Itzuli

Elkarrizketa: Mercedes Ellacuria Ubieta, CIC energiGUNEko Pertsonen arloko teknikaria. 

CIC energiGUNEk, energia elektrokimiko eta termikoaren biltegiratzean espezializatutako ikerketa-zentroak, aitortza jaso zuen Mutualia Sarien azken edizioan, Enpresako Aniztasunaren kategorian, bere aniztasun- eta inklusio-estrategia berritzailearengatik.

Mercedes Ellacuria Ubieta elkarrizketatu dugu, CIC energiGUNEko Pertsonen arloko teknikaria. 

Zer da CIC energiGUNE, zein da zure eginkizun nagusia eta zer parte-hartze duzu zuk ikerketa energetikoaren esparruan? 

CIC energiGUNE energia-biltegiratze eta -konbertsioko ikerketa-zentroa da, eragin zientifiko, sozial eta industriala izateko bokazio argia duena, eta EAEko ikerketa- eta berrikuntza-sarea indartzera eta trantsizio energetikorako funtsezko teknologien garapenean ekarpenak egitera bideratuta dago.  

Zentroaren eginkizuna da ikerketa energetikoan erreferente izatea eta energia- biltegiratze eta -konbertsiorako material eta soluzio berritzaileen alorrean ezagutza disruptiboa sortzea, eta horrela, garapen jasangarriari laguntzea. 

Zentroak 30 herrialdetatik etorritako 200 profesional baino gehiagoko lantaldea du.  

Nola lortzen da talentua erakartzea eta horri eustea? 

Hain ingurune lehiakor eta globalean talentua erakartzeko eta horri eusteko, beharrezkoa da proiektu zientifiko sendo, desafiatzaile eta helburudun bat eskaintzea, baina baita pertsonak hasiera-hasieratik zaintzea ere.  

“CIC energiGUNEn, askotariko lan-ingurune inklusibo eta egonkor baten aldeko apustua egiten dugu, non pertsonak lagunduta eta zentroaren balioekin bat eginda sentituko diren, garapen profesionala, ongizate pertsonala eta helburu-zentzua uztartzen dituen ikuspegi integral batetik lan egiten”. 

Otsailaren 11 Zientziaren Arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Eguna dela eta, zer rol betetzen dute emakumeek CIC energiGUNEn eta zer ekintza bultzatzen ditu zentroak haien parte-hartzea eta lidergoa sustatzeko ikerketa alorrean? 

CIC energiGUNEn, aniztasuna, bere alderdi guztietan, gure kulturaren eta identitatearen parte da.  

“Zehazki, genero-aniztasunari dagokionez, gizonen eta emakumeen arteko parekotasuna dugu antolakundean eta horrek presentzia nabarmena du lidergo-mailetan; mugarri bereziki garrantzitsua da alor zientifiko-teknologikoan, tradizioz maskulinizatutako eremua baita.” 

Errealitate hori aukera-berdintasunaren aldeko apustu jarraituaren emaitza da, hautaketa-, sustapen- eta garapen-prozesu objektiboetan zein garapen profesionala alborapenik gabe bultzatzen duen ingurune baten sorreran oinarritua.  

“Testuinguru horretan, zentrotik aktiboki lan egiten dugu ageriko erreferente femeninoak bultzatzeko eta nesken eta gazteen artean bokazio zientifikoak sustatzeko; esaterako, hainbat mailatako mentoring programen bidez, Deustuko Unibertsitatearen Inspira STEAM eta antzeko ekimenetan parte hartzen dugu, edo barneko eta kanpoko sentsibilizazio-ekintzak gauzatzen ditugu.” 

Jarduera horien artean, Zientziaren Arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Egunarekin lotutakoak nabarmentzen dira. Jarduera horietan, Emakumeak Zientzian egitasmoaren haritik, hitzaldiak eta tailerrak antolatu genituen Gasteizen otsailaren 6an, EHUko Farmazia Fakultatearekin elkarlanean. 

Mutualia Sarien Enpresako Aniztasuneko Akzesita jaso zuen, Onboarding eta Aniztasunaren Garapen Planarengatik. Zertan datza proiektua? 

“Onboarding eta Aniztasunaren Garapen Plana ekimen estrategikoa da, eta, zentroan sartzen direnetik, pertsonei modu sistematikoan laguntzea du helburu. CIC energiGUNEren balioekin eta kulturarekin bat etortzea, informazioa homogeneizatzea, talde-lana erraztea eta integrazio profesionala zein pertsonala bizkortzea du helburu”. 

Planak harrera-prozesua egituratzen du lehen hilabeteetan, prestakuntza, jarraipena eta etengabeko feedback-guneak konbinaturik eta arreta berezia jarririk kultura-aniztasunean eta beste herrialde batzuetatik datozen pertsonen behar espezifikoetan. 

Onboarding Planaren barruan, mugarrietako bat “Buddy System” proiektua da. Zeintzuk dira ekimen horren funtsezko puntuak eta nola jartzen da praktikan? 

Buddy System borondatezko programa bat da, sartu berriak (bereziki interesgarria da nazioarteko jatorria dutenen kasuan) EAEn lanean eta bizitzen denbora-tarte bat daramaten zentroko pertsonekin lotzen dituena. Helburua da, lanposturako ez ezik, gizarte- eta kultura-ingurunerako ere trantsizioa erraztea. 

Host pertsonek eguneroko alderdi praktikoetan laguntzen dute, eta bakardade-sentsazioa eta talka kulturalaren inpaktua murrizten dituen laguntza-sare bat sortzen laguntzen dute. 

Onboarding Plana ezarri ondoren, zein emaitza lortu da? 

Abian jarri zenetik ikusi dugu hobetu dela langile berrien integrazioa. Gainera, plan horretan definitutako jarraipen-bileren dinamikak aukera eman digu egoerak detektatzeko eta, beharrezkoa izan denean, azkar jarduteko. 

Sartu berrien eta parte-hartzaileen feedbacka oso positiboa izan da, eta hobekuntza-iradokizunak ere jaso ditugu, inplementatzen joan garenak. 

Askotariko taldeak kudeatzea erronka da entitate askorentzat. Zure ustez, Buddy System eredua beste enpresa batzuei aplika dakieke? 

Zalantzarik gabe. Buddy System eredu erraza eta malgua da eta erraz egokitu daiteke hainbat tamaina eta sektoretako antolakundeetara eta haien behar espezifikoetara.  

“Kohesioa sustatzen duen, integrazioa errazten duen eta pertsonek beren esperientziak partekatzeko espazioak sortzen dituen programa da. Programa ezartzeko, garrantzitsua da kontuan izatea pertsonekiko eta aniztasunarekiko benetako konpromisoa eskatzen duela, bai eta bertan parte hartzeko motibatuta dauden pertsonak behar direla ere”. 

Nire ustez, bereziki erabilgarria izan daiteke aniztasun, nazioartekotze edo hazkunde handiko inguruneetan; izan ere, komunitate kohesionatuagoak sortzen laguntzen du, pertsonen ongizatea hobetzen du eta kultura indartzen du ikuspegi askotariko, zeharkako eta inklusibo batetik. 

Lotutako berriak