Osasun-laguntza humanizatzeaz hitz egitea pertsonari erreparatzea da, bere gaixotasunetik harago. Mutualiak ikuspegi hori ildo estrategiko bihurtu du, hurbilekoagoa, efizienteagoa eta paziente nahiz profesionalen premietara bideratuagoa dagoen osasun-arreta batekiko konpromiso.
Cristina Perucho Pont elkarrizketatu dugu, Medikuntza Fisikoko espezialista eta Asistentzia Pertsonalizatzeko Batzordearen (COPA) koordinatzaileari.
1.- Zer esan nahi du zehazki osasun-laguntza “humanizatzeak”?
Osasun-laguntza humanizatzearen xedea da pertsonari osotasunean begiratzea, eta ez soilik patologiari.
“Ulertzea da asistentzia-prozesu bakoitzaren atzean pertsona bat dagoela, beldurrak, zalantzak, itxaropenak eta historia pertsonala dituena; planteamendu hori pazientearentzat nahiz bera artatzen duen profesionalarentzat da baliagarria”.
Erakundean ulertzen dugu humanizazioa arreta-eredu bat dela, bikaintasun klinikoa tratu hurbilarekin, entzutearekin eta errespetuarekin konbinatzen duena, arreta beti pertsonengan jarrita.
2.- Zergatik bihurtu da funtsezko ildo estrategiko Mutualian?
“Gaur-gaurkoz, humanizazioa funtsezko ildo estrategikoa da Mutualian, oso modu naturalean lotzen delako erakunde gisa beti izan garenarekin”.
Mutualia osatzen dugunok hurbiltasuna, profesionaltasuna eta tratuan berotasuna izan ohi ditugu ezaugarri. Hori argi geratu zen guztion artean erabaki genuenean zer baliorekin nahi genuen gu ezagutzea: taldea, hurbiltasuna, profesionaltasuna, efizientzia, gardentasuna, abangoardismoa. Oraingoz COPAn (Asistentzia Pertsonalizatzeko Batzordea) egin dugun lanarekin, ikusi dugu benetan ez dugula egiten ari ginenetik kanpoko ezer sartu behar izan, soilik lan egiteko modua ikuspegi estrategiko komun batekin indartu, ordenatu eta lerrokatu dugu. Hortaz, laguntza humanizatzeak edo pertsonalizatzeak ahalbidetzen digu gure kulturan jada oso presente zegoen lan egiteko modu horri balioa eta koherentzia ematea.
3.- Zeintzuk dira Mutualiaren Osasun Laguntza Pertsonalizatzeko Planaren oinarrizko ardatzak?
Orain arte, Plana bost dimentsioren inguruan egituratu da. Dimentsio bakoitza hiru lurraldeetako diziplina anitzeko talde batek osatzen du. Lehenengoa, pazienteari eta haren ingurukoei arreta eta informazioa ematea da. Bigarrena, koordinazio sanitarioa, soziala eta komunitarioa. Hirugarrenak, berriz, profesionalak humanizazioaren eragile aktibo gisa kokatzen ditu, prestakuntzan, arretan eta garapenean zentratuta. Laugarrenean, prozesuak, baliabideak eta kudeaketa-sistemak daude erdigunean. Eta bosgarrenean, aldiz, instalazioak, espazioek ere komunikatu egiten dutela uste baitugu.
Humans Fundazioak egindako azken auditoriaren ostean, beste dimentsio bat sartu dugu, soluzio teknologiko eta digitalena. Gaur egun, teknologia humanizazioaren, efizientziaren eta asistentzia-kalitatearen palankatzat hartzen da; eta horri esker, prozesuen efizientzia, barne-komunikazioa eta artatuen nahiz profesionalen esperientzia hobetzen da.
4.- Zer ekimen ezarri dira jada pazientearen esperientzia hobetzeko?
Ugari dira, eta askotarikoak. Erakundean onarpen digitala orokortu da, eta elementu horrek erraztu eta arindu egiten du pazienteak gure erakundearekin duen kontaktua, izapideak eta itxaronaldiak murrizten ditu, eta denbora libratzen du profesionalekiko harremana hurbilagoa izan dadin. Ildo beretik ari gara lanean aplikazioarekin eta aplikazioari gehitzen ari gatzaizkion funtzioekin.
Istripuaren aitorpen-orria sinplifikatu da. Harrera- eta informazio-zirkuituak hobetu dira, pazienteak erakundearekin duen harremaneko une garrantzitsutzat jotzen baititugu. Espazio eta ingurune asistentzialak egokitu ditugu, abegikorragoak izan daitezen. Zentroen eta asistentzia-mailen arteko koordinazioa indartzeko lanean ari gara, gure prozesuen kudeaketa efizienteagoa izan dadin. Gogoan izan behar da Loturako Osasun Unitatearen figura (gaztelaniaz, USE); izan ere, dagoeneko ibilbide garrantzitsua du gure erakundean, eta oso garrantzitsua da pertsonan oinarritutako arreta-ereduan.
5.- Zenbaterainoko garrantzia du komunikazioak humanizazio-prozesuan?
Esango nuke funtsezkoa dela. Ondo komunikatzea ez da soilik estilo-kontua.
“Komunikazio on batek pazientearen esperientzia hobetzen du, bai, baina profesionala ere babesten du: gatazkak gutxitzen ditu, higadura emozionalari aurrea hartzen dio eta lotura terapeutikoa sendotzen du”.
Mutualian irmoki egin dugu komunikazio-gaitasunetan trebatzearen alde. Eta diren gisan ulertuta egiten dugu hori: lehen mailako gaitasun klinikoak, ez osagarriak. Arreta segurua, efikaza eta gizatiarra ez da sostengatzen haiek gabe.
6.- Nola inplikatzen dira profesionalak kultura-aldaketa horretan?
COPA proiektuaren hasieratik, diziplina anitzeko batzorde gisa egituratu da, ikuspegi desberdinak izateko eta gogoeta partekatua egin eta arlo guztietan etengabeko hobekuntzaren alde lan egin ahal izateko asmoarekin.
Kultura-aldaketa horren helburu nagusia da guztiok neurri txikiagoan edo handiagoan zipriztintzea.
“Profesionalok ez dugu aldaketaren hartzaile izan behar; aitzitik, aldaketaren protagonista izan behar dugu. Humanizazioaren funtsezko protagonistak pazienteak nahiz profesionalak dira: zaintzen dutenak zaintzea ereduaren oinarrietako bat da, ez osagarri bat”.
7.- Humans Fundazioarekin lankidetza eta akreditazio-prozesua: zein bide egin behar izan duzue?
Humans Fundazioarekin dugun lankidetzak oso gauza baliotsua ekarri digu: kanpokoa eta metodologikoki zorrotza den begirada gure asistentzia-ereduari buruz. Hasiera batean, haiekin egin genuen lana zera izan zen, egiten ari ginenaren barnera begirako ikuspegi bat ezartzea, eta ohartu ginen bagoi asko genituela, baina ibiltzeko bideak falta zitzaizkigula.
“Humans Fundazioarekin egindako lanaren bitartez, lantzen ari ginen asistentzia-eredua zein zen aztertu dugu, laguntza humanizatzera/pertsonalizatzera oso bideratuta zegoena, eta hobetzeko aukerak ikusi ditugu, jarraitu beharreko ildoak finkatuta”.
Ibilbide horri esker, ziurtagiria lortu genuen 2023an, eta berriki, 2026an, ziurtagiria lortu dugu berriro kalifikazio gorenarekin, A+. Ziurtagiria ez da proiektu honen amaiera. Ekintza hori gure erakundearen sistema normalizatuak bilatzeko kulturarekin bat dator. Ziurtagiri bakoitza erronka bat da arreta hobetzen jarraitzeko, pazienteen eta haien ingurukoen beharrizanak eta osasun-arloko profesionalenak neurri berean kontuan hartuta.
8.- Mutualiak pazientearen asebetetasunaren adierazle korporatibo berri bat aurkeztu du. Zer dakar aurrerapauso horrek?
Pauso esanguratsua da. Orain arte kuantifikatzea zailagoa zena era egituratuan neurtzeko aukera ematen digu: pazientearen asistentziaren/esperientziaren pertsonalizazioa.
Ñabardura adierazgarri bat dago: adierazle hori faktore antolatzaile eta profesionalen azterketarekin osatzen dugu. Zergatik? Gure esperientzian pazientearen asebetetasuna eta profesionalaren ongizatea erabat lotuta daudelako. Bata ez da sostengatzen bestea gabe. Neurtzea da, azkenean, kontzienteki hobetzeko lehenengo urratsa, eta, batez, ere denboran jasangarria.
