Auzitegi Gorenak (AG), 2026ko martxoaren 12ko 270/2026 Epaian (3351/2024 Errekurtsoa), finkatu eta argitu egin zuen nola kalkulatzen den aldi baterako ezintasunaren (ABE) prestazioaren oinarri arautzailea lanaldi partzialeko eta aldizkako langile finkoetarako, eta ezarri da honela kalkulatu behar dela: prestazioaren gertakari eragilearen egunaren aurreko hiru hilabeteetako kotizazio-oinarrien batez bestekoa hartuta.
Eztabaidatutako auzia zen ea lanaldi partzialeko aldizkako langile finko baten lan-istripuaren (LI) ondoriozko ABEren prestazioaren oinarri arautzailea lan-istripuaren (prestazioaren gertaera eragilea) aurreko hiru hilabeteetako kotizazio-oinarrietatik ateratzen zen edo lan-istripuaren eguneko kotizazio-oinarria hartu behar zen.
Gizarte Segurantzarekin kolaboratzen duen mutualitateak, hasiera batean lan-istripuagatiko ABEren prestazioa aitortu zion hizpide dugun langileari, eta lan-istripua izan zuen eguneko kotizazioa bakarrik hartu zuen kontuan. Ondoren, erakunde kolaboratzaileak oinarri arautzailea berrikusi eta birkalkulatu zuen, ulertzen baitzuen prestazioaren gertakari eragilearen egunaren aurreko hilabeteetako kotizazio-oinarriaren batez bestekotik ateratzen zela. Hori horrela, langileak 18.574,71 euro itzuli behar zizkien guztira.
Langilea enplegu-aniztasuneko egoeran zegoen, enpresa batean lanaldi osoko kontratu mugagabea zuen, eta, aldi berean, beste enpresa batean afiliatuta eta alta emanda zegoen aldizkako kontratu mugagabe finko batekin eta lanaldi partzialarekin. Bere aldizkako lan finkoari dagokionez, enpresan txandakako dei, alta eta baja irregularrak eta ez-jarraituak zituen, egun jakinetan errepikatzen ez zirenak.
Horri dagokionez, 2018ko azaroan, bigarren enpresa horretan 2018ko azaroaren 3an eta 18an deiak, altak eta bajak egin zirela dago jasota, eta azken egun horretan, hain zuzen ere, 2018ko azaroaren 18an, langileak lan-istripua izan zuen eta mediku-baja hartu zuen.
Mutualitateak ABEren prestazioa aitortu zion langileari 89,67 euroko prestazioaren eguneko oinarri arautzailearen arabera, lan-istripua eduki eta mediku-baja eragin zuen 2018ko azaroaren 18ko lanaldi zehatz horren kotizazioari zegokiona, baina, ondoren, kalkulua zuzendu zuen, aplikatu beharrekoa lan-istripuaren aurreko hiru hilabeteetako kotizazio-oinarrien batezbestekoa zela iritzi ziolako, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 245. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, GSLOren 248.1.c) artikuluan ezarritakoarekin lotuta. Artikulu horretan arautzen da lanaldi partzialeko kontratua edo aldizkako kontratu finkoa duten langileen ABEren prestazioaren kalkulua.
Orduan indarrean zegoen GSLOren 248.1.c) artikuluaren idazketaren arabera (2025/03/31ra arte), lanaldi partzialeko kontratua edo aldizkako kontratu finkoa zuten langileentzat eguneko oinarri arautzailea honela kalkulatzen zen: egiaztatutako oinarrien batura (gertaera eragilearen aurreko hiru hilabeteetan gehienez) zati aldiko egun naturalak.
2025/04/01az geroztik, GSLOren 248.1.c) artikuluak (11/2024 ELDn ezarritako idazketa berriaren arabera) zehazten du hiru hilabeteak gertakari eragilearen aurreko hilabetearen aurrekoak izan behar dutela.
Auzitegi Gorenak, GSLOren 248. artikulua aztertu ondoren, azpimarratu du manuak denboran zehar eutsi diola gehienez gertaera eragilearen aurreko hiru hilabeteen erreferentziari.
Araudi hori aplikatuz, lanaldi partzialeko edo aldizkako langile finko baten ABEren prestazioaren eguneko oinarri arautzailea honela kalkulatzen da: gertaera eragilearen aurreko hiru hilabeteetako kotizazio-oinarrien batura (2018/11/18) zati aldiko egun naturalak. Horrenbestez, eztabaidatutako kasuan 1.169,91 euro (2018ko abuztuko 206,93 € + 2018ko iraileko 407,66 €+ 2018ko urriko 555,32 €) zati aldi horretako 73 egun natural (lehenengo deia eta enpresako alta abuztuan izan baitziren, 2018/08/20an) egin behar da. Hori horrela, ABEren prestazioaren eguneko oinarri arautzailea eguneko 16,03 eurokoa zela ateratzen zen.
Mutualitatearen argudioarekin bat etorriz, Auzitegi Gorenak ondorioztatzen du ABEren prestazio ekonomikoaren helburua dela jasotzeari uzten zaizkion soldata-errentak ordezkatzea, baina ez errenta horiek arbitrarioki hobetzea edo kaltetzea; izan ere, lortu nahi dena eta egokia dena da prestazioa langilearen lan-errealitatera egokitzea. Izan ere, ABEren prestazio ekonomikoaren izaera eta helburua da langile bat, gaixotasun edo istripu bat dela eta, aldi baterako lan egiteko ezinduta dagoenean eta osasun-laguntza behar duenean gertatzen den diru-sarrerarik eza berdintzen saiatzea. Prestazio hori, gainera, bajan dagoen egun natural guztietan ordaintzen da, eta ez soilik lan egitea legokiokeen egunetan.
Azken finean, ABEren sorospen ekonomikoa prestazio bat da, eta helburu du langilearen soldata edo ordainsaria ordezkatzea, gutxienez zati batean, langilea lan egiteko aldi baterako ezinduta dagoen bitartean, baina ez du helburu ordainsari hori hobetzea; izan ere, ez da koherentea mediku-bajak lanean jaso ohi den hileko ordainsaria areagotzea.
Prestazioak soldata ordezkatu behar du, ez hobetu, eta aztertutako kasuan, hasieran aplikatutako eguneko 89,67 euroko oinarri arautzailea mantenduz gero, ekonomikoki errentagarriagoa izango litzateke mediku-bajan egotea lanean aritzea baino, eta dagokiona da kontuan hartzea prestazioaren gertaera eragilearen egunaren aurreko hiru hilabeteetako kotizazio-oinarrien batezbestekoa hartuta ateratzen den eguneko 16,03 euroko batezbestekoa.
Auzitegi Gorenak ezetsi egin du langileak aurkeztutako errekurtsoa, eta berretsi egin du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren 2024ko apirilaren 2ko Epaia, ABEren prestazioaren oinarri arautzailea eguneko 16,03 euro dela ezartzen duena, eta irmoa da langileak mutualitateari 18.574,71 euro itzultzeko betebeharra.
Mutualiako aholkularitza juridikoko lege-teknikaria
