Sentencia
Itzuli

MUTUALEX EPAIA 2020KO EKAINA

Tarifa laua, baita sozietate-autonomoentzat ere?

Auzitegi Gorenaren 2019ko abenduaren 3ko Administrazioarekiko Auzien Salaren 5252/2017 kasazio-errekurtsoan ebatzitako arazoa honakoari buruzkoa da: ea kotizazio-kuotaren murrizketa, tarifa laua, Lan Autonomoaren Estatutuari buruzko uztailaren 11ko 20/2007 Legearen 31. artikuluak ezartzen duena, 31. artikulu horren 3. paragrafoan adierazitako forma juridikoetako bazkideei soilik aplikatzen zaien, hau da, LAABn sartuta dauden lan elkartuko kooperatibetako bazkideei, edo aginduaren paragrafo horretan aipatzen ez diren beste kolektibo batzuei aplika dakiekeen, bereziki, erregimen bereziko eremu subjektiboan sartutako kapital-sozietateen bazkide administratzaileari.

Auzitegi Gorenaren epaia oinarritu duen egitatean 25 urteko langile bat daukagu, aurretik lanik egin ez zuena, pertsona bakarreko erantzukizun mugatuko sozietate baten administratzaile bakarra, bere kargura langilerik ez duena, eta 2016ko abuztuaren 1ean LAABn alta eskatu zuena, 893,10 euroko kotizazio-oinarriarekin, hau da, gutxieneko oinarriarekin. Gizarte Segurantzaren Txurdinagako 48 03 zenbakiko administrazioak 2016ko abuztuaren 1eko ebazpen bidez izapidetu zuen alta, uztailaren 11ko 20/2007 Legearen 31. artikuluan aurreikusitako murrizketa eta hobaria eman gabe; 50 euroko tarifa laua lehen sei hilabeteetan eta artikulu horretan jasotakoa ondoren, eta 2016rako Erregimen Orokorreko 1. taldeko langileei dagokien gutxieneko kotizazio-oinarri bera esleituz, 1.076,40 € alegia.

Langileak ebazpen hori aurkaratu, eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak errekurtsoa ezetsi zuen; alabaina, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2017ko ekainaren 28an baietsi egin zituen langileak abiarazitako prozeduran barne hartzen diren eskaera biak, bai tarifa laua aplikatzeari buruzkoa, bai gutxieneko kotizazio-oinarriari buruzkoa.

Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia errekurritu ondoren, Auzitegi Gorenak, 2019ko abenduaren 3ko epaian, Euskal Autonomia Erkidegoko Salaren epaia berretsi zuen, oso-osorik, eztabaida tarifa lauaren aplikazioan oinarrituz esklusiboki, erakunde kudeatzaileak ez baitu ezer adierazten gutxieneko kotizazio-zenbatekoari buruz.

Erakunde kudeatzailearen errekurtsoan jasotzen diren argudioak 20/2007 Legearen 31.3 artikuluan oinarrituta daude; hori horrela, aginduan aurreikusitako murrizketen oinarrian dagoen helburua erdiesteko, kultura ekintzailea sustatu eta autoenplegua bultzatzen da, jarduera hasterakoan Gizarte Segurantzako kostuak murriztuz, eta kapital-sozietateetara hedatzearen ondorioz kostuok saihestuz, erantzukizun mugatua, kasurako.

Auzitegi Gorena ez dator bat argudio horiekin, eta uste du arauak ezarritako helburuak, kasu honetan, bete egiten direla, hau da, aldez aurretik lan-jarduerarik izan ez duen gaztea, jarduera ekonomiko bati ekiten diona eta, pertsonalki egin beharrean, juridikoki sozietate eran jardutea aukeratzen duena, onura ekonomikoak direla-eta.

Auzitegi Gorenaren iritziz, LAELen 31.3 artikuluaren analisiak ez du ahalbidetzen erakunde kudeatzaileak egindako interpretazioa; izan ere, lan-sozietateetako bazkideak eta kooperatiba-sozietateetako bazkide langileak tarifa lauaren onuradunen artean berariaz aipatzeak ez du zertan

bazterreko kapital-sozietateren bateko bazkide den langile autonomo oro baztertu behar, baldintza horren berariazko inguruabarrak alde batera utzita. Auzitegi Gorenaren arabera, kontuan hartu behar da LAELen 1.2 artikuluaren c) idatz-zatian xedatutakoa. Artikulu horrek eremu subjektiboaren baitan sartzen ditu merkataritza-sozietate kapitalistentzako zerbitzuak ematen dituzten kontseilari edo administratzaileak, modu pertsonalean eta zuzenean irabazi-asmorik gabe, sozietatearen kontrol efektiboa, zuzenekoa edo zeharkakoa dutenean.

Hori guztia kontuan hartuta, Auzitegi Gorenak, planteatutako eztabaida ebatzita, GSDNren errekurtsoa ezetsi du, eta adierazi du horrek ez duela eragozten 20/2007 Legearen 31. artikuluaren hirugarren zenbakian aurreikusitako onurak aitortzea erantzukizun mugatuko pertsona bakarreko sozietate bateko bazkide administratzaile bakarra denari, LAABn lehen aldiz alta eman zaionari, planteatutako kasuaren inguruabarretan.

Raquel Martinez

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

Lotutako berriak

Webgune honek cookiak erabiltzen ditu informazioa biltzeko, gure zerbitzuak hobetzeko eta zure arakatze ohiturak aztertzeko.

Nabigatzen jarraitzen baduzu, beraren instalazioa onartzea dakar.

OK