CONSULTA-JURÍDICA
Itzuli

KONTSULTA JURIDIKOA 2020KO MAIATZA

ERRELEBO-KONTRATUARI LOTUTAKO ERRETIRO PARTZIAL AURRERATUARI BURUZKO KONTSULTAK. MANUFAKTURA-ENPRESAK

Manufaktura-industriaren sektoreko enpresa batek bi galdera egin dizkigu:

– Lehenik eta behin, abenduaren 7ko 20/2018 Errege Lege-dekretua argitaratu ondoren, posible al da errelebo-kontratuari lotutako erretiro partzialak egiten jarraitzea, abuztuaren 1eko 27/2011 Legea indarrean sartu aurretik indarrean zegoen araudiaren arabera, baldin eta (kasu honetan bezala) enpresak ez badu erretiro partzialari buruzko akordio kolektiborik Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalean behar bezala inskribatuta?

– Eta bigarrenik, erantzuna baiezkoa bada, ba al dago kontrataziorako berezitasunik edo 27/2011 Legearen aurreko araudia bete behar al da?

Manufaktura-industriako enpresetan erretiro partzialak egiteko aukerari dagokionez, abenduaren 7ko 20/2018 Errege Lege-dekretuak, industriaren eta merkataritzaren sektorean lehiakortasun ekonomikoa bultzatzeko premiazko neurriak adosten dituenak, 6. atal berri bat gehitzen dio Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bategina onesten duen urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren laugarren xedapen iragankorrari. Honela dio:

“2023ko urtarrilaren 1a baino lehen sortzen diren pentsioei aplikatuko zaie errelebo-kontratuari lotutako erretiro partzialaren arautegia, Gizarte Segurantzako Sistema eguneratzeari, egokitzeari eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legea indarrean jarri aurretik indarrean egon dena, honako baldintza hauek betetzen direla frogatuz gero:

a) Erretiro partziala eskatzen duen langilearen zuzeneko egitekoetan ezinbestekoa izan behar da esfortzu fisiko handia egitea edo arreta handia jartzea fabrikazio, elaborazio edo eraldakuntzako lanetan, bai eta manufaktura-industriako enpresetako makina eta ekipo industrialak muntatzeko, abian jartzeko, mantentzeko eta konpontzeko lan espezializatuetan ere.

b) Erretiro partziala eskatzen duen langileak frogatu behar du enpresan gutxienez sei urtez lan egin duela erretiro partzialaren aurretik. Horretarako, baldin eta enpresa-ondorengotza gertatu bada, Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginak 44. artikuluan xedatzen duen bezala (testu bategin hori urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onesten du), edo langilea talde bereko hainbat enpresatan egon bada, aurreko enpresan frogatutako antzinatasuna zenbatuko da.

c) Erretiro partziala eragiten duena gertatzen denean, lan-kontratu mugagabea duten langileak plantillako langileen guztirako kopuruaren ehuneko 70 baino gehiago izan behar dira.

d) Erretiro partziala hartzen duenaren lanaldiaren murrizketa gutxienez ehuneko 25ekoa izan behar da eta gehienez ehuneko 67koa (edo ehuneko 80koa, erreleboa hartzen duen langileari lanaldi osoko kontratua egiten badiote kontratu mugagabe batekin). Adierazitako ehuneko horiek denbora osoko langile baten lanaldi bati dagozkio.

e) Erreleboa hartzen duen langilearen eta erretiro partziala hartzen duenaren kotizazio–oinarriak bat etorri behar dira; hala, erreleboa hartzen duen langileari dagokiona ezin da izan txikiagoa erretiro partzialeko pentsioa arautzen duen oinarri–aldiaren azken sei hiletako kotizazio–oinarrien batez bestekoaren ehuneko 65 baino.

f) Hogeita hamahiru urteko kotizazio–aldia frogatu behar da erretiro partziala eragiten duena gertatzen den egunean. Horretarako, ez da kontuan edukiko aparteko ordainketei dagokien aldia. Horretarako, ez beste ezertarako, nahitaezko soldadutzan edo ordezko gizarte–zerbitzuan emandako aldia baino ez da zenbatuko, gehienez urtebete. Gutxienez ehuneko 33ko desgaitasun–gradua duten pertsonei hogeita bost urteko kotizazio–aldia eskatuko zaie.”

Mugatu beharreko seigarren atal honetan araututako berezitasunen artean, ez dago jasota enpresak erretiroaren arloko akordio kolektiborik izan behar duenik GSIN-n behar bezala erregistratuta.

Laburbilduz, planteatutako gaiei erantzunez, manufaktura-industriako enpresen kasuan, indarrean jarraitzen du abuztuaren 1eko 27/2011 Legea indarrean jarri aurretik zegoen legediak, eta, horretarako, laugarren xedapen iragankorraren 6. atalean ezarritako baldintzak betetzea eskatzen da, eta ez da beharrezkoa izango enpresak GSIN-n erregistratutako akordio kolektiborik izatea.

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren laugarren xedapen iragankorraren 6. atalean ezarritako betekizunei dagokienez, Gizarte Segurantzaren Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren 2019ko otsailaren 25eko 1/2019 Interpretazio Irizpidean ezarritakoa hartu beharko da kontuan interpretatzeko, honako hau xedatzen baitu:

– Egin daitekeen erretiro partzialeko modalitatea errelebo-kontratu bat aldi berean egin beharra eskatzen duena da, eta ez hura egitea aukerakoa dena.

– Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren laugarren xedapen iragankorraren 6. atalean xedatutakoa manufaktura-industria gisa sailkatutako enpresetako langileei soilik dagokie, eta halakotzat hartuko dira 2009ko EJSNren “manufaktura-industria” C taldeari dagozkion kodeak dituztenak.

– Manuak eskatzen du enpresa horietako langileek ahalegin fisiko handiko edo arreta-maila handiko lanak egin behar dituztela zuzenean, eta honako eginkizun hauek bete behar dituztela:

· Fabrikazioa, elaborazioa edo eraldaketa, nahiz eta zeregin horiek ez aplikatu makineria eta ekipo industrialen gainean.

· Makina eta ekipo industrialak muntatzea, martxan jartzea, mantentzea eta konponketa espezializatuak egitea.

– Langileak erretiro partziala eragin duen gertakariaren aurreko 12 hilabeteetan, gutxienez, lehen aipatutako zereginak egiten dituela egiaztatzeko, eskaerarekin batera enpresaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, laneko arriskuen prebentziorako zerbitzuak bermatua, betetzen duen lanpostua eta horretarako eskatzen diren baldintzak egiaztatzen dituena (eredu ofiziala dago).

– Plantilla osoan kontratazio mugagabearen %70eko ehunekoa zenbatzeko, ez dira zenbatuko erretiro partziala hartzen duten langileen kontratuak. Betekizun hori pentsioa eragin duen gertakariaren unean egiaztatu beharko da, eta ez pentsioaren iraunaldi osoan.

– Erreleboa hartzen duen langilearen eta erretiro partziala hartzen duenaren kotizazio–oinarriak bat etorri behar dira; hala, erreleboa hartzen duen langileari dagokiona ezin da izan erretiro partzialeko pentsioa arautzen duen oinarri–aldiaren azken sei hiletako kotizazio–oinarrien batez bestekoaren ehuneko 65% baino txikiagoa, errelebo-hartzailea lanaldi osorako edo lanaldi partzialerako kontratatu den kontuan hartu gabe.

Cristina Cearra

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

Lotutako berriak

Webgune honek cookiak erabiltzen ditu informazioa biltzeko, gure zerbitzuak hobetzeko eta zure arakatze ohiturak aztertzeko.

Nabigatzen jarraitzen baduzu, beraren instalazioa onartzea dakar.

OK