Sentencia
Itzuli

MUTUALEX EPAIA 2021EKO OTSAILA

epai judiziala

Eztabaida jurisprudentziala familia-kontziliaziorako eskubidearen inguruan, haurtzaroaren eta generoaren ñabardura bikoitzarekin

Kanarietako Justizia Auzitegi Nagusiaren 996/2020 epaiaren analisia, 2020ko irailaren 1ekoa, Errek. zk. 197/2020

Epaitutako gertaeretan, 2. mailako gobernanta kategoria profesionaleko lanaldi osoko kontratua duen langile baten egoera aztertzen da. Astelehenetik igandera 8 orduko lanaldia du eta bi seme-alaba ditu: bat 2016an jaioa, eta bestea 1999an,% 33ko desgaitasunarekin.

2018an amaitu zuen 2016an jaiotako semea zaintzeagatik zeukan eszedentzia, eta enpresan hasi zenean lanaldia murrizteko eskatu zuen, astean 40 ordu egin ordez 35 egin ahal izateko; ordutegia astelehenetik ostiralera izango zen 8:00etatik 15:00etara.

Enpresak lanaldi-murrizketa onartu zuen, baina ordutegia zehaztea ez, antolakuntzako arrazoien ondorioz. Jakinarazpen horri langileak demanda jarri zion, eta ikustaldirik egin gabe, adiskidetze judizialaren fasean, 2018ko uztailean akordio bat lortu zuten. Akordio horretan, ordutegia zehaztea onartu zuen enpresak eta lanbide-kategoria murriztea langileak; ondorioz, plantako zerbitzariaren kategoria izatera pasa zen, eta soldata ere murriztu egin zitzaion. Hori guztia aldeek finkatu zuten eta haurrik txikienak 12 urte bete arte balioko zuen edo langileak lanaldi-murrizketari uko egin arte.

2018ko irailean langileak jakinarazi zuen lanaldi-murrizketari uko egiten ziola eta aurreko lanaldira itzuli zen; hala, bere kategoria eta soldata berreskuratu zituen.

2018ko azaroan berriro ere lanaldia murrizteko eta ordutegia zehazteko eskatu zuen langileak. Aurreko termino berdinetan egin zuen eskari hori eta enpresak berriro ere murrizketa onartu egin zion, baina ez ordutegia zehaztea; enpresaren erabaki horri demanda jarri zion langileak, 2019ko apirilean eman zen demanda horren epaia eta epai horrek demanda ezetsi egin zuen.

2019ko ekainean, langileak ordutegia moldatzeko eskatu zuen Langileen Estatutuaren 34.8 artikuluaren arabera; ordutegiari eustea eskatu zuen, baina larunbatetan eta igandeetan lanik egin gabe; enpresak ez zuen egoera hori onartu

eta langileari proposatu zion bere eskaera onartuko zuela, baldin eta berriro onartzen bazuen kategoriaren nahiz soldataren jaitsiera.

Langileak aldi baterako ezintasuneko prozesua hasi zuen 2019ko abenduan, eta aldi horretan bi lankidek ordeztu zuten, azpigobernanta kategoriarekin.

Enpresak ezetz esan zionez, langileak demanda jarri zuen lanaldiaren moldaketari buruz, baina arlo sozialeko epaitegiak ezetsi egin zuen, adiskidetze judizialarekin amaitu zen aurreko prozeduratik eratorritako gauza epaituaren salbuespena ikusi baitzuen.

Ebazpen horren aurka, langileak erregutze-errekurtsoa jarri zuen, eta epaimahaiak ondorioztatu zuen ez zela gauza epaitua gertatu, langilearen inguruabarrak aldatu zirela uste zuelako. Alde batetik, ordutegi-moldaketa eskatzen zuen semeak urtebete gehiago zuelako, eta bizitzako etapa horretan beste zaintza batzuk behar zituelako, eta bere gurasoek zuten adinaren ondorioz ezin zirelako 3 urte baino gutxiagoko haur baten kargu egin, urtebete lehenago baino mugikortasun handiagoa zuelako haurrak. Beste aldetik, langilea, auzi berri honen unean, aldi baterako ezintasun-egoeran zegoen, eta generoaren ikuspegia kontuan hartu behar zen eskatutako eskubidea aplikatzean.

Lehenik eta behin, epaiak genero-arazoa aztertzen du, Langileen Estatutuaren 34.8 artikuluan jasotako eskubidea erabiltzeari dagokionez, eta, bigarrenik, epaimahaiak eztabaidatzen du zer eragin izan dezakeen erabaki judizialak, ez enpresaren edo langilearen gainean, baizik eta 3 urtetik beherakoaren gainean; izan ere, ulertzen da adingabearen interes hori gailendu behar dela, haurren eskubideei buruzko nazioarteko konbentzioan finkatuaren arabera eta zehatz esateko, 3.1 artikuluan ezarritakoaren babesean.

Horrenbestez, epaimahaiak hiru eskubide horien arteko gatazka lotu zuen: langileak lanaldia moldatzeko duen eskubidearen, enpresak antolaketa- eta lan-sistema defendatzeko eskubidearen eta adingabeak adinari dagozkion premietara moldatutako garapena izateko eskubidearen arteko gatazka.

Azkenean, langilearen aldeko epaia izan da, enpresak emandako antolaketa-arrazoiak justifikaziorik gabeak direla uste delako, eta langilea aldi baterako ezintasun-egoeran egon den bitartean ez delako inolako arazorik egon asteburuetan haren ordez beheragoko kategoriako bi langile egoteko.

Gainera, kalte eta galerengatiko kalte-ordaina ordaintzeko agindua ematen dio epaiak enpresari, ordutegia moldatzeari uko egin ziolako.

Epai honetan garrantzizkoena da ordutegia genero-ikuspegitik moldatzeko eskubidea kontuan hartzeaz gain – lehen ere hainbat ebazpen judizialetan landu izan da –, kasu honetan, goragoko mailakotzat jotzen den eskubide bat dagoela jokoan: adingabearen interesa, haren bizi-garapenaren mesedetan.

Beraz, kontuan hartzen dira gatazkan dauden hiru eskubideak, epaimahaiak hirurak hartu ditu aztertzeko eta ondorioztatu du eskubide nagusia zaindu behar den adingabearena dela, haurren eskubideen konbentzioan jasotako haurren eskubideak aplikatuz.

Kasu hau berria da ordutegi-moldaketaren esparruan kontuan izan delako, baina lehendik ere aztertu eta aplikatu izan zen beste prestazio mota batzuetan, hala nola haurdunaldiko arriskuen eta edoskitzearen ondoriozko prestazioan kontuan izatekoan. Beraz, orain arte adingabearen ikuspegiaren interesa ez zuten tratatu legegileek eskubideak eta prestazioak finkatzerakoan, baina orain azaleratzen ari da auzitegiek eskubide horiei buruz egiten duten interpretazioaren bidez.

Ildo horretan, baina kontrako gogoeta eginez, Galiziako Justizia Auzitegi Nagusiak 2020-10-5ean emandako epaia aipatu beharra dugu (2173/2020 zenbakiko Errek.). Ebazpen horretan, instantzia-epaitegiak eta epaimahaiak, antzeko kasu batean, ez dute hirugarren eskubide gisa baloratzen adingabearena, eta eskatutako moldaketa justifikatutzat ez ematea erabaki dute, bakarrik kontuan hartuta proposatutako moldaketa ez dela zentzuzkoa lan-jarduera garatzeko. Izan ere, alegatutako bateraezintasuna 12 urtetik beherako adingabeko baten ordutegia da, eta ulertzen da, hala badagokio, lana eta familia kontziliatzeko dagoeneko existitzen dela lanaldi-murrizketarako eskubidea.

Egoera eztabaidagarri honetatik irtete aldera, jurisprudentziaren etorkizuneko bilakaeraren zain egon beharko dugu, aurrerantzean haurrak ordutegia moldatzeko eskubide horren barnean duen eskubidea nola doan ikusteko

 

Jesus Mª Vicente Cuadrado

Mutualiako aholkularitza juridikoko abokatua

Lotutako berriak

Webgune honek cookiak erabiltzen ditu informazioa biltzeko, gure zerbitzuak hobetzeko eta zure arakatze ohiturak aztertzeko.

Nabigatzen jarraitzen baduzu, beraren instalazioa onartzea dakar.

OK