epaia
Itzuli

MUTUALEX EPAIA 2018KO IRAILA

LARRIKI GAIXO DAGOEN ADIN TXIKIKO BATEN GURASOAK DIBORTZIATURIK BADAUDE, ETA HURA ZAINTZEKO PRESTAZIOA JASO NAHI BADU HAIETAKO BATEK, EDO JASOTZEN JARRAITU NAHI BADU, DERRIGORREAN EGIN BEHAR DUTE LAN BIEK?

epaia

Larriki gaixo dagoen adin txikiko pertsona bat zaintzeko prestazioa jasotzeko, honakoa da baldintzetako bat: bi gurasoek lan egitea; edonola ere, azkenaldian eztabaida ibili da, ea baldintza horretatik salbuetsi behar ote ziren guraso dibortziatuak. Ekainaren 12an, ordea, Auzitegi Gorenak epai bat argitaratu zuen, Doktrina Batzekoa (RCUD 1470/2017), eta, hala, amaitutzat jo da eztabaida.

Zer dela-eta eman duen Auzitegi Gorenak epai hau? Honatx: kasuko adin txikikoaren gurasoak dibortziaturik daude, eta amak dauka adin txikikoaren kustodia. Beste gurasoak baja eman zuen Gizarte Segurantzako erregimen publikoan, eta, orduan, prestazioa ematen duen Mutualitateak erabaki zuen prestazioa etetea amari.

Prestazioa etendako amak egoera salatu zuen. Lan-arloko epaitegi batek aztertu zuen salaketa hura lehen instantzian: atzera bota zuen, eta Mutualitatearen erabakia berretsi. Horren ostean, amak erregutze-errekurtso bat aurkeztu zuen, eta, orduan, Asturiasko Justizia Auzitegi Nagusiak, 2017ko otsailaren 28ko epai baten bitartez, Lan-arloko Epaitegiaren epaia ezeztatu zuen, eta, hala, ebatzi zuen salatzaileak eskubidea zuela aipatutako prestazioa jasotzen jarraitzeko, bere garaian ezarritako baldintzen arabera.

Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak dioenez, bi gurasoek lan egiteko baldintza hori aintzat hartzekoa da soilik familia-unitate berean dauden gurasoen kasuan; aitzitik, banaturik edo dibortziaturik badaude, edo beren ezkontza baliogabetu badute, ezin zaie halakorik eskatu. Halako kasuetan, adin txikikoa zaintzen duenari baino ez zaio aplikatu behar.

Auzitegi Gorena, ordea, ez dator bat irizpide horrekin. Bi premisatatik abiatuta, hauxe azaldu du: batetik, eztabaidagai dago ea adin txikikoaren ama dibortziatuak eskubiderik ote duen diru-laguntza jasotzen jarraitzeko, baldin eta beste gurasoak baja eman badu Gizarte Segurantzan, baina ez da zalantzan jarri ea beste gurasoa aproposa ote den bere guraso-ardurak behar den moduan betetzeko.

Auzitegiak azaldu duenez “… ez da txintik aipatzen beste gai honi buruz, ea lana galdu duen gurasoa gai ote den bere ardurak betetzeko, hots, adin txikikoak behar duen arreta medikoa hornitzeko. Era berean, ez da mahai gainean jarri ea gai ote den bere eginkizunak modu eraginkorrean betetzeko eta ea bermatu dezakeen adin txikikoa egoki zaindu dezakeela, kontuan harturik bizitokia edo beste zenbait baldintza”.

Bestetik, Auzitegi Gorenak eman duen epaian eta analisian, ez dira kontuan hartu guraso bakarreko familiak edo parekoak, non pertsona bakar batek zaindu dezakeen adin txikikoa (izan beste gurasoak ez duelako gaitasunik, hilik dagoelako edo ez dagoelako halakorik).

Interpretazio logikoari dagokion atalean, ebazpenean garatu dituen irizpideez ari dela, Gorenak hauxe ondorioztatu du: “Errekurtsoaren epaiak aurkezturiko tesiari jarraituz gero, egoera absurdu batera iritsi gintezke, hots, adin txikikoaren zaintza eta kustodia ez daukan gurasoak prestazioa jasotzeko eskubidea izan lezakeela, baldin eta bera lanean ari balitz eta beste gurasoa, aldiz, langabezian balego”.

Zentzu logikoan, eta aurreko fundamentuan aipaturiko xedapen guztiekin bat eginez, hauxe pentsatu daiteke: arauaren 4.2 artikuluan “familia-unitate” aipatu arren, ezin da horregatik ondorioztatu dibortzio- edo banaketa-kasuetan ezin zaienik baldintza hori eskatu bi gurasoei; izan ere, horrek kontraesana ekarriko luke babes-egoeraren legezko definizioarekin, zeina berresten baita 1148/2011 Errege Dekretuko 2.1 artikuluan, eta, ondorioz, arauen hierarkiaren printzipioa urratuko litzateke.

Arauaren testuko 4.2 artikuluak “familia-unitatea” aipatzen du, bai, baina, betiere, atal horri berari erreferentzia eginez, hain zuzen ere, ezkontza-krisiei heltzen dien atala baino lehen; beraz, ondorioztatu behar da bi gurasoak familia-unitate bakarreko parte diren kasuetarako pentsatua dagoela araua, baina horrek ez du esan nahi bestela tratatu behar direnik banaturik edo dibortziaturik dauden gurasoak, eta bere garaian familia-unitate bat osatu zutenak edo osatu ahal izan zutenak, eta haien alde egin behar denik eztabaidagai dugun baldintzaren bitartez. Izan ere, hala eginez gero, elkarrekin bizitzen jarraitu dutenei ez bezalako tratua emango litzaieke, inongo justifikazio objektiborik gabe”.

Laburbilduz, hauxe ebatzi du Auzitegi Gorenak: dibortziaturik edo banandurik badaude ere, bi gurasoek egin behar dute lan, derrigorrean, baldin eta minbizia daukan edo larriki gaixo dagoen adin txikiko bat zaintzeko prestazioa jaso nahi badute. Beraz, Asturiasko Justizia Auzitegi Nagusiaren errekurtso-epaia indargabetu du, eta instantziako epaia berretsi.

Epaia PDF formatuan

SUSANA CASTAÑOS
Mutualiako Aholkularitza Juridikoa
Iraila 2018

Lotutako berriak

Webgune honek cookiak erabiltzen ditu informazioa biltzeko, gure zerbitzuak hobetzeko eta zure arakatze ohiturak aztertzeko.

Nabigatzen jarraitzen baduzu, beraren instalazioa onartzea dakar.

OK