzek ez dutela zertan minik sorrarazi, eta pixkanaka jarduera berreskuratzera bultzatzen bazaio nolabaiteko gainbegiratze batekin, erabat aldatzen da egoerari aurre egiteko era, eta nahiko litekeena da horrek errekuperazioa ekartzea. 

Nola lor dezakegu uste oker horiek aldatzea? Zer errealitatek lagun dezakete mina ulertzeko modua aldatzen? 

  • Bizkarreko mina maiz gertatzen den prozesua da, onbera eta automugatua 
  • Irudi-proben interpretazioak beharrezkoak ez diren alertak sorrarazten ditu 
  • Bizkarra ez da uste bezain zaurgarria 
  • Konfiantzaz eta beldurrik gabe mugitu behar da 
  • Ez dago jarrera perfekturik 

Jendeak minari buruz dituen usteak aldatzea korapilatsua da. Batez ere, osasungintza arloko profesionalen baten azalpenak direlako uste horien jatorria, seguruenera. Minaren zientzia ere aldatuz joan da urteetan zehar, eta lehen mina esplikatzen zutela uste genuen gauzak gaur egun badakigu ez direla egiazkoak. Gaur egun badakigu minari dagokion guztia ez dela uste zena bezain intuitiboa, askoz ere konplexuagoa dela. Horregatik, pertsonen uste hain errotuak aldatzeko, lehenik eta behin haien konfiantza irabazi behar da, eta horretarako, haiekiko lotura sortu behar dugu. Konfiantza hori lortutakoan, asertibitatez aurkeztu beharko zaio gaur egun minaren zientziak esaten duena, pertsonarengandik ahalik eta hurbilen dagoen hizkuntza erabilita. Horrela batzuetan haren usteak aldatzea lortuko dugu, baina beste batzuetan, zoritxarrez, ez dugu lortuko. 

Uste horiek aldatzen baditugu, minaren aurrean dugun jokabidea alda al dezakegu? 

«Horixe da helburua. Hasteko, helburua ez da mina gutxitzea, baizik jokabidea aldatzea eta funtzionaltasuna irabaztea. Hau da, pazienteak minaren ondorioz egiteari utzitako jarduerak berreskuratu ditzan lortzea» 

Eta hori lortzeko, lehendabiziko urratsa mina ulertzea da, gertatzen ari zaiena ulertzea eta mugimenduari beldurra kentzea. 

Ebidentzia zientifikoen arabera, ariketa aerobikoa onuragarria da min muskulueskeletikoa duten pertsonentzat, mina murrizteko.  

Zergatik laguntzen du ariketa aerobikoak min-sentsazioa gutxitzen? 

Ariketa aerobikoak onura asko ditu osasun mailan, orokorrean, baita min kronikoan ere. Ikusi da korrika 6,3 milia egiteak mina gutxitu dezakeela 10 mg-ko morfina dosi batek bezainbeste. Frogatu da gerrialdeko min kronikoa duten pertsonengan ariketa aerobikoak mina gutxitu egiten duela, ziurrenik opioide endogenoen efektuarekin lotuta. Gainera, ariketa aerobikoak osasun orokorrean, osasun mentala ere barne dela, eragiten duen onurak sistemaren mehatxu-balorazioa gutxitzea eta mina gutxitzea ere erakar dezake. 

Nolako ariketa mota da gomendagarriena? 

Ez dago mina gutxitzeko bestea baino hobea dela erakutsi duen ariketarik, orokorrean. Argi geratu da, ordea, hobe dela edozein ariketa egitea, batere ez egitea baino. Eta zer ariketa egitea komeni den erabakitzeko orduan, hautatu behar da pazientearen lehentasunetara hobekien egokitzen dena, nola haren egoera fisikoagatik, hala gustu pertsonalengatik. Batez ere, hori delako luzaro mantenduko duen ariketarik egingarriena; eta horixe da, azken finean, interesatzen dena. 

Nola interpretatu beharko genuke mina, sentsazio negatibo horiek gutxitzeko?  

Pertsona batek lehen aldiz min-gertakari bat duenean, ebaluatu egin behar du lesio batekin bat datorren ala ez. Traumatismo baten, eroriko baten… ondoren izan al da? Mindutako gunea handituta al dago? Minarekin batera beste sintomarik agertzen al da, demagun, sukarra, ondoez orokorra, izerdia, goragalea, gonbitoak…? Kasu horietan, eta zalantzazko guztietan, osasungintzako profesional batengana jo behar da, egoera hark azter dezan.  

Behin patologia arrazoiz baztertu denean eta, hala ere, minak bere horretan jarraitzen badu, bizimodu ahalik eta normalena egiten jarraitzea komeni da, jarduerak egiteari uztea saihestuta edo, egiteari utzi bazaio, haiek pixkanaka berreskuratuta. Eta edozein zalantzaren aurrean, jakina, berriro osasungintzako profesionalari galdetu. 

Nola ikasiko dugu mina beste era batera ulertzen eta interpretatzen? 

Horixe da Minari Aktiboki Aurre Egiteko Unitatean egiten ditugun ikastaroen helburu nagusia. Horretarako, Neurozientzian oinarritutako minari buruzko informazio eguneratua eskaintzen dugu, bideoekin, audioekin, irakurgaiekin eta abarrekin lagunduta. Badaude baliabide bibliografikoak, eta gaur egun, profesionalentzako eta pazienteentzako online ikastaroak eskaintzen dituzten profesionalak ere badaude. 

Lotutako berriak