epaia
Itzuli

MutuaLex- Epaia 2021eko azaroa

Larriki gaixo dagoen alabaren gurasoak dibortziaturik egonik, haren zaintza eta jagoletza esleiturik duen gurasoak jarrai dezake alabaren zaintzagatiko prestazioa jasotzen, beste gurasoaren lan-jarduera etenez gero? 

Auzitegi Gorenaren Lan Arloko Aretoaren 4710/2018 DBKE ebazteko 2021eko uztailaren 20ko epaiari buruzko iruzkina 

Auzi honetan planteatzen dena da ea ama dibortziatuak, gaixotasun larria —garuneko paralisia— duen alabaren zaintza eta jagoletza esleiturik edukita, jarrai dezakeen alaba zaintzeko prestazioa jasotzen, beste gurasoaren lan-jarduera etenez gero. 

Eztabaidagai da, beraz, adingabearen aitak lana galtzeak zer neurritan eragiten dion prestazio hori jasotzeko eskubidearen sortzapenari, kontuan hartuta dibortzioaren ondoren amak soilik duela jagoletza esleituta. 

Auzitegi Goreneko Lan Arloko Aretoak baietsi egin du kasazioko errekurtsoa, oinarrizko betekizunaren izaera aitortzen baitio bi gurasoek lan egiteari, baita ezkontza-krisia dagoenean ere. Epaiak boto partikular bat du, zeinaren arabera ez baitzatekeen baietsi behar kasazioko errekurtsoa, ez dagoelako aparteko errekurtso hori ezartzeko bidea eman lezakeen kontraesanik errekurtsogileak aipatutako epaien, Auzitegi Gorenak 2018.06.12an emandakoaren eta aipatutako egoeraren artean. 

Egitate frogatu hauek ageri dira epaian: 

Auzi-jartzailea 2004an ezkondu zen. Handik urtebetera, alaba bat jaio zen, garuneko paralisiarekin. 2008an, senar-emazteak dibortziatu egin ziren, elkarrekin adostuta, eta, dibortzioko epaian, amari esleitu zitzaion alabaren zaintza eta jagoletza. 2013an, gaixotasun larria duten adingabeak zaintzeko prestazioa aitortu zitzaion amari. 2017an, Asepeyo mutualitateak auzi-jartzaileari jakinarazi zion prestazioa iraungi zitzaiola, beste gurasoak lan-jarduera eten zuela egiaztatu zelarik. 

Interesdunak erreklamazioa jarri zuen mutualitatearen erabakiari buruz, baina ez zioten onartu, eta Madrilgo Lan Arloko 33. Epaitegiak onetsi egin zuen auzi-jartzailearen demanda, 2018.01.16ko epaiaren bidez; hain zuzen ere, prestazioa ordaintzen jarraitzeko zigorra ezarri zion Gizarte Segurantzarekin lankidetza duen mutualitateari. Epai horren kontra, erregutze-errekurtsoa aurkeztu zuen Asepeyok, eta Madrilgo Justizia Auzitegi Goreneko Lan Arloko Aretoak epaia eman zuen 2018.09.24an, erregutze-errekurtso hori ezetsiz. Epai horri doktrina bateratzeko kasazioko errekurtsoa ezarri zion mutualitatek. 

Epaian, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 190. eta hurrengo artikuluen edukia aztertzen da, baita prestazioa garatzeko uztailaren 29ko 1148/2011 Errege Dekretuak ezarritakoa ere. 

190. artikuluan eta 1415/2004 Errege Dekretuaren 2.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, auzitegi nagusiak betekizun oinarrizko eta ezinbestekotzat jotzen du bi gurasoek lan egitea, eta, hala, babes ekintza ez da gauzatzen baldintza hori hautsiz gero, jatorriz nahiz gerora. 

Auzitegi Gorenaren ustez, aipatutako manuek eta horien xedeak ez dute tarterik uzten ulertzeko banantzea edo dibortzioa den kasuan gurasoetako batek bakarrik lan egiteko aukera dagoela zaintza jasotzeko eskubidea izateko; interpretazio horrekin, gainditu egingo litzateke babestutako egoeraren kontzeptua bera, bai eta hark erantzuten dion helburua ere. 

Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak, bere epaian, prestazioa aitortzeko abiapuntutzat hartu zuen dibortzioa gertatzen den unean familia unitatea hausten dela eta, zaintza eta jagoletza esklusiboki amari esleitu zaizkionez, ama dela egunero adingabeari arreta emateaz arduratzen dena, aitak lan-jarduerarik izan nahiz ez izan. Beraz, ulertzen zuen erreklamatutako sorospena jartzeko baldintzak betetzen zirela, eta Auzitegi Gorena ez dator iritzi horrekin bat, haren aburuz, aplikagarri diren manuek ez dutelako aukerarik ematen ulertzeko banaketa edo dibortzioa gertatzen den kasuan zabalik gelditzen dela gurasoetako batek bakarrik lan egiteko aukera; alegia, bi gurasoek lan egiteko betebeharra betetzea ezinbestekoa da Auzitegi Gorenarentzat, eta halaxe ondorioztatzen da Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 190. artikuluaren azterketatik, baita uztailaren 21eko 1148/2011 Errege Dekretuaren erregelamenduzko arauan ezarritakoaren azterketatik ere, zeinak jasotzen baititu, 4.4 artikuluan, ezkontzako krisi-egoerei buruzko erreferentziak.

Alde batetik, irizten dio aretoak adingabearen interes gorena hobeto uztartzen dela haren zaintza jagoletza esleituta ez duen gurasoari esleitzearekin, baldin eta guraso horrek lanik egiten ez badu edo lan egiteari uzten badio, egoera egokiagoan legokeelako adingabeari behar duen arreta guztia emateko, zaintza jarduera hori bateratu behar izanik gabe lan-jarduerarekin; eta bestetik, gizarte-errealitatearen irizpidea aplikatzen du, eta lehenesten du zaintza lanen ardura partekatua, nabarmenduz joera gero eta hedatuagoa dagoela seme-alaben zaintza bi gurasoek modu eraginkorrean partekatzeko joera, bereziki gaixotasun larri bat dutenean eta nahiz eta beren arteko bizikidetza etetea erabaki. 

Raquel Martinez 


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua 

Lotutako berriak

Webgune honek cookiak erabiltzen ditu informazioa biltzeko, gure zerbitzuak hobetzeko eta zure arakatze ohiturak aztertzeko.

Nabigatzen jarraitzen baduzu, beraren instalazioa onartzea dakar.

OK