Sentencia
Itzuli

MUTUALEX EPAIA 2022KO OTSAILA

EZINTASUN IRAUNKOR ABSOLUTUAREN BATERAGARRITASUNA LANALDI PARTZIAL ORDAINDUKO ZINEGOTZI-KARGUAREKIN

Galiziako Justizia Auzitegi Nagusiaren 2021eko urriaren 27ko epaia

Egitatezko kasua

Ezkerreko begian erabateko itsutasuna eta eskuineko begian galera nabarmena izateagatik 2010ean ezintasun iraunkor absolutua aitortuta duen langilea.

2019ko ekainaz geroztik, Pontevedrako Udaleko zinegotzi-kargua betetzen du, dedikazio esklusibo partzial ordainduan.

GSINk berrikuspen-espedientea hasi ondoren, 2020ko urtarrilean ebatzi zuen pentsioa jasotzea eta kargu publikoa betetzea bateraezinak zirela.

Langileak ebazpen horren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen. Lan-arloko Epaitegiak demanda hori ezestean, langileak erregutze-errekurtsoa jarri zuen. Salak errekurtsoa baietsi, eta bateragarritasunaren alde ebatzi du.

Eztabaidatutako gaia

Errekurtso honetan eztabaidatutako gai juridikoa (ezintasun iraunkor absolutuaren bateragarritasuna ordaindutako lan batekin) Auzitegi Gorenak jada jorratu zuen 2019ko martxoaren 20ko epaian (233/2019; mutualitate honek urte bereko ekaineko artikuluan aipatua). Hala ere, kasu hau aztertzen da betetzen duen lanpostuaren berezitasuna kontuan hartuta, hau da, udaleko zinegotzi-postuarena; hori dela-eta, tokiko araubidearen administrazio-erregulazioa interpretatu behar da, bai eta hautetsi-jardueren bateragarritasuna arautzen duten beste zenbait xedapen ere.

Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak Auzitegi Gorenaren Laugarren Salaren doktrina berresten du, 2010eko uztailaren 14koa, zeinak Auzitegi Gorenak 2008ko urtarrilean emandakora igortzen baitu. Doktrina horren arabera, ezintasun iraunkor absolutuaren eta jarduera bat garatzearen bateragarritasunak –Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 198. artikuluak aurreikusitakoak– ezintasun iraunkor eta absolutuaren onuradunari jarduerak egiteko aukera ematen dio, bere osasunerako kaltegarriak edo desegokiak ez diren bitartean.

Gainera, Justizia Auzitegi Nagusiak aipatutako jurisprudentzia horren argudioak gogorarazi ditu epaian:

  • Ezintasun iraunkor absolutuaren (EIA) judizioak dakartzan zailtasunak eta Legearen 198.2 artikuluaren zabaltasuna. Horiek bidea ematen dute EIAren definizioaren maximalismoa erlatibizatzeko, EIAren eta lanarekiko bateragarritasunari dagokionez.
  • Jarduerak ez-funtsezkoak eta behin-behinekoak edo noizbehinkakoak izatea bete behar izateari buruzko lege-xedapenik ez egotea.
  • Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 198.2 artikuluak hitzez hitz dioena, ez baitio inolako mugarik jartzen pentsioaren eta jarduera bateragarrien arteko aldiberekotasunari.
  • Erregelamendura igortzea ezintasun iraunkor osoari (EIO) buruzko xedapenaren lehenengo paragrafoan baino ez da egiten.
  • Lanerako eskubidea ezin zaio ukatu ezintasun iraunkor absolutuko edo baliaezintasun handiko (BH) egoeran dagoenari, hala aitortzen baitu Espainiako Konstituzioaren 35. artikuluak, eta hala berresten baitute Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 198.2 artikuluak eta 138.2 artikuluak.
  • Aurkako interpretazio-aukerak EIO aitortutako langileari EIA aitortutakoari baino baldintza hobeak egokitzera eramango luke.
  • Aztertzen ari garen bateraezintasunak nolabaiteko eragin desmotibatzailea izango luke EIA edo BH graduetan dagoenaren gizarteratzean eta laneratzean. Izan ere, nahiz eta lan berriarengatik ordaindutako kotizazioek etorkizuneko prestazioei dagokienez eraginkortasuna izan beharko luketen, lan arruntaren ondoriozko diru-sarrerak jasotzeagatiko pentsioa eteteak neurri batean pizgarri ekonomikoa kenduko lioke seguruenik ahalegin handiz egin beharreko jarduera bati.
  • OMILen 18.4 artikulua, ultra vires hartu behar da bateragarritasun-adierazpenari dagokionez, eta, beraz, ez da aplikagarria.

Argudio horietatik abiatuta, Salak azpimarratzen du bateragarritasun-erregimenaren ondorioetarako baloratu behar dena ez direla errentak (pentsioa eta langilearen ordainsaria), baizik eta ezinduaren lanaren eta haren egoeraren arteko lotura; horrela, 198.2 artikulu horretan debekatzen dena da bateragarriak ez diren jarduerak egitea, osasun egoerarako desegokiak edo kaltegarriak diren aldetik, eta ez onuradunaren pentsioaren ikuspegitik.

Are gehiago, adierazten du artikulu hori ezintasunaren berrikuspenera bideratzen dela; horregatik, berrikuspen-espedienteak arautzen dituen lege beraren 200. artikuluaren arabera interpretatu behar da. Izan ere, 198.2 artikuluaren arabera, «pentsioak ere ez du eragotziko ezgaituak jarduerak egitea, baldin eta gaitasunean aldaketarik ez badakar berrikuspen-ondorioetarako». Beraz, artikulu horrek ez du bateraezintasun-araurik ezartzen; aitzitik, lan bat egiaztatzen du, zeina gauzatzeak erakusten baitu onuraduna ez dagoela ezindua eman zaion ezintasun-mailan.

Hori dela-eta, Salak adierazten du dagokiona ez dela bateraezintasunagatik etetea, baizik eta berrikuspen-espediente bat hastea Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 200.2 artikuluan aurreikusitako baldintzetan. Artikulu horrek ezartzen duenez, «ezgaitasun iraunkorragatiko pentsioduna besteren edo norberaren konturako edozein lan egiten ari bada, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak, ofizioz edo interesdunak berak eskatuta, berrikuspena sustatu ahal izango du, ebazpenean adierazitako epea igaro den edo ez kontuan hartu gabe».

Beraz, GSLOren 198.2 artikuluak EIArentzat baimentzen duen bateraezintasun bakarra eta determinatzailea da bateraezinak diren jarduerei –ezinduaren egoerarako kaltegarriak edo desegokiak diren aldetik– dagokiena, halako moldez non kaltegarriak ez diren jarduerak egiteak ez baitu bateraezintasuna ekarriko, baizik eta berrikuspen bat, hobekuntzagatik edo diagnostiko-akatsagatik.

Salaren ustez, kasu honetan onuradunak ez du bere egoerarako kaltegarria den jarduera desegokirik egin, eta, gainera, GSINk ez du hobekuntzagatik edo diagnostiko-akatsagatik ezintasun-maila berrikusteko espedienterik hasi; ondorioz, errekurtsoa baietsi du.

Azkenik, epaiak adierazten du ondorio berera iristen dela kasuari aplikatu beharreko toki-araubidea arautzen duten xedapenak aztertuta, EIAren pentsiodunak duen kargua dela eta. Hala:

  • 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Administrazio publikoen zerbitzuko langileen bateraezintasunei buruzkoa (I. KAPITULUKO lehenengo artikulua eta III. KAPITULUKO hirugarren artikulua).
  • 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituena (75. artikulua). 
  • 5/1985 Lege Organikoa, ekainaren 19koa, Hauteskundeen araubide orokorrari buruzkoa (III. KAPITULUKO 158. artikulua), eta 2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki-erakundeen antolamenduari, funtzionamenduari eta araubide juridikoari buruzko erregelamendua onartzen duena (6. artikulua).

Araudi horri dagokionez, honako hau adierazten du:

  • 5/1985 Lege Organikoaren 158.2 artikulua eta 1984ko 53. Legearen 1. eta 3.2 artikuluak ez dira kasu honetan aplikagarriak. Izan ere, aipatutako arau horietako lehena diputatuei eta senatariei buruzkoa da, eta bigarrenak sektore publikoan bi lanpostu bateragarri egitea aipatzen du, baina auzi-jartzailea ez zegoen egoera horretan; 3.2 artikuluak, berriz, sektore publikoko lan baten eta erretiro-pentsioa jasotzearen bateraezintasuna ezartzen du, baina erretiro-pentsioa ez dago parekatzerik baliaezintasun-pentsioarekin.
  • Era berean, ezin da 2568/1986 Errege Dekretuaren 13.2 artikulua urratutzat ulertu. Izan ere, arau horrek bi ordainsariren bateraezintasuna aipatzen du, baina baliaezintasun-pentsioa ezin da ordainsaritzat hartu, ordainsari batek lan aktibo bat eskatzen baitu eta horren ordainetan jasotzen baita, demandatzaileak ez bezala.

Hain zuzen ere, toki-araubidearen erregulazio espezifikoaren argitan, Salak uste du auzi-jartzaileak ez duela beste lanposturik betetzen, eta baliaezintasun-pentsioa jasotzeak ez dakarrela zinegotzi gisa dituen betebeharrak kaltetzen dituen lanbiderik edo jarduerarik, ez eta bere inpartzialtasuna arriskuan jar dezakeenik ere. Era berean, zehazten du ez duela ordainsari bat baino gehiago jaso administrazio publikoen aurrekontuen kontura, eta, azkenik, adierazten du ez zaizkiola aplikagarriak hautetsien bateraezintasun-kasuak ere, berariaz diputatuei eta senatariei zuzenduta baitaude, eta berak zinegotzi-kargua betetzen baitu. Ondorioztatzen du legedi honen berezitasuna kontuan hartuta ere ez dagoela bateraezintasunik, eta baietsi egiten du errekurtsoa.

Maria José Marcilla


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua 

Lotutako berriak

Webgune honek cookiak erabiltzen ditu informazioa biltzeko, gure zerbitzuak hobetzeko eta zure arakatze ohiturak aztertzeko.

Nabigatzen jarraitzen baduzu, beraren instalazioa onartzea dakar.

OK