sentencia
Itzuli

Mutualex epaia 2023ko Urria

ERREZIDIBAK KONTINGENTZIA PROFESIONALEN ONDORIOZKO ALDI BATERAKO EZINTASUNEAN ASISTENTZIAZKO LANGABEZIA-SUBSIDIO EZ-KONTRIBUTIBOAREN JASOTZAILEAREN KASUAN. ALTAREKIN PAREKATZEN EZ DEN EGOERA ETA ALDI BATERAKO EZINTASUNA EZIN ESKURATUA.

mazoa

Auzitegi Goreneko Lan Arloko Salaren epaia, 2023ko uztailaren 4koa (3121/2020 doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa)

Termino juridiko-administratiboetan, errezidiba esaten zaio aldez aurretiko mediku-baja bat eragin zuen patologia baten beste agerraldi batek eragiten duen aldi baterako ezintasunaren prozesuari, betiere haren hasiera aldez aurretiko mediku-bajaren alta egunetik 180 egun baino gehiagoko epean gertatu bada. Errezidiba horien berezitasuna da, birgaixotzeen aldean (denbora-tartea ez da 180 egunetik gorakoa), ez zaizkiela gehitzen aurreko bajei, aldi baterako ezintasunaren gehieneko iraupen-epeen kalkuluari dagokionez. Funtsean, mediku-baja berria dela jotzen da, aurrekoarekin loturarik gabea, bi prozesuen diagnostikoak berdinak izan arren.

Auzitegi Goreneko Lan Arloko Salak baloratu du ea langile batek errezidibaren ondorioz aldi baterako ezintasuneko prozesu berri bat has dezakeen asistentziazko langabeziatik (ez-kontributiboa), kontingentzia profesionalen ondoriozko bajen kasuan. Gogoan izan Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 283.1 artikuluan aurreikusten dela kontingentzia profesionalen ondoriozko mediku-baja batek dirauen artean lan-harremana azkentzen bada subsidioa ordaintzen jarraitu behar dela, lan-kontratuak indarrean jarraituko balu jasoko litzatekeen zenbateko berean, harik eta mediku-alta hartu arte; orduan, langabezia-egoerara igaroko litzateke subjektua.

Ez dago zalantzarik langabezia-egoeran har daitekeela berrerortzearen ondoriozko mediku-baja berri bat. Izan ere, kasu horretan, prozesuak metatu egiten direnez, Gizarte Segurantzan altan egotearen oinarrizko betekizuna (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 165. artikulua) jatorrizko mediku-baja hastearen unera eramaten da, eta baja horri erantsiko litzaioke berrerortzea. Aitzitik, errezidiben kasuan, aurrekoari erantsi ezin zaion prozesu berri bat denez, zalantza planteatu da zer dies a quo hartu behar den kontuan sisteman altan izatearen betekizuna baloratzeko: hasierako mediku-bajari dagokiona, lan-harremana artean indarrean zela gertatua; edo errezidibaren ondoriozko bajaren hasiera, langilea asistentziazko langabezia-egoeran (ez-kontributiboa) dagoela gertatua.

Adierazitako epaiak ebatzi du gaia: oinarri gisa hartu da langilea laneko istripu baten ondoriozko bajan zegoela azkendu zela haren lan-kontratua eta subsidioa kobratzen jarraitu zuela bere mutuako mediku alta jaso bitartean (2016ko maiatzaren 25a); data horretatik aurrera, asistentziazko langabezian izatera igaro zen, ez baitzituen betetzen maila kontributibora iristeko eskakizunak.

Jada langabezian zegoela, langileak, 2017ko martxoan, nahi izan zuen lan-istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasuna esleitzea, mediku-baja, data horretan gaixotasun arruntagatik emana, aldez aurretik lan-istripuaren ondorioz izandakoaren errezidiba zelako. Eskaera hori onartuko balitz, lan-istripuaren ondoriozko aurreko bajan jaso zuenaren pareko subsidioa jaso beharko luke, eta, gainera, subsidio hori kobratu bitartean, ez litzateke kontsumituko asistentziazko langabeziaren aldirik —ez da hala gertatzen gaixotasun arruntagatiko baja arrunt batean, subsidioa langabeziaren zenbatekoa adinakoa izaten baita, eta hura jaso bitartean langabeziagatiko aldia kontsumitzen baita—.

Instantziako epaiak onartu egin zuen eskaera, errezidibaren ondoriozko baja berria lan-istripuak eragindakoa dela joz, eta, aurrekoari erantsi ezin zaion arren, kobra daitekeela zioen, baja hasi zen datan subjektua altaren pareko egoeran (asistentziazko langabezia) zegoela jotzen baitu. Epaia berretsi egin zuen geroago Murtziako Justizia Auzitegi Nagusiaren epai batek; kondenatutako mutuak errekurtsoa aurkeztu zuen, eta errekurtso hori ebatzi du komentatzen ari garen epaiak.

Salak, kasua baloratu ostean, adierazi du ezen, aurreko aldi baterako ezintasunaren prozesuaren altatik sei hilabete baino gehiago igaro badira, haren errezidibak babesa berriro eskainiko lukeela baldin eta horretarako eskubidea izateko betekizun guztiak beteko balira bakarrik, barne dela sistemako altaren edo pareko egoeraren betekizuna. Hain zuzen, puntu horretan aztertu du asistentziazko langabezia (ez-kontributiboa) altaren pareko egoera den; hala gertatzen da  langabezia kontributiboaren kasuan, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 166. artikuluan espresuki jasoa dago eta.

Aurreko epai judizialetan ez bezala (langabezia kontributiboa altaren pareko egoeratzat hartzea hedatu zitekeela esaten zuten asistentziazko langabeziara), Salak, errekurtsogilearen posizioa kontuan hartuz, jotzen du asistentziazko langabezia ez dela sisteman altan egotearen parekoa aldi baterako ezintasunaz baliatzearen ondorioetarako, eta ezartzen du Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 166. artikuluan jasotzen den altarekiko parekotasuna prestazio kontributiboaren bidez babestutako langabeziari bakarrik dagokiola. Interpretazio hori berresten du, halaber, legezko arauaren arauzko garapenak (Gizarte Segurantzan enpresak inskribatzeari, eta langileen afiliazioari, altei, bajei eta datu-aldaketei buruzko Erregelamendu Orokorra onesten duen urtarrilaren 26ko 84/1996 Errege Dekretuaren 36.1 artikulua eta 1967ko urriaren 13ko Ministerioaren Aginduaren 4.1 artikulua).

Ondorioz, Salaren ustez, errezidiben kasuan, prestazioa eskuratzeko betekizunak bete behar dira hasiera-datatik, eta langilea data horretan langabezia kontributiborako legez aurreikusitako altari parekatu ezin dakiokeen asistentziazko langabezian zegoenez, ez da betetzen aldi baterako ezintasuna lortzeko eskatzen den sisteman alta emanda egotearen eskakizuna.

Iñaki Esnal Zalakain  


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua   

Lotutako berriak