Sentencia
Itzuli

MUTUALEX EPAIA 2021EKO ABENDUA

epai

BAJA, LAN-KONTRATUA IRAUNGITA ZUEN BESTE BAT AMAITU ONDOREN. PRESTAZIOA BIDEZKOA AL DA BAJA BERRIAN?

Auzitegi Goreneko Gizarte-arloko Salaren epaia, 2021eko azaroaren 17koa

Aipatutako epaiaren abiaburua honako egitate-kasu hau da: langile batek baja medikoa hartu du kontingentzia arruntengatik, lan-istripuaren ondoriozko prozesu batean alta medikoa eman eta berehala. Kontingentzia profesionalagatiko bajan zegoela lan-harremana amaitu zitzaion, eta subsidioa zuzenean ordaindu zioten alta medikoa jaso arte. Langileak nahi zuen bigarren baja medikoa lan-istripuagatik izatea, baina asmo hori baztertu egin zen, beste diagnostiko bat izan zelako. Ebatzi beharreko kontua zen ea langileak aldi baterako ezintasunagatiko subsidioa irabaz zezakeen bigarren bajagatik, edo, lan-harremana aurreko bajan amaitu zenez, ea ez al zen haren hasieran oinarrizko baldintza betetzen, hau da, Gizarte Segurantzaren sisteman alta emanda edo altarekin parekatuta egotea (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 165. eta 166. artikuluak).

Prestazioa hasiera batean ukatu ondoren, langileak demanda aurkeztu zuen, eta subsidiorako eskubidea aitortzeko eskatu. Gero, eskaera hori aitortu zitzaion auzialdiko epaitegiaren epai bidez, eta erakunde kudeatzaileek erabaki horren aurka egin zuten, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusian erregutze-errekurtsoa jarriz. Auzitegiak errekurtsoa atzera bota zuen, subsidioa kobratzeko eskubidea berretsiz, eta erabaki hori Auzitegi Gorenaren esku jarri zen, erakunde kudeatzaileek errekurtso-bideari eutsi ziotelako.

Azkenik, aipatutako epaiaren bidez, Auzitegi Gorenak erakunde kudeatzaileen postulatuak hartu zituen, aurreko epaiak indarrik gabe utzi zituen, eta adierazi zuen kasu honetan ez dagoela prestazioa jasotzeko oinarrizko betekizuna, alegia, babestutako egoera eragin duen gertaeraren egunean Gizarte Segurantzako sisteman alta emanda edo altarekin parekatuta egotearena.

Auzitegiak egiaztatu duenez, elementu erabakigarriak dira, alde batetik, lehenengo ezintasun-prozesuan kontratua azkentzea, eta, horren ondorioz, altarik edo antzeko egoerarik ez duen egoera; eta, bestetik, bi prozesu ezgaitzaileen arteko deskonexioa; izan ere, lehena kontingentzia profesional baten ondorioa da, eta bigarrena, berriz, kontingentzia komun batena. Hori abiapuntutzat hartuta, uste du kasu honetan ez dagoela arauzko babesgabetasunik altaren betekizunaren interpretazio malgua aplikatu ahal izateko. Auzitegiak ez du inolako lege-hutsunerik ikusten Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 238.1 artikuluaren interpretazioari dagokionez, kontrakoa baizik; arau horrek lan-harremana azkentzeko kasuak arautzen ditu, kontingentzia profesional eta arruntengatiko aldi baterako ezintasun-egoeretan.

Arau horrek arautzen ditu, kontingentzien arabera, lan-azkentzeak prestazioaren zenbatekoari eta langabezia-subsidioaren kontsumoari dagokienez izango dituen ondorioak; eta haren edukitik ez da lege-hutsunerik ondorioztatzen prestazioa eskuratzeko oinarrizko araua aplikatzea eragozteko, hau da, irabazi nahi den prestazio-erregimenean sartzeko baldintza komuna, alegia, gertaera eragilea gertatzen den unean sisteman altan edo antzeko egoeran egotea; kasu honetan ez da gertatzen, lan-harremana amaitu delako lan-kontingentziagatiko hasierako bajan.

Iñaki Esnal


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua 

Lotutako berriak

Webgune honek cookiak erabiltzen ditu informazioa biltzeko, gure zerbitzuak hobetzeko eta zure arakatze ohiturak aztertzeko.

Nabigatzen jarraitzen baduzu, beraren instalazioa onartzea dakar.

OK