Basurtuko ESIa aintzatetsi zuten 2025eko Mutualia Sarietan, Enpresako Berrikuntzaren accesita jaso baitzuen “OsasunBiBa: Bilbo-Basurtuko ESIko plantillarentzako ohitura osasungarriak sustatzea” proiektuarengatik
Elkarrizketa egin diegu Begoña Velasco Lan-arloko erizain espezialistari eta Beatriz Martínez Laneko Arriskuen Prebentzioko teknikariari, eta proiektua zertan datzan eta zer-nola ezarri den kontatu digute.
- Nola sortu zen OsasunBiBa proiektua? Zertan datza?

Bilbo-Basurtuko ESIko Prebentzioko Oinarrizko Unitatean aspalditik genuen buruan gure plantillari laguntza ematea, gure jarduna ez zedin soilik Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legean ezarritakora mugatu.
Uste genuen iritsi zela unea enpresa-ereduan aurrera egin, eta langileen osasuna nahiz bizi-kalitatea, hala lan-ingurunean nola bestela, zaintzen duen eredu batera jotzeko.
“Osakidetzaren plan estrategikoak fokua profesionalen gainean jarri zuenean, estrategia hori garatzeko ezinbestekoak izanik, abagunea probestu genuen; izan ere, haien ongizatea elementu giltzarria da erakundeen garapen jarraiturako eta funtzionamendu onerako. Horrenbestez, osasuna sustatzeari ekitea erabaki genuen, horixe izatea proiektuaren funtsezko oinarria, eta ikuspegi integral bat geure egin genuen, arlo fisiko, psikologiko eta sozialen arteko oreka bilatuta”.
Plana hasteko, sentsibilizazio-, prestakuntza- eta partaidetza-ekintzak gauzatu genituen plangintzan bildutako bost jardun-ildoetako bakoitzean (elikadura, loaren higienea, jarduera fisikoa, ongizate emozionala eta tabakismoa). Horien xedea zen egunerokoan ohitura osasungarriak ezartzea, osasunaren zaintzan ardurakidetasuna indartzea eta pertsonak arretaren muinean jartzen dituen antolakuntza-kultura bat sendotzea.
- Zer-nola gauzatu duzue ezarpen-prozesua?
Ezarpen-prozesua progresiboa izan da; lehenik, hasierako garapen bat jasotzen zuen proiektu-memoria aurkeztu genion erakundeko zuzendaritzari.
“Zuzendaritzakoek begi onez hartu zuten proiektua, eta, gero, zerbitzu eta unitate askok lagundu digute hari itxura ematen eta bidean aurrera egiten. Hala, ildoan ildoko jarduerak diseinatu genituen kasuan kasuko zerbitzuarekin, aliantzak egiteko, eta jarduerak erakundeko kideen artean gauzatzeko”.
Ondorioz, OsasunBiBaren ildoetan jarduerak ezarri dira, ikuspegi praktiko eta hurbilekoa dutenak, eta plantillaren beharretan oinarritzen direnak. Adibidez:
Elikadura:
- Langileen jantokiko menu-eskaintza eta vendinga aldatzea
- Prestakuntza-saioak ematea (etiketak irakurtzea, tuper osasungarria…)
Jarduera fisikoa:
- Bilbo inguruetako lasterketak edo ibilaldiak finantzatzea
- Laneko sedentarismoa prebenitzeko informazioa ematea
Loaren higienea:
- Loaren higieneari buruzko saioa egitea
- Gaueko txanda eta gero lo egiteko aholkuak argitaratzea
Tabakismoa:
- Tabako-uzteari buruzko kontsulta bat martxan jartzea laneko osasunean
- Uko egindako zigarroen kontagailua martxan jartzea
Ongizate emozionala:
- Gorputzaren esnaldiari buruzko tailerra ematea
- LSOINek ongizate emozionalari buruz ematen duen informaziorako esteka eskaintzea
Hori guztia egin ahal izateko, guztiz funtsezkoa izan da zerbitzu asko eta askoren laguntza, sukaldekoena, errehabilitaziokoena, nutriziokoena, arnas sistemakoena…
Prozesu horretan guztian zeregin funtsezkoa bete du Komunikazio Sailak, hedapen-planean lagundu baitigu, esaterako, OsasunBiBa mikrowebaren sorreraren berri ematen, intraneteko albisteekin, kartelak eta triptikoak egiten, etab.
- Zer-nola eragiten du ohitura osasungarri horien sustapenak langileen ongizate pertsonalean eta laboralean?
Ez dugu datu kuantitatiborik, eta, ondorioz, ezin dezakegu proiektuaren inpaktua objektiboki neurtu, baina badugu parte hartu dutenen eta parte hartzen ari direnen feedbacka, eta, horren arabera, profesionalei egunerokorako erabilgarri eta aplikagarriak iruditzen zaizkie aipatutako jarduera horiek.
Gainera, gure ESIko gero eta kide gehiagok parte hartzen dute proposatzen ditugun ekimenetan.
Oso pozik gaude proiektua izaten ari den harrerarekin, eta, ezeren gainetik, ziur gaude OsasunBiBak eragin positiboa duela gure plantillan eta langileak beren osasunaren zaintzan gero eta sentsibilizatuago egotea lortzen ari garela.
Gure erakundekoak ez diren langileak ere jakin-minez etorri zaizkigu, beren lantokietan ezartzeko zer egin galdetuta.
- Aplikatu daiteke beste entitate batzuetan? Zein urrats egin behar dituzte eredu hori ezarri nahi duten antolakundeek, konpromisoa eta bost arlo giltzarriak beren lan-inguruneetan txertatzea ziurtatzeko?
Bai, noski, OsasunBiBa proiektua erraz asko aplikatu daiteke edozein enpresatan; izan ere, lan-ingurunean osasuna sustatzeko printzipio orokorretan oinarritzen da, eta malgutasuna du ezaugarri, alegia, askotariko sektore eta errealitateetara egokitzen da.
Baina ezarriko bada, gakoa da enpresaren helburu estrategikoetarik bat izatea, eta, Bilbo-Basurtuko ESIan bezala, zuzendaritzak gogoz eta begi onez har dezala. Gainera, ezinbestekoa da Prebentzioko Oinarrizko Unitateko taldea izatea ekimenaren kudeatzailea eta langileak norbere burua zaintzearen gainean motibatzearen arduraduna, haiei alternatiba erakargarri eta interesgarriak eskainita.

