Hainbat hamarkadatan, ergonimiara bideratutako irudi baten alde egin da osasunaren eta prebentzioaren arlotik: pertsona bat eserita, bizkarra zuzen, aldakak eta belaunak 90 gradutara eta pantaila begien altuera zehatzaren parean. Geometria perfektu hori mantenduz gero bizkarreko mina desagertu egingo zela uste izan da.
Hala ere, errealitate klinikoak eta estatistikek bestelako datuak erakusten dituzte: altzari egokiak edukitzea funtsezko behar bat den arren, ez dirudi nahikoa denik. Aulkiak gero eta ergonomikoagoak diren arren, gerrialdeko eta zerbikaletako mina gure bulegoetan dago oraindik.
Gainera, adostasun zientifikorik eza kezkagarria da: ikerketak ere ez datoz bat zertan datzan “jarrera behartua”. Ikerketa batzuek arriskuaren hasiera flexio-gradutan kokatzen, baina beste batzuek, berriz, ez dute garrantzitsutzat jotzen 60 gradutik gorakoa izan arte. Fisioterapiako profesionalen artean ere ez da akordiorik lortzen, hainbat irudiren artean okerrekoa zein izango litzatekeen identifikatzean. Zientziak berak ez badu lortzen “gaizki eserita” egotearen definizio unibertsala adostea, nola zehaztu zer den “ondo eserita” egotea?
Badirudi akatsa giza gorputza egitura arkitektoniko estatiko bat balitz bezala tratatzea izan dela, egiaz mugimendurako diseinatutako organismo biologiko bat baita.
90 graduen mitoa
Ikuspegi fisiologikotik, jasanezina da 8 orduz mantendu daitekeen eta mantendu behar den “jarrera ideal” bat dagoela pentsatzea.
Egungo ebidentzia zientifikoak erakusten du ez dagoela korrelazio sendorik jarrera estatikoaren eta minaren artean. Zenbait kasutan, ikus daitezke “jarrera desegokia” izan arren (adibidez, okertuta egotea edo hankak gurutzatzea) minik ez duten pertsonen kasuak; beste batzuek, aldiz, jarrera eredugarria izan arren, min kronikoa dute. Baliteke mina agertzeko faktore nagusia ez izatea nahitaez “jarrera txarra”, edo, behintzat, ez bakarra. Izan ere, mina beste arrazoi batzuengatik ager daiteke, aldez aurretik jarrera okerrean egon gabe.
Geldialdiaren fisiologia: Zer gertatzen da mugitzen ez zarenean?
Gure ehunek (kasu honetan giharrak eta ornoarteko diskoak dira protagonistak) portaera biskoelastikoa dute. Karga eta deskarga behar dute elikatzeko. Horregatik, bi ezaugarri nagusiri erreparatu behar diegu:
- Gihar-iskemia: Gihar-uzkurdura iraunkorra mantentzen denean (arina bada ere, gu “zuzen” mantentzeko), gihar barneko presioa handitu egiten da, eta odol-fluxua zailtzen du horrek. Horrek oxigeno-ekarpena murrizten du eta metabolito azidoak metatzen ditu. Trapezioetan edo gerrialdean erresumina edo astuntasun sentsazioa izatea da horren emaitza.
- Diskoen hedapen bidezko elikadura: Ornoarteko diskoek ez dute odol-hodi propiorik; hedapen bidez elikatzen dira. Belakien modura funtzionatzen dute: konprimitu eta deskonprimitu egin behar dira, mantenugaiak xurgatzeko eta hondakinak kanporatzeko. Geldirik geratzen bagara (nahiz eta zuzen egon), belakia lehortu egiten da (ez berehala, baina bai urteak ematen baditu geldirik egonda eta gutxi mugitzen saiatzen). Diskoak gehiago sufritzen du mugimendu faltagatik “okertuta egoteagatik” baino.
Fisiologiaren ikuspegitik, zein da jarrerarik onena?
Lan-osasunaren paradigma berriak zurruntasunetik (posizio zuzena bilatu eta bertan izoztuta gelditzea) aldakortasunera (aldatzeko gaitasuna) eraman du arreta.
Bizkarrezurra sendoa eta moldagarria da. Tolestu egin daiteke, zabaldu eta biratu. Izan ere, egin beharra dauka.
Eragozpen garrantzitsuena denbora da.
- Ibiltzea ariketa zoragarria da. Baina 72 orduz jarraian ibiltzea balitz? Hainbeste orduz egitea kaltegarria izan daiteke.
- “Gaizki” esertzea (aulkian botata) ez da kaltegarria, aldi baterako bada. Kaltegarria horrela 4 orduz geratzea da.
- Hankak gurutzatzea ez da bekatu larria, baldin eta gero gurutzatzeari utzi eta pisua alde batetik bestera mugitzen baduzu.
Ebidentzian oinarritutako gomendioa dagoeneko ez da “zuzen eser zaitez”, baizik eta “mugi zaitez”.
Bulegorako aldakortasun estrategiak
Beti da une egokia abian jartzeko eta lan ingurunean mugitzen hasteko, eta, beraz, hemen ideia gutxi batzuk azalduko dira, gaurtik bertatik eguneroko errutinetan mugimendu aldakortasuna sartzeko:
- Mikroaldaketa etengabeak: Txandakatu aulkiaren ertzean eserita egotea (muskulatura aktibatuz) eta aulkiaren bizkarraldearen kontra ezartzea (atseden pasiboa) 15-20 minutuan behin.
- 1×60 araua: 60 minuturo, aldatu erabat zure posizioa minutu batez. Jaiki, besoak luzatu, sentadilla batzuk egin, eskailerak igo. Berrabiarazi zure ehunen estres kontagailua.
- Ergonomia dinamikoa: Aulkiak kulunkatzeko mekanismoa badu, desblokeatu aukera hori. Bizkarraldeak mugimenduari lagun egin diezaiola.
- Deiak zutik egin: Telefonoak jotzen badu, zutik jartzeko seinale automatikoa da. Sedentarismoa hausteko modu erraza da, pentsatu beharrik gabe egiteko modukoa.
Ondorioak
Prebentzioa bizkarra zuzen mantentzera bideratzeak mugimenduarekiko beldurra, giharren zurruntasuna eta minaren pertzepzio handiagoa sor ditzake. Giza gorputzak ez du onartzen gelditasuna, oso “ergonomikoa” izan arren.
Ez bilatu jarrera perfektua Interneten, ez baita existitzen (ez behintzat oraingoz). Jarrerarik onena luzatzen ez dena da. Mugimenduaren aberastasuna bilatzea. Bizkarrezurrak askoz gehiago eskertuko dizu “gaizki eserita” jarrera ordubetean hamar aldiz aldatzea, “ondo eserita” ordubete geldirik ematea baino.

Bibliografia
- Slater, D., Korakakis, V., O’Sullivan, P., Nolan, D., & O’Sullivan, K. (2019). “Sit up straight”: time to re-evaluate. journal of orthopaedic & sports physical therapy, 49(8), 562-564.
- Lederman, E. (2011). The fall of the postural-structural-biomechanical model in manual and physical therapies: exemplified by lower back pain. Journal of bodywork and movement therapies, 15(2), 131-138.
- Roffey, D. M., Wai, E. K., Bishop, P., Kwon, B. K., & Dagenais, S. (2010). Causal assessment of awkward occupational postures and low back pain: results of a systematic review. The Spine Journal, 10(1), 89-99.
- O’Sullivan, K., O’Sullivan, P., O’Sullivan, L., & Dankaerts, W. (2012). What do physiotherapists consider to be the best sitting spinal posture?. Manual therapy, 17(5), 432-437.
