vialjunio26
Itzuli

Autoen, motorren, bizikleten eta patineteen arteko bizikidetza: bide-segurtasunaren oraingo erronka. 

Hiri-mugikortasuna eraldaketa sakona izaten ari da. Kaleetan, gaur egun, autoak, motozikletak, bizikletak eta mugikortasun pertsonalerako ibilgailuak —hala nola patinete elektrikoak— elkarrekin dabiltza. Errealitate berriak behartzen gaitu bide-segurtasuna birplanteatzera; hain zuzen ere, ikuspegi pedagogikoago, jasangarriago eta desplazamendu-ohitura berriei egokituago batetik. 

Erronka nagusietako bat da oso bestelako abiadurak, neurriak eta babes-mailak dituzten erabiltzaileen arteko bizikidetza. Auto baten gidariak segurtasun-karrozeria dauka; txirrindulariak eta patinete-erabiltzaileak, berriz, bereziki zaurgarriak dira inpaktuen edo maniobra okerren aurrean. 

Halaber, bizikleten eta patineteen erabilera handiagoak zaintza- eta kontzientziazio-kanpainak indartzea ekarri du. Bilboko hirian, besteak beste, Udaltzaingoak berariazko kanpainak egiten ditu bizikleten eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen zirkulazioa kontrolatzeko, batez ere harrapaketak prebenitzeko eta oinezkoekiko bizikidetza hobetzeko.  

Arriskuaren pertzepzioa da beste alderdi kezkagarri bat. Erabiltzaile askok ez dituzte oinarrizko zirkulazio-arauak oraindik ezagutzen edo jokabide arriskutsuak minimizatzen dituzte (adibidez, mugikorra erabiltzea, espaloietan ibiltzea, aurrerapen okerrak eta alkohola nahiz drogak kontsumitzea). Gasteizen, Udalak gazteentzako kanpainak bultzatu ditu bizikletak eta patineteak substantzien eraginpean gidatzearen arriskuez ohartarazteko, eta gogorarazi du erabaki inpultsibo batek ondorio itzulezinak izan litzakeela.  

Eusko Jaurlaritzaren zirkulazioko istripuei buruzko estatistika-sailak emandako azken urteko datuetan oinarrituta, ikusten dugu Araban (Gasteiz) patineteetan izandako istripuek hazkunde argia eta kezkagarria izan dutela; hala bada, 167 zauritu izan dira (2024an baino % 12,8 gehiago), eta haietatik 18 larriak izan dira (% 200 gehiago). Bizikleten istripu kopurua egonkorragoa da, baina hazkunde orokorraren ildotik.  

Gipuzkoan (Donostia) ere ikusten da patineteen istripuen hazkundea. Donostian 40 istripu izan ziren 2024an, eta 19 2025eko lehen hilabeteetan (9 zauritu). Kasu larriak izan dira, baita hildakoren bat ere. Bizikletetan, ordea, istripu-tasa apala-moderatua dago. 

Bizkaian (Bilbo eta inguruan) ere badago patinetetan izandako istripuen goranzko joera (harrapatze eta herritarren kexa gehiago). Bilbon, 2025ean, nabarmentzekoa da gehiago direla patineteei jarritako isunak, lehen aldiz, bizikletei jarritakoak baino, eta zenbait harrapatze ere izan direla. Bizikletetan ere badago hazkundea erabilera handitzearen ondorioz. 

Laburbilduz, mugitzeko era berri horien istripuak asko handitu dira, batez ere hiriburuetan. 

Bizikidetza hobetuko bada zenbait mailatan jardun beharra dago. Lehenik, funtsezkoa da bide-heziketa adin goiztiarretatik bultzatzea, eta begirunea, enpatia eta aurrerapena sustatzea. Bide-segurtasunean ez du eraginik bakarrik arauak ezagutzeak, erabiltzaile guztiek eremu bera partekatzen dutela ulertzeak ere badu eraginik. 

Bigarrenik, hiri-azpiegiturak egokitzen jarraitu behar da. Bidegorri seguruak, bizitegi-zonak, 30 guneak eta ongi seinaleztatutako eremuak sortzeak gatazkak gutxitzen laguntzen du, bai eta hiriko joan-etorrien segurtasuna hobetzen ere. Hainbat azterlanek nabarmentzen dutenez, hiri-inguruneetan trafikoa baketzeak eta abiadura gutxitzeak istripuen larritasuna nabarmen murrizten dute.  

Azkenik, etengabeko prestakuntza eta sentsibilizazio-kanpainak funtsezkoak izango dira oraindik mugikortasunaren erronka berriei aurre egiteko. Autoen, motorren, bizikleten eta patineteen arteko bizikidetza ez da hiri-espazioa eskuratzeko borrokatzat hartu behar, baizik eta hezkuntzan, begirunean eta prebentzioan onartutako erantzukizun partekatutzat. 

 

Informazio-iturriak 

Lotutako berriak