ictus 2026
Itzuli

Iktusaren Munduko Eguna: prebentzioaren garrantzia 

 Urtero urriaren 29a Iktusaren Munduko Eguna da, gizartea heriotza- eta desgaitasun-kausa nagusietako bati buruz sentsibilizatzeko. 

Freno al Ictus Fundazioaren datuen arabera, Espainian urtean 120.000 kasu inguru diagnostikatzen dira, eta emakumeen heriotza-kausa nagusia da, biztanleria orokorrean bigarrena, eta pertsona helduengan eragindako desgaitasunaren kausa nagusia. Lau pertsonatik batek iktusa izango du bizitzan zehar, eta aurreikusten denez, hurrengo urteetan kasu-kopuruak handitzen jarraituko du.  

Hala ere, kalkulatzen da iktus-kasuen % 90era arte prebeni daitezkeela bizi-ohitura osasungarriak hartuz. 

 

Ohitura osasungarriak 

Osasun kardiobaskularra eta garunekoa estu erlazionatuta daude. Elikadura orekatua izatea, tabakoaren eta alkoholaren kontsumoa saihestea, tentsio arteriala kontrolatzea, behar bezala atseden hartzea eta estresa kudeatzea, jarduera fisikoa egitea eta sedentarismoari aurre egitea dira iktusa izateko arriskua murrizteko funtsezko neurriak. 

 

Kontuz “sedentarismo aktiboarekin” 

Pertsona askok noizbehinka egiten dute jarduera fisikoa, baina lanaldiaren zatirik handiena eserita ematen dute. Hori da “sedentario aktibo” gisa ezagutzen dena: kirola egiten duten baina ordu luzez geldirik egoten diren pertsonak, batez ere lan-ingurunean. 

Ebidentzia zientifikoak erakusten du sedentarismo luzeak ondorio negatiboak dituela osasun kardiobaskularrean eta metabolikoan, eta lan-orduetatik kanpo egindako ariketarekin lortutako onuren zati bat murrizten duela. 

Horregatik, erregulartasunez mugitzeaz gain, garrantzitsua da eserialdi luzeak etetea, zutitzea, minutu batzuetan ibiltzea eta egunean zehar ariketa gehiago bultzatzea. 

 

Sintomak 

Prebentzioa bezain garrantzitsua da iktusaren sintomak identifikatzen jakitea. 

Bat-bateko sintomak:  

  • Aurpegiko paralisia 
  • Indar-galera gorputz-adarren batean (hanka, besoa edo biak) 
  • Arazoak adierazpenean 
  • Bat-bateko buruko min indartsua 
  • Ikusmenaren bat-bateko alterazioa 

 

Seinale horietakoren bat agertuz gero, denbora funtsezkoa da. Funtsezkoa da berehala 112ra deitzea. Ez dago sintomak desagertu arte itxaron beharrik, ezta ospitalera norberaren bitartekoak erabiliz joan beharrik ere. 

 

MutualiaOn!: gaur gure burua zaindu, bihar prebenitzeko 

MutualiaOn! ereduaren bidez, bizi-kalitatea hobetzen eta saihestu daitezkeen gaixotasunak prebenitzen laguntzen duten bizi-ohitura osasungarriak sustatzen ditugu. 

Iktusaren Munduko Egun honetan, gogoratu gaixotasun honen aurkako tresnarik onena prebentzioa dela.  

Zure enpresak gure eredua ezartzeko interesa badu, jarri harremanetan Mutualiaren Prebentzio Aholkularitzarekin prevencion@mutualia.eus helbidean. 

Lotutako berriak