SENTENCIA
Itzuli

MUTUALEX EPAIA 2020KO ABENDUA

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2020/11/11ko epaia: kaleratze kolektibo baten aurrean gauden ala ez erabakitzeko kontuan hartu beharreko osagaia

EUROPAR BATASUNEKO JUSTIZIA AUZITEGIAK, 2020ko azaroaren 11ko epaian, bere iritzia eman du kaleratze kolektiboaren kontzeptuari buruz, hain zuzen ere, kaleratzeen kopurua kalkulatzeko metodoari eta kalkulu hori egiteko kontuan hartu beharreko erreferentzia aldiari buruz, kaleratze kolektibo baten aurrean gauden ala ez erabakitzeko.

Gaiaren xedea da, Bartzelonako Lan-arloko 3. Epaitegiak, EBFTren 267. artikuluaren arabera, planteatutako erabaki prejudizial bat eskatzea. Erabaki hori Kontseiluaren 1998ko uztailaren 20ko 98/59/EE Zuzentarauaren 1. artikuluko 1. paragrafoaren lehen lerroaldearen a) idatz-zatiaren interpretazioari buruzkoa da. Zuzentarau hori kaleratze kolektiboei buruz estatu kideek dituzten legediak hurbiltzeari buruzkoa da, Langileen Estatutuaren 51. artikuluari dagokionez, zeina baitiharduen kaleratze kolektiboak gaiari buruz.

98/59 zuzentarau horren 1. artikuluaren 1. paragrafoak ezartzen duenez, kaleratze kolektibotzat hartuko dira enpresaburu batek langileei ez dagokion arrazoi batengatik edo batzuengatik egindako kaleratzeak, kaleratzeen kopurua, 30 eguneko aldirako, gutxienez 10ekoa denean, 20 eta 100 langile arteko lantokietan, eta gutxienez %10ekoa 100 eta 300 langile bitarteko lantokietan; eta gutxienez 30ekoa, 300 langile baino gehiago dituzten lantokietan. Halaber, 90 eguneko aldirako, kaleratze kopuruak gutxienez 20koa izan behar duela ezartzen du, edozein dela ere enpresak duen langile kopurua. Enpresaburuaren ekimenez egindako kontratu azkentzeak ere kaleratzeekin parekatuko dira, baldin eta kaleratzeak gutxienez 5 badira.

Langileen Estatutuaren 51. artikuluak ezartzen du kaleratze kolektibotzat hartuko dela arrazoi ekonomiko, tekniko, antolamenduzko edo produkziokoetan oinarritutako lan kontratuak azkentzea, baldin eta, 90 eguneko epean, gutxienez 10 langileri eragiten badie 100 langiletik beherako enpresetan, langileen ehuneko 10ari 100 eta 300 langile bitarteko enpresetan, eta gutxienez 30 langileri 300 langiletik gorako enpresetan.

EBJAren epaiak langile baten kasu zehatza baloratzen du: 2018ko maiatzaren 31n kaleratu zuten eta kaleratu eta hurrengo 90 egunetan, 35 pertsona kargutik kendu zituzten, kaleratze kopurua kalkulatzeko konputagarriak, 98/59 Zuzentarauko 1. artikuluko 1. paragrafoko lehen lerroaldeko a) idatz-zatiko ii tartekiaren arabera.

Bartzelonako Lan-arloko 3. Epaitegiak eragindako gaia honakoa da: lan kontratu baten azkentzea kaleratze kolektiboa den ala ez erabakitzeko kontuan hartu beharrekoa 30 edo 90 eguneko erreferentzia epea den. Kontuan hartuta Auzitegi Gorenak adierazi duela xedapen horretan aurreikusitako 90 eguneko epea aurkaratutako kaleratze dataren aurreko aldiari baino ez dagokiola. Eztabaida gaia da 90 eguneko aldia langilea kaleratu aurretik zein ondoren konputatu daitekeen, kaleratze kolektiborik egon den ala ez balioesteko.

Epaitegi bidaltzailearen ustez, Zuzentarauaren 1. artikuluaren 1. paragrafoaren lehen lerroaldeko a) idatz-zatia modu autonomoan interpretatu behar da, eta ez dago xedapen horretan aurreikusitako erreferentzia aldia bere osotasunean hartzearen aurkako ezer, hau da, auziaren xede den kaleratze indibidualaren aurreko edo ondorengo lan kontratuak azkentzearen aurkakorik, eta denbora tarte hori partzialki har daiteke kaleratze horretatik atzera eta aurrera. Izan ere, langileari beste kaleratze indibidual batzuk argudiatzeko aukera emango lioke, berea gertatzen den unean

ezagutu ez dituenak, baina, geroago, bereari gehituta, 98/59 Zuzentarauaren ondorioetarako kaleratze kolektiboa egotea ekarriko luketen lan kontratuen amaitze kopurura iritsiko liratekeenak.

Bartzelonako 3. Epaitegiak 98/59 Zuzentarauko 1. artikuluko 1. paragrafoko lehen lerroaldeko a) idatz-zatiaren hiru interpretazio posible planteatzen ditu. Lehenik, 30 edo 90 eguneko erreferentzia aldia kaleratze indibiduala gertatu zen eguna baino lehen zenbatu behar dela interpretatu behar den baloratzen du. Bigarrenik, 30 edo 90 eguneko erreferentzia aldia kaleratze indibiduala gertatu zen dataren ondoren zenbatu behar dela interpretatu behar den, eta, hirugarrenik, 98/59 Zuzentarauko 1. artikuluko 1. paragrafoko lehen lerroaldeko a) idatz-zatiko erreferentzia aldiek aukera ematen duten epaitzen den kaleratzearen aurreko eta ondorengo 30 edo 90 egunen barruan gertatutako kaleratzeak edo azkentzeak kontuan hartzeko, horien barruan gertatzen delarik kaleratzea.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak bere epaian adierazi duenez, ez lehenengo eta ez bigarren interpretazioak ez datoz bat 98/59 Zuzentarauarekin; izan ere, erreferentziako aldia edo soilik aurkaratutako kaleratze indibidualaren aurreko aldira mugatzeak, edo, era berean, kaleratze horren ondorengo aldira mugatzeak, iruzur eginez gero, kaltetutako langileen eskubideak murriztu ditzake, bi interpretazioek eragotziko bailukete erreferentziazko aldi horretan izandako kaleratzeak zenbatzea.

Hirugarren interpretazioa, hau da, auziaren xede den kaleratzearen ondorengo zein aurreko 30 edo 90 egunak kontuan hartzea, 98/59 Zuzentarauaren xedearekin bat datorrena da, eta haren eragin erabilgarria errespetatzen du.

Hori dela eta, aztertu egin behar da inpugnatutako kaleratze indibiduala hartzen duen aldia, zeinetan gertatu baitiren kaleratze gehien enpresaburuaren aldetik langileek berezkoak ez dituzten arrazoi batengatik edo batzuengatik, 98/59 Zuzentarauko 1. artikuluko 1. paragrafoko lehenengo lerroaldeko a) idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren Epaiak ezartzen duenez, aurkaratutako kaleratze indibidual bat kaleratze kolektibo baten parte den ala ez erabakitzeko, aurreikusitako erreferentzia aldia kaleratzea gertatu ondorengo ondoz ondoko 30 edo 90 eguneko aldi osoa zenbatuz kalkulatuko da, baldin eta aldi horretan enpresaburuak egindako kaleratze gehienak langileek berezkoak ez dituen arrazoi batengatik edo batzuengatik izan badira.

 

David Erauskin Perez. Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

Lotutako berriak

Webgune honek cookiak erabiltzen ditu informazioa biltzeko, gure zerbitzuak hobetzeko eta zure arakatze ohiturak aztertzeko.

Nabigatzen jarraitzen baduzu, beraren instalazioa onartzea dakar.

OK